Hiru dimentsioko dantza garaikidea

Hiru dimentsioko dantza garaikidea

Oihana Cabello

Dantzatzean egiten diren mugimenduek sortuko dituzte irudiak Ziomara Hormaetxek dakarren pieza berrian. Biopiracy du izenburu dantzari gernikarrak dakarren lanak, eta berritzailea da, artistikoki eta teknologikoki. Eredu berritzaileak dakartza oholtza gainera: videomapping 3D-a eta bideo interaktiboa. “Nire mugimenduek 3D efektuak lortzen dituzte, eta, bideo interaktiboari esker, irudia unean bertan sortzen da, mugimenduagaz batera, momentu erreal horretan”, dio gernikarrak. Irudia eta dantza bateratzearena da bere marka pertsonala, aurreko lanetan ere erabili izan duena. Oraingoan, baina, ausartago jokatu du, eta Euskal Herrian eta Espainiako estatuan inoiz uztartu ez diren diziplinak batu ditu.

Teknologiaren aldetik, software esklusiboak eta programa informatiko oso espezifikoak erabiltzen dituzte Biopiracy-n. Eta pieza sortzeko profesional egokiak bilatu behar izan ditu. “Lan berrian erabiltzen ditugun programa konplexu horiek dantzarekin eta mugimenduekin uztartzen jakingo duten profesionalak behar izan ditut”, dio. Aurkitu ditu: Antonio Verak darama alde interaktiboa, eta Paco Gramajek diseinu bisuala eta videomapping-a.

Dantzariek ere badute orain artekoekin desberdintasun bat: “Aurreko lanetarako, dantza garaikidea landu izan duten dantzariak aukeratu izan ditut. Baina proiektu berrirako, breakdance eta kaleko dantzatik datorren jendea hartu dut, ikuspuntu fisikotik beste aukera batzuk ematen dizkidalako alde koreografikoa sortzean”, azaldu du Hormaetxek. Diego Sinniger de Salas eta Aritz Lopez dira lan berri honetan harekin hirukotea osatu dutenak.

Etorkizun utopikoa

Kaleko dantzak eta dantza garaikidea. Bi diziplina horiek batzea erraza izan da Gernika-Lumoko dantzariarentzat: “Gauza espontaneoa izan da, barrutik atera zaidana modu naturalean. Orain arte, batez ere, dantza garaikidea landu izan dut, gorputzak dituen parteak desartikulatuta; beraz, beti pauta hori erabili izan dut”. Hala ere, Biopiracy-n dantzaren alde fisikoa nabarmendu nahi izan du, eta harekin ari diren dantzariek horretarako aukera eman diote. Dantzaren alde akrobatikoa erakutsiko dute, orain artekoa baino ikusgarriagoa dena.

Dantzak, irudiak eta sentsazioak. Hiruko horri musikak ere lagunduko dio Hormaetxeren pieza berrian. Aitor Etxebarria El_Txef_A gernikarrarekin lan egin du oraingoan ere. Pieza sortuz joan den heinean landu dute musika. “Oso ondo ulertzen dugu elkar, eta oso erraza izan da oraingoan ere berarekin lan egitea. Zer transmititu edo esan nahi dudan ulertzen du”, azaldu du dantzariak.

Lan berriarekin etorkizunera begira jarri dela esan du Hormaetxek; publikoa ere etorkizunari begira jarri nahi du: etorkizun utopiko bat transmititu nahi du pieza berriak. Hormaetxek azaldu duenez, gizakiak bere parterik gizatiarrena eta sentimenduak deuseztatuta dituzten mundu batean ikusten ditu obra berrian: “Etorkizun utopiko bat, non sentimenduak edukitzea gaixotasun bat litzatekeen”.

Koreografiak mugimendu robotikoagoak dakartza oraingo honetan, eta dantzarien arteko harremana “hotza” da. “Sentimenduak deuseztatuta ditugu, deshumanizatuta gaude”, dio artistak. Desartikulazioaren mugimenduek ere piezari hoztasun hori ematen laguntzen dute; hori guzti hori “estetikaren aldetik zainduta” dagoela dio Hormaetxek.

Kalerako pieza berezia

Biopiracy pieza “guztiz fina” dela esan du Hormaetxek, eta areto berezietan erakutsiko du, obra ondo antzezteko bitartekoak eskaintzen dituztenetan. Euskal Herritik kanpora badituzte zenbait emanaldi lotuta: Hego Korean izango dira ekainaren 28tik uztailaren 4ra, eta Detroiten (AEB), abuztuaren 17tik 20ra. Bi herrialde horietan, bai aretoan eta bai kalean erakutsiko dute obra.

Izan ere, kalerako pieza ere sortu du Hormaetxek: “Biopiracy sortu genuenean gauza akrobatiko asko atera ziren. Eta pentsatu nuen material interesgarria zela kalera eramateko”. Kalean dantza egitea “zoragarria” dela dio gernikarrak: “Jendearen energia askoz hurbilago sentitzeko aukera ematen dizu, beste era bateko sentsazio eta esperientzia da”.

Udaran antzeztuko dute kaleko pieza hori Gernika-Lumon, eta Arrasaten (Gipuzkoa) udazkenean. Biopiracy obra Bartzelonara (Katalunia) eta Extremadurara (Espainia) ere eramango dute, udara ostean.