Kalea etxe bihurtuta, halabeharrez

Kalea etxe bihurtuta, halabeharrez

Natalia Salazar Orbe

Kale gorrian nago. Horixe da nire egoera”. 23 urteko gazte baten hitzak dira. Angel du izena. A-8 autobideko zubi baten azpian bizi da, Gurutzetan. Garita zahar baten barruan. Han ditu bere ondasun guztiak. Lau hilabete daramatza egoera horretan. Udaleko gizarte zerbitzuei eman die bere egoeraren berri. Baina laguntzak emateko prozedura bat dagoela eta epe batzuk bete behar direla esan diote. Berri Otxoak plataformak argi du zein den arazoaren muina: “Udalak larrialdietarako gizarte laguntzaren zerbitzua bertan behera utzi zuen duela bi hilabete”. Ondorioz, asko atzeratzen da laguntzak martxan jartzeko denbora. Hala azaldu du Juan Carlos Becerrak.

Plataformaren arabera, Angelek betetzen ditu udalak zein Lanbidek kudeatzen dituzten laguntzak jasotzeko baldintzak. Hala ere, udaleko zerbitzuek epe batzuk ezarrita dituzte laguntza horien kudeaketarako. Ostiralean hartu zuen gizarte langile batek Angel. Bilerak emandakoa kontatu du gazteak berak: “Laguntza eman nahiko balit ere, epe batzuk bete behar direla esan zidan”. Herrian sei hilabete erroldatuta egin behar ditu horretarako, besteak beste. Bi daramatza berak. Udalak premiazko laguntzarik ez diola ahalbidetu esan du. “Nik dakidala, ez dago halakorik”.

Bizkaiko Hitza saiatu da Barakaldoko Udalak era horretako kasuetan zer-nolako prozedura betetzen duen zuzenean ezagutzen. Hala ere, ez du lortu udalarekin harremanetan jartzerik. Bi hilabeteko errolda agiria entregatu du Angelek gizarte zerbitzuen sailean. “Deituko didatela esan didate”.

Egoera horrek duela zenbait hilabete beste irtenbide bat izango zukeela azaldu du Becerrak: “Gizarte langile bat arduratzen zen lehen premiazko laguntzak kudeatzeaz. Berehala artatzen zituen kasuak. Baloratu eta larrialdi egoerei irtenbidea azkar ematen saiatzen zen”. Zerbitzu hori kendu egin du udalak. “Zerbitzua zentralizatuta zegoela eta orain auzoetara gerturatu nahi zuela argudiatu du. Baina ez dute kontratatu inor horiek artatzeko. Beraz, gizarte langile batekin hitzordua eskatu eta bi hilabeteren buruan ematen dute”.

Prozesua luzea da: “Agiriak eraman eta txostenak formalizatzeko denbora behar da. Deigarriena da bizitzeko behar duzun dirua ematen dizutenerako sei hilabete pasatu direla. Aurreko zerbitzuak hori bi astetan bermatzen zuen. Noiz emango dizute laguntza, bada? Zubi azpian zaudenean?”.

Lanbidek eman diezaiokeen laguntzak piztu dio itxaropen izpi bakarra Angeli. “Diru sarrerak bermatzeko errenta emango al didaten esan behar didate. Agiri guztiak ditut. Balioko dutela uste dut”. Kaletik ateratzeko eginahaletan ari da Angel. Lanean hasi da, baina 250 euro besterik ez ditu irabazten hilean. “Logela baten alokairua ordainduz gero, ez nuke izango janaria erosteko dirurik. Eta, janaria erosten badut, ezin dut ordaindu logela bat. 250 euro horiekin dena egiten saiatzen naiz”.

Zenbait barakaldarren elkartasuna izan du Angelek. Laguntza eskaini diote. Dena den, Becerrak uste du administrazioak eman behar diela irtenbidea halako egoerei.

Egoera gogorra dela azaldu du Angelek. “Eskaerak egin behar ziren leku guztietan egin ditut. Udalak bazuen nire egoeraren berri. Beraz, nahi izan balu, konponbidea jarriko zukeen”.