Mugikortasun iraunkorra helburu

Mugikortasun iraunkorra helburu

Natalia Salazar Orbe

Etxebizitza bakoitzeko gehienez auto bat izatea zen duela urte gutxira arte ohikoena. Gaur egun, ia bizilagun bakoitzeko auto bat dago etxe askotan. Eguneroko presak. Motorrak martxan. Kea ingurunean. Kutsadura. Zarata. 300.000 ibilgailu sartzen dira egunean Bilbon. Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak iragarri du oinezkoei motordun ibilgailuen aurretik lehentasuna emango dien hiri bat sustatu nahi duela. Biziz Bizi elkarteak ez dio antzematen horrelako asmorik, eta bizikletak mugikortasunerako elementu gisa bultzatzeko eskaera egin du. Irisgarritasuna bermatzeko mugikortasun eredua aldatu behar dela sinetsita dago Rafa Ajangiz bertako kidea: “Inguruko hiriburuekin alderatuta hogei urteko atzerapena daukagu. Duela hogei urte antzekoa zen bizikleta erabiltzen zutenen kopurua Bilbon, Donostian eta Gasteizen: %1 ingurukoa. Gaur egun %13koa da Gasteizen, eta %10ekoa, Donostian. Bilbon %1ean jarraitzen dugu”. Egoera hori iraultzeko asmoz, proposamen bat aurkeztu diote udalari. Eta haren eredua bera zalantzan jarri dute.

Bilboko Udalak onartuta du bidegorrien plan bat. 2007koa da. 10 urtetan aurreikusitakotik oso gutxi bete duela salatu du, ordea, elkarteak. “Sarea zatika eginda dago. Zati batzuk eginda daude, baina ez dute loturarik elkarren artean. Beraz, ez daukate inongo zentzurik. Leku batera iritsi eta handik jarraitzeko modurik ez dagoela aurkitzen dute bizikletek”.

2007ko plan horren gainean ibilbide batzuk proposatu dizkio elkarteak udalari, eta hirian zehar bizikletaz ibiltzeko mapa bat irudikatu du. Horretarako prozesu parte hartzaile bat gauzatu dute txirrindularien artean. Hainbat ekarpen jaso dituzte: hiriguneko kale batzuetan zirkulazioa motelagoa dela aprobetxatuta, eremu horiek bizikletaz ibiltzeko egokiak izan daitezkeela deritzote. Auzoetarako sarbideak ere aurreikusi dituzte proposamenean. Eremu horietan ibilgailuen abiadurari 30 kilometro orduko muga ezartzea eskatu dute.

Bizikletentzako sare huts bat baino sakonagoa da eskatu dutena. Irizpide batzuk ere planteatu dizkiote hirian bat egiten duten garraio eta pertsonen arteko mugikortasuna antolatzerakoan ezarri beharreko lehentasunak finkatzeko. “Lehenengo oinezkoa dago, gero bizikleta, gero garraio publikoa… Hori ez da guk asmatutakoa. Legeak berak dio”. Bestetik, garraioen arteko harremana zein aire eta zarata kutsaduraren arazoa jarri dituzte mahai gainean. Bederatzi puntuk osatzen dute proposamena. Berritzailea ere ez da, udalak berak 2007an onartutako plana baitu oinarri. “Plan berriak osatu behar dituztela esan digute. Plana onartuta dute, ordea, udalak, aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak. Aurrera bota lezakete, baina ez dute egiten”.

Bidegorriak egiteko orduan udalak inprobisazioa darabilela uste du Ajangizek. “Ekimen pribaturen batek etxebizitzak egin behar dituen lekuan bidegorri bat aurreikusten baldin bazuen planak, egiten dira”. Bizikletei duten garrantzia ez aitortzeko joera hedatu dela dio. “Basauritik Zorrotzara doan N-634 errepidean hiruzpalau errei zeuden, eta bi jarri dituzte. Espaloia zabaldu zuten. Bidegorria aurreikusita zegoen eremu horretarako, baina ez dute egin”. Udalaren eredua jarri dute ezbaian. “Udalak ez du jarraitzen eredu zehatzik; ez dago eredurik. Inertziaz jokatzen du”.

Bizikletaren erabiltzaileen artean eztabaidak sortu dira zirkulatu beharko luketen lekuari dagokionez. Zirkulazioa azkarren dabilen kaleetan bidegorria galtzadan bertan egitearen alde dago elkartea. Betiere, babestuta. Campo Volantinekoa litzateke horren adibide bat. Abiadura motelagoa den kaleetan nahikoa izango litzateke galtzadan bizikletaren ikurra edo marratxo batzuk margotzea; udaletxetik Arriagarako bidean egin dutenaren antzera. Ajangizek argi du: “Bizikleta garraiobide gisa erabili nahi badugu, galtzadetan sartu behar dugu”.

Getxorako bidegorria

Hiri barruko bideez gain aspaldikoak dira herriak elkarren artean bizikletaz lotzeko eskariak. Bilbo eta Getxo arteko bidegorriak argia ikustea posible egingo lukeen iragarpen bat egin zuen Bilboko Portuko Agintaritzak duela bi aste. BI-711 errepidean Getxo, Leioa, Erandio eta Bilbo zeharkatuko dituen bidegorria egiteko lau proposamen aurkeztu zituen Batzar Nagusietako Ekonomia eta Lurralde Garapenerako batzordean. 173.000 euroko kostua du aukerarik merkeenak. 24 milioi eurokoa, garestienak. Itsasadarreko errepidean egitekoa da bidea. Proiektua nork gauzatuko duen ikusteke dago oraindik, ordea. Berak lurrak emango dizkie udalei.

Biziz Bizik dio ez dutela egingo epe laburrean. “Portuko Agintaritzak Sustapen Ministerioari egin dio eskaera. Hark ez du egingo. Aldundiak esku hartu beharko luke, baina Bizkaia osoan ez du egin ezer. Obra handientzako da diru guztia, eta bizikletentzako, ezer ez”.

Bidegorri hori bera egiteko aurrekontu txikiagoa nahikoa dela dio, gainera. “Erandioko aparkalekuetan dago koska. Horiek kenduta bidegorri bat aterako litzateke, oso merke. Lekua dago babestutako bidegorri bat jartzeko bide osoan. Baina Erandioko Udalak ez du horri buruz ezer entzun nahi”. 100.000 euro eta motordun ibilgailuen abiadura moteltzea nahikoa izango lirateke bizikletentzako bide hori egiteko.

Autoentzako aparkalekuak bizikleten aurrean lehenesten dituen mugikortasun ereduaren aldeko apustua bertan behera uzteko eskaera egin du elkarteak. Garraio publikoaren ordez auto pribatua erabiltzen dutenak iritziz aldarazteko modu gisa aurkeztu du Ajangizek aparkalekuak kentzeko proposamena.

Garraioen arteko harremana koordinatzea jarri du, berriz ere, jomugan. Autobusetan, trenetan eta metroan bizikletak eramatea bermatu behar dela dio. “Bilbo bizikletentzako hiri egokia da. Aldapak daude, baina metroan mugi daitezke herritarrak aldapa horiek gainditzeko. Bermatu behar dugu garraio publikoaren eta bizikletaren arteko elkarrizketa. Hori bermatuta, edonora irits zaitezke”. Bizikleta garraio gisa bultzatzen duen politikak aldarrikatu ditu. “Badirudi agintari batzuek ikusten dutela bizikleta garraio publikoaren etsai bezala. Kontrakoa da. Zein da garraio publikoaren etsai nagusia? Auto pribatua. Eta, hala ere, horixe da bultzatzen dutena”.