Dinamita zartaden oihartzuna

Dinamita zartaden oihartzuna

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hitza emana zuen: “Bizkai osoa txikituko dut”. Ez zuen ikusi nola bete zen agindutakoa, ordea, 1937ko ekainaren 3an hil baitzen Emilio Mola jenerala, hegazkin istripuz. “Hil zuen era berean hil da” esaldia jarri zioten Kataluniako egunkari bateko eskelan. El director (zuzendaria) goitizenez zen ezaguna Mola, eta ezinbesteko zeregina izan zuen 1936ko uztaileko kolpe militarrean. Haren sinadura dute gatazka militarrak Bizkaian utzitako ankerkeria gehienek ere. Iazko azarora arte, ohorezko tokian izan du hilobia Iruñeko Erorien Monumentuko kriptan; hain zuzen, 1936ko hartatik 80 urte bete direnean atera dute handik. Alde bateko tristura eta bestearen poza sortu zuen Zuzendariaren heriotzak, egunkari katalanak azalarazi bezala. “Jeneral traidore eta ‘haurjale’: Gernika, Mungia eta Amorebietaren suntsitzaile; Espainia ‘bakarraren’ eraikitzaile; inbaditzaileen mirabe eta ikasleen metrailatzaile, hil ohi zuen era berean hil da, Madril eta Bilbo hartu gabe. Alemaniako bonbardatzaile batean igo da zerura”. Hamasei egun falta ziren Bizkaiko hiriburua faxisten esku gelditzeko.

Eguna egunkariak ere jaso zuen berria. “Mola il da! Euzkotaŕok ez dogu ezer galdu eriotza onegaz. Negaŕ malkorik ez da ixuriko gure artean. Ez uste biotz ankeŕ eta gogoŕ garianik oŕela agertuaz”. Gerra estrategiaz eztabaidatzera jo omen zuen Molak Gasteiztik Burgosera istripu izan zuen egunean, Air Speed Envoy hegazkinean. Susmoak piztu zituen jeneralaren aire ezbeharrak; izan ere, Francoren irudia indartu egiten zen, altxamendu militarraren antolatzaile nagusietako bat desagertuta. “[Francok] Lasaitu ederra hartu zuen Molaren heriotzarekin”, azaldu zuen Wilhelm Faupel Espainian Alemaniako enbaxadore zenak. Sanjurjoren eta Molaren hegazkin istripuen ondoren, Franco zen hirukotetik agintean geratzen zen bakarra. Gerora, Caudilloak erakutsi zuen aginteari ondo eutsi ziola.

Bilbo helburu

Militar kolpista zendu zen egunean, Lemoatzen zegoen borroka frontea. Bando bateko eta bestekoek, biek zuten argi atzera kontua hasia zegoela eta Bilboren aurkako erasoa berehalakoa izango zela. Usteak berretsi ziren bederatzi egunera, ekainaren 12an arrakalatu baitzuten faxistek Burdin Hesia. Fidel Davila jeneral faxistak zuzendu zuen operazioa, eta agerian utzi zuen haren aurrekoak bezala gupidagabe arituko zela bera ere. Larrabetzu eta Fika arteko Urkulu menditik egin zuten eraso faxistek. 110 hegazkin bidali zituzten goizeko lehen orduetan defentsa lerroaren aurka; horietatik 70 bonbaketariak ziren. Lau orduz bonbardatu zuten Burdin Hesia, harik eta hautsi zuten arte.

Han izan zen Luis Agirre euskal idazlea, eta hala kontatu zuen bizi izandakoa: “Ni neu Gaztelumendiren aurkako operazioan izan nintzen, eta aitortzen dut hitzik gabe geratu nintzela egoera ikustean: bonbek eragindako suak eta keak ezinezko egiten zuten ezer ikusi eta arnasa hartzea; eta, bien bitartean, 100 hegazkinek bonbak jaurtitzen jarraitzen zuten etengabe, txandakatuz. Ezer gutxi zegoen egiteko abiazio masaren aurrean”.

Gertatutakoa ikusi zuen George Steer kazetariak ere: “Etsaiak hilotzez betetako geruza batez estalita aurkitu zuen Gaztelumendi […] kaki koloreko giza formak ikusten ziren lurrera itsatsita”. Gudarientzat, kolpe gogorra izan zen Burdin Hesia haustea, sutsuki sinesten baitzuten askok defentsa lerroa segurua zela. Derio zuriz jantzi zen egun hartan; errendizio keinu gisa, izara zuriak atera baitzituzten leihoetatik herritarrek, Bilboren okupazioa ordu edo egunetako kontua izango zela sinetsita.

Egoera desesperatua zen, eta beharrezkoa zen erabakiak hartzea. “Zer egin Bilborekin?” galderari erantzuteko bilera egin zuten ekainaren 13an Cartlon Hotelean Agirrek eta gobernuko hainbat kontseilarik. Hiriburuko defentsa berregokitzea erabaki zuten bileran. Baina, ordurako, geldiezina zen faxisten aurrerakada: ekainaren 14an hartu zituzten Derio eta Plentzia; 15ean, Algortaraino iritsi ziren, eta hurrengo egunean Basauri, Artxanda eta Malmasin mendietaraino, Bilboko ateraino, alegia. Egun hartan erabaki zuen Jaurlaritzak hiriburua uztea. Turtzioz aldera jo zuten sailburu gehienek Agirrerekin batera, baina Bilbon geratu zen Juan Astigarrabia komunistak, Jesus Leizaola jeltzaleak eta Santiago Aznar sozialistak osatutako ordezkaritza.

Molaren ohiturei jarraikiz, faxistek panfletoak bota zituzten airetik herritarrei abisu emateko. “Burdin Gerrikoa esaten diozuena hautsita dago. Une batetik bestera, Bilbo gure fusilen irismenean egongo da. Alferrikako erresistentzia batek zuen eskualdea suntsituko du”. Hiriburuaren defentsa ez ezik, herritarren ebakuazioa ere egin behar zen. Artxanda eta Pagasarrin ziren faxistak, eta errekaren paretik Zorrotza auzoraino zihoan errepidea baliatu zuten herritarrek Enkarterriraino ihes egiteko.

“Espainiako zati berriro”

Sinbologia berezia du Artxandako batailak: batetik, hiriburua hartu aurreko gudua izan zelako, eta, bestetik, bi bandoen artean borroka latzak izan zirelako. Kasino zaharra hainbat aldiz igaro zen esku batzuetatik bestera ekainaren 17 goizaldera bitarte. Azken defentsa izan zen. Ekainaren 18an, hutsik zegoen hiriburua, eta duela gutxi arte polemika iturri izan diren erabakiak hartu zituzten orduan. Industria astuna ez suntsitzeari buruzko erabakia da ezagunena. Indalecio Prieto Espainiako Errepublikako Defentsa ministro zenak etsaiak erabili zezakeen industria suntsitzeko agindua eman bazuen ere, ahaleginak eragotzi zituen Leizaolak. Bestalde, Leizaolak berak eman zuen Larrinagako kartzelan ziren preso frankistak askatzeko agindua ere, haien kontrako mendekua saihesteko helburuarekin.

Itsasadarreko bi aldeak batzen zituzten zubiak lehertu, eta hirian geratzen ziren indar apurrek alde egin zuten ekainaren 18an. Hurrengo egunean faxisten tankeak sartu zirenean, hutsik ziren Bilboko kaleak. 17:00ak aldera, bandera gorri-horia jarri zuten udaletxean: faxisten esku zegoen hiriburua. Pensamiento Navarro egunkariak hala zioen egun berean: “Justizia gogorra abertzale biziotsuarentzat. Ordain dezala bere bizitza miserablearekin, ondasunekin, betiereko inhabilitazioarekin, gorroto duen Espainiatik kanpoko erbesteratzearekin”.

Ordainarazi zieten. Ondo azaldu zuen Jose Maria Areilza Bilboko lehen alkate frankistak ere Coliseo Albia antzokian, Francoren armada Bilbora sartu eta hiru astera. “Bilbo ez da armaz errenditu, baizik eta armadak eta miliziek konkistatu dute, bizitza asko sakrifikatuz. Bilbo odolez errenditutako hiria da […] Bizkaia Espainiako zati bat da berriro, konkista militar soil eta hutsagatik. Francoren ezpatak erabaki du bizkaitarkeriaren kuria auzia”.