Mendeurrena, berrindartzeko urtea izateko

Lander Muñagorri Garmendia

Ospakizun urtea dute Portugaleteko Arraun Taldean. Mendea bete dute lehen trainerua itsasoratu zutela, eta hori nahikoa arrazoi izango da bihar ospakizun ekitaldiak egiteko. Urteurren berezi hori, ordea, inflexio puntu ere izango da era berean. Hiru urte dira klubaren gidaritza eskuz aldatu eta Karlos Belasko presidente dela, eta, orduz geroztik, egoera ekonomiko zailari aurre egin nahian ari da taldea. “Aurreko zuzendaritzak agurreko batzarra egin zuenean 4.000 euroren irabaziak uzten zituela adierazi zuen, baina gu iritsi ginenean egoera guztiz bestelakoa zela ikusi genuen”, azaldu du egungo presidenteak. 260.000 euroko zuloa topatu zuten arraun taldearen kontuetan, eta, horregatik, azken urteetan gerrikoa estutzea beste aukerarik ez zaie geratu. Horregatik, mendeurren ekitaldietara egoera berezian iritsiko da arraun taldea.

Kirol lorpenak egoera ekonomikoari lotuta joan ziren iaz, eta San Miguel ligan jarraitzeko aukera galdu zuen taldeak. Aurten, baina, liga horretan aritzeko kanporaketan egoteko aukera izango du. Belaskok, ordea, ez du hortik askorik espero. “Ez dago gure helburuen artean, apurka indartzen joateko aukera baliatu nahi baitugu”. Arraun eskola gero eta emaitza positiboagoak ematen ari dela nabarmendu du, eta pixkanaka hazten joatea nahiago du berak. “Aurreko zuzendaritzak zuena baino gehiago gastatu zuen, eta errealitatetik aparteko irudi bat eskaini”. Horregatik, pausoak pixkanaka ematea lehenetsi du.

Arraun eskola egiten ari den urrats horien lekuko da, halaber, aurten lehenengoz emakumeek trainerua osatzea lortu izana. “Hogei kideko talde bat osatzea lortu dugu, eta ilusio handiarekin ari da entrenatzen nesken taldea”. Eusko Tren ligan dagoeneko Bizkaiko hiru talde izango direla ere nabarmendu nahi izan du Belaskok, eta hori aurrerapauso bat dela azpimarratu.

Hori guztia dela eta, klubeko presidentea gustura azaldu da arraun taldea izaten ari den bilakaerarekin. “Alor ekonomikoa kenduta, kirol esparruan taldearekin oso gustura gaude, albiste onak iristen ari direlako”. Arraun eskolarekin zortzi urte daramatzatela azaldu du, eta horien emaitzak jasotzen ari direla dio.

Liburua eta dokumentala

Egoera ekonomiko eta kirol arloko lorpenez aparte, Portugaleteko Arraun Taldeak ospakizun eguna izango du biharkoa. Taldearen ibilbidea kontatzen duen bideoa eta liburua aurkeztuko dituzte bihar Ballonti merkataritza zentroko zinemetan. Ospakizunetan, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun nagusia izango da, baita Mikel Torres Portugaleteko alkatea eta Jon Iriondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria ere. Film eta liburuak aurkeztuta, arraun taldearen instalazioak ezagutzera joango dira horiek guztiak.