Auzoko eragileen kexak eragin ditu bihar egingo den Hirian jaialdiak

Auzoko eragileen kexak eragin ditu bihar egingo den Hirian jaialdiak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Zuzeneko 25 emankizun. Musika, eguerdian hasi eta gauerdira arte. Kalean, doan. Bilbo Zaharrean. Bilboko Udalak BBK Live eta Heinekenekin iragarri duen Hirian egitasmoa da. Aurreko astean aurkeztu eta bihar egingo dena. Rockak, popak, umeentzako musikak eta musika elektronikoak hartuko dituzte kaleak. Sorkun, Niña Coyote eta Chico Tornado, Amorante, Triangulo de Amor Bizarro, Omar Souleyman, Novedades Carminha, Bigott. Besteak beste. Hemengo zein kanpoko talde “alternatiboak”. DJak ere bai. Haurrentzat, Ene Kantak eta Petit Pop. Askotariko taldeak, publiko zabalarentzat. Helburua BBK Live hirira eraman eta publikoari “etengabe berritzen ari den eta Bilboko kultura urbanoaren erreferente den auzoaren balioak erakustea” dela adierazi du Bilboko Udalak.

Ekimenak hautsak harrotu ditu, ordea. Auzokideak haserre agertu dira, eta, azken egunetan, askotariko salaketak pilatuz joan dira. Udalak egitasmoaren berri eman eta biharamunean, Last Tour, eros ezazu auzo bat dioen txartela erakusten duen argazki bat zabaldu da sare sozialetan. BBK Live antolatzen duen promotora da Last Tour. Pare bat egunera, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Taldeen Koordinadorak eta Sarean elkarteak oharra kaleratu dute Hirian egitasmoa salatuz, Hiritarrokin goiburupean. Beste pare bat egunera, argazki gehiago zabaldu dira sarean: Aburto, gentrifikatu iezadazu bihotza. Edo Zatozte zuen jantzirik hoberenekin gure auzoa zikintzera. Bilbo Zaharra plazako auzokideek bideo labur bat jarri dute sarean: Bilbo Zaharraren izena erabili den arren Bilbo Zaharraren “bihotzean”, izen bereko plazan zein kalean, ez zela ekitaldirik izango ohartarazteko: “Ghetto nahi gaituzte, eta auzo gara. Larunbatean etorri Bilbiko Plaza Livera. Plazak batzen gaitu”, dio salaketa bideoaren amaieran ikusten den txartelak.

Auzotarrengandik urrun

Herritarrek eta bateko zein besteko eragileek egindako kritikak bat datoz jaialdiak sustatutako jai eredua dela eta herritarrengandik aparte antolatutako ekitaldia dela. Hala nabarmendu dute Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Taldeen Koordinadorak eta Sarean elkarteak kaleratutako Hiritarrokin agirian. “Txanpinoi” baten moduan sartu den “jaialdi handigura” hirian bai, baina hiritarrekin ez dela egingo salatu dute. “Zoritxarrez, ez da lehen aldia erakundeek horrela jokatzen dutena”, adierazi dute. “Hainbestetan egin bezala”, ustez auzoari begirako ekitaldiak “auzotarrak kontuan hartu barik” prestatu dituztela ohartarazi dute. Areago, programa erraldoia antolatuta auzoko eragileek aurrez antolatuak zituzten kultur ekitaldiak zapaldu eta zapuztu egin dituztela.

Antolatzaileek auzoa “agertoki xelebretzat” hartu eta “kulturaren eredu kontsumitzailea” zabaltzen dutela salatu dute. Baita auzoa gentrifikatzen ari direla ere, “horrek dakartzan ondorio latzak kontuan hartu barik”. Horrek bereziki kezkatuak dituela jakinarazi dute, hiria biziberritzeko udalak hartu duen bide bakarra horixe dela iruditzen zaielako.

“Auzoari bizkar emanez egiten dena” ez dutela sekula ontzat emango adierazi, eta ekimenak auzokideekin elkarlanean antolatzeko deia egin diete antolatzaileei. Hala ere, jaialdiari ez diotela boikota egin nahi zehaztu, eta bertan parte hartuta gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Bilbi vs BBK Live izenburupean, beste idazki bat kaleratu dute Bilbo Zaharreko dozena erdi elkartek. Enpresa handiak kultura “kontsumorako lehengai” bihurtu nahian dabiltzala ohartarazi dute; “sormenaren merkantilizazioa” dutela helburu eta auzoa “koartada moduan” baliatu dutela. “Gutxi batzuen patrikak epeldu eta enpresa handien mesedeak bilatzeko” ekimenen barruan kokatu dute biharkoa, eta zuzenean kritikatu du Bilboko Udala: “Alfonbra gorria jartzen die horrelako egitasmoei, eta, bidenabar, zailtasunak ezartzen zaizkie auzo ekimen xumeei”.

“Hirian ekimenak ez ditu bultzatzen gure auzoak sutatu nahi dituen balioak”, dio oharrak: “Gu ohituta gaude elkarlanean eta bizikidetzan oinarritutako ekimenetan ilusioz eta gogoz parte hartzen. Guk auzotik auzorako kulturaren alde egiten dugu, auzokideen protagonismo zuzena bilatu eta auzokoak ez direnak eskuzabal hartzen ditugu”.

Txikien zailtasunak

Hala ere, espazio publikoa erabili ahal izateko baimenak eskuratzeko zailtasunak nagusi izaten dituztela salatu dute. “Guk ez dugu festibal erraldoirik antolatzen, guk ez ditugu komunikabideak eta instituzioak gure alde. Guk, Bilbiko lagun eta elkarteok inurri lana egiten dugu, egunero-egunero, auzotik auzora, norbanakotik kolektibora, plazatik plazara. Horixe da gure xedea eta arnasa, eta pozik gaude garen modukoak izanda”.

Antolatzaileek Hirian jaialdia aurkeztu zutenean ez zuten aurreikusi Bilbo Zaharra plazan agertokia jartzerik, eta bertakoek, bazterkeria salatzeko, beste kontzertu bat egiteko baimena eskatu zuten. Ezetz erantzun zuen udalak. Baimena “denboraz kanpo” eskatuta zegoela. Mariaren Bihotza, Erribera eta Hiru Zutabe plazak, Castillo Jeneralaren kalea eta Erribera kaia jasotzen zituen kontzertuen gunetzat. Azken orduan aldaketak egin dituzte, ordea. Last Tourrek Bizkaiko Hitza-ri baieztatu dionez, Bilbo Zaharreko plazak izango du agertokia: hirugarren gunea izango da.