Legenda handien agertokia

Legenda handien agertokia

Natalia Salazar-Aitziber Laskibar

Izen handiz beteko da Sondika gaur eta bihar. Musikan legenda bihurtuta dauden talde ospetsuz. Kartelburua ikusi besterik ez dago: Van Morrison handia, Gloria, Here Comes the Night, Brown Eyed Girl edo Moondance abesti mitikoen egilea, Sondikan izango da gaur, Keep Me Singing bere azken diskoa aurkezten. Kontzertu “intimoak” agindu dituzte gaurko saioetan antolatzaileek. Izan ere, Morrisonen aurretik, urtetan bere kide izan den Georgie Fame arituko da, eta aurretik Ruper Ordorika, bere gitarra eta ahots sarkorrarekin.

Pluralagoa izango da biharko eskaintza, musika motari dagokionez. Legenda bihurtua den Alpha Blondyk reggae doinuekin jantziko du Music Legends jaialdia, eta Gow’t Mule rock mota desberdinen artean ibiliko da dantzan. New Yorkeko taldea southern rock, blues rock eta hard rockaren banda mitikoenetakotzat jotzen da, eta kontzertu bakoitza errepikaezina egiten duela diote jarraitzaileek. Gainera, taldeko kide Gregg Allman duela gutxi hil dela eta, haren omenezko are kontzertu bereziagoa espero dute antolatzaileek bihar.

Gaitasunak erakutsiz

Izango dira talde gehiago ere; guztira, 11. Munduan ezagunak batzuk, lokalagoak besteak. Baina esanguratsuak, guztiak ere. Motxila 21 taldea da jaialdiari esanahirik handiena emango diona eta nahia ekinez lor daitekeela erakutsiko duena. Gaur arratsaldean festibalari hasiera emango dion taldea Downen sindromea duten hamabi gaztek eta bederatzi boluntariok osatzen dute. Rock taldea da. 2005. urtean sortua. Harrezkero, ehun kontzertutik gora egin dituzte, bai Euskal Herrian eta bai atzerrian. Aipatzekoa da Londresen bost emanaldi eginak direla.

Hainbat sari eta artista ezagunen kolaborazioak bildu dituzte euren ibilbidean: besteak beste, Ara Malikian, El Drogas, Kutxi Romero, Fito Cabrales eta Fermin Muguruzarenak. Zenbait abesti haiek egin dituzte taldearentzat, eta beste hainbat taldekideek beraiek sortuak dira. Aldarrikapen hitzak dituzte nagusi: aniztasunaren, errespetuaren eta berdintasunaren aldekoak, besteak beste.

Motxila 21, live, zuzenean dokumentalaren protagonista ere badira rock taldeko kideak; mundu mailako aitortzak jaso dituzten dokumentaleko protagonista. Besteak beste, Mexikoko eta Kanadako nazioarteko lehiaketetan saritu dute lana.

Eta ez da kasualitatea jaialdiari hasiera emango dion taldea Motxila 21 izatea, jaialdiaren kokalekua Sondikako Ola zentroa izatea kasualitatea ez den bezala. BBK fundazioaren babesarekin,1970. hamarkadan eraikitako gunea da Ola. Sondikan dago, erdigunetik aldenduta, Artxandaren magalean. Basoz inguratuta.

Hala ere, ez du hori bereizgarri nagusi. Naturaz inguratutako eremuan dauden eraikinek gordetzen duten egitekoa da berezi egiten duena: adimen urritasuna dutenei, haien familiei eta sektore horretan lan egiten duten gizarte eragileei aterpe emateko lana du Olak. Batez ere, bestelako gaitasun kognitiboa dutenei lan munduan sartzeko bidea errazteko sortu zen, eta hainbat lanbidetan trebatzen dituzte ikasleak; baita lanpostuak eman ere. Langileek beraiek aitortzen dutenez, euren autonomia eta gaitasunak garatu eta bizimodu normalizatua egiteko bidean berebiziko garrantzia du horrek.

Okupazio tailerrak, lanerako orientazio zerbitzuak, egoitzak, eguneko zentroak eta abar biltzen ditu Ola BBK Zentroak. Horrez gain, Erghobe zentroan, edozein motatako urritasuna duten pertsonen garapen soziolaboralari laguntzeko teknologiei buruzko ikerketak egiten dituzte. Ergonomia, irisgarritasuna, sostengurako produktuak, laneko osasuna eta segurtasuna lantzen dituzte zentro berezitu horretan.

BBK Music Legends Fest jaialdiaren antolatzaileen esanetan, Olan egiten den lan aberasgarriari bultzada eman eta ikusgarritasuna emateko helburuz egiten da jaialdia han.

Sarrerak hiru bidetatik soilik eskuratu daitezkeela azpimarratu dute antolatzaileek, web orri batzuetan sarrera “ez-ofizialak” eskaintzen ari direla ohartarazita. Jaialdiaren web orrian, Kutxabankenean eta banku horren kutxa automatikoetan eskuratu daitezke sarrerak; 90 euroren truke bi egunetakoak, 65 euroan gaurkoak, eta 40 euroan biharkoak.