Hasi dituzte Bilboko Plaza Eliptikoan dagoen arrano frankista kentzeko lanak

Hasi dituzte Bilboko Plaza Eliptikoan dagoen arrano frankista kentzeko lanak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Arrano frankistaren zantzuak desagertzear dira Bilboko Plaza Eliptikotik. Espainiako Ogasun Ministerioaren egoitzaren goialdean dagoen armarri handia arranorik gabe geratuko da. Burua, hegoak, hankak eta koroa kenduko dizkiote ikurrari, izaera frankista ezabatzeko. Urte luzeetan hainbat eragilek egindako eskaeraren ondoren, Memoria Historikoaren Legea beteko da aurki. Astelehenean hasi ziren ipintzen lanak egiteko beharrezkoak diren aldamioak. Bilboko Udalak uztailaren 27ra arteko baimena eman dio ezabatze lanak egingo dituen Gurtek enpresari, aldamioak eta lanaren hondakinak jasotzeko edukiontzia bertan izateko.

Aste honetan aldamioak jarrita, ikurra “datozen asteetan” kentzea aurreikusten dute lana gauzatzeko arduradunek. Arranoa desagerrarazteaz gain, eraikinaren aurrealde osoa eta hegala garbitu, eta iraizgaitz bihurtu beharko dute eremua langileek. Hartara, 340 metro koadrotan egingo dituzte lanak, eta 136.500 euro beharko dira hartarako.

Ez da izan lehen saioan

Bilbok duen ikur frankistarik esanguratsuena da Plaza Eliptikokoa; bai lekuagatik beragatik, bai duen tamainagatik, bai harrian zizelkatutako armarria izateagatik, eta bai duen ikusgarritasunagatik. Baina frankismoaren adierazgarririk argiena izan arren, ezezkoak jasoak dituzte hura kentzeko eskaerek. 2002. urtean, Iñaki Azkuna alkatea buru zuen udalak armarri frankista kentzeko baimena ukatu zion Ogasun Ministerioari. Udaleko Ondare Batzordeak gomendatu zuen eskaera atzera botatzeko, armarriak duen “eskultura balioagatik”.

2014. urtean, Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu zuen sinbolo frankistak kentzeko; tartean, Plaza Eliptikoan dagoena. Urte berean, Eduardo Sanz Madrilgo abokatuak Bilboko Udala salatu zuen, besteak beste, Memoria Historikoaren Legea urratzeagatik. Bilboren kasuan, Plaza Eliptikoko ikur frankista aipatzen zuen abokatuak. Ikurra kentzea ez dagokiola udalari erantzun zuen epaileak; eraikinaren jabetza duen Ogasun Ministerioa dela horren arduradun. Eta harengana jo zuen abokatuak. Ogasun Ministerioak Bilboko Udalari lanak egiteko baimena eskatu zion, eta orain eman dio baimena udalak. Iazko urte amaieran izan zen.

Lehenago ere, hainbat elkartek eskatu dute Plaza Eliptikoko arrano frankista kentzeko. Eskaera formalak, agerraldiak eta protestak egin dituzte. Ahaztuak elkartea da horietako bat. Erabakia ontzat hartu arren, “berandu” datorrela ohartarazi du orain.

Edozein kasutan, lanak egiteko aldamioak jarri dituzte, eta aste gutxitan ezabatuta egongo da Plaza Eliptikoko ikur frankista.