Herriko elikagaiak herritarren etxean

Herriko elikagaiak herritarren etxean

Izaro Mendieta

Sukaldean aritzeko denborarik ez izatea ohiko aitzakia da aurrez prestaturiko jakiez elikatzeko, eta askotan osasungarria den horretatik ihes egiteko. Bada, bestalde, osasunari behar besteko garrantzia eman, eta elikagai eta jaki osasungarriez sabela betetzen duenik, osasuntsu jateak ez duela sukaldean igarotzen den denbora baldintzatzen iritzita. Baina bada, erosotasuna eta azkartasuna lortu nahian, aurretiaz prestatutako jakiak era osasungarrian eta tokian tokiko elikagaiz egindako horretaz baliatu nahi duenik ere.

Azken horren aldekoak dira, esaterako, Arratzuko Udala, Urremendi Landa Garapena, Xardexka, Basque Food Lab, OAZ Coaching eta Akorde. Horiek guztiek lankidetza izan dute oinarri, eta berrikuntzari helduta, ekoizpenari ekin diote, merkatura salto egiteko. Helburua argi daukate: herriko nekazarien bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoa bultzatu gura dute, eta baita eskualdeko garapen eta iraunkortasun ekonomikoa ere, soziala eta ingurumenari lotutakoa. Horretarako, Urdaibai markaren atzean, eta Bertatik etxera lemapean, proiektu berritzaile bat sortu eta ezagutarazi dute.

Duela urte bi hasi zuen bidea Arratzuko Udalak eta Urremendik bultzatutako proiektuak. Bi urtetan egindako lanak, beraz, eman ditu bere fruituak, eta Urdaibai proiektuak badauka zer eskaini, gainera: herriko lehengaiekin landutako zortzi platereko menua.

Zortzi plater horiek osatu ahal izateko, baina, lehengaiak ezinbestekoak dira, eta horiek lortzeko bidean, nekazariek betetzen dute eginkizun garrantzitsuena. Horien ekoizpena baita proiektu berri horren iturri. Nekazari horiek badute zer saldu, eta hala egiten dute. Baina salmentarako bestelako modu bat ere izan dezakete, eta horren jabe izan nahi du Urdaibai proiektuak.

Bost elikagai

Hala, tokiko hainbat produktu probatu eta aztertu ostean, bost elikagai aukeratu ditu proiektuaren atzean dagoen taldeak. Hain zuzen, kiwia, kalabaza, Idiazabalgo gazta, porrua eta piperra hautatu dituzte prestatzeko erraza izan litekeen eta plater naturalez osatutako menu orekatu bat lortzeko bidean.

Paper zuri batetik hasitakoa zortzi platereko katalogo beltz bilakatu da, eta hortxe ageri dira Arratzu menuko jakiak: kiwi eta kalabaza mokadutxoak, Gernikako piper ongailua, porru pastela, Idiazabal eta porru zopa, Idiazabal budina, kiwi krema eta Arratzuko izozkia.

Aurretiaz prestatutako produktuek eskaintzen duten erosotasunaz eta arintasunaz baliatuta, elikadura osasuntsua bermatu nahi die Urdaibai proiektuak herritarrei, eta, era berean, eskualdearentzako onura lortu nahi du, tokiko aberastasuna balioan jarrita. Hain zuzen, bosgarren gama deritzen platerak eskaini nahi ditu, luzaroago eutsi nahi die bere kalitateari eta zaporeari.

Baina bila dabiltza, esku artean dituzten ideia eta garapen horiek nork merkaturatu. Horretarako, inguruko landa etxeetako jabeei dei egin diete. Duela bi urte hasitako bide horretan bidelagun izan daitezen, eta elkarrekin, eskualdeko ekonomia suspertu dezaten. Izan ere, jakin badakite jabe horiek direla bezeroa ezagutzen dutenak, beraien nahi eta gustuez gehiago dakitenak.

Menu osoa eskaintzeko aukera izango dute landa etxeek, edota horietako zenbait plater soilik aukeratu ahal izango dituzte. Nolanahi ere, herritarrek zuzeneko produktu garbia izango dute platerean, aparteko gehigarririk gabe. Eta eskaintza horren bitartez, proiektuaren taldeak jakin ahal izango du orain arteko lanak nolako arrakasta duen, eta hasierako proposamena hobetzeko zer egin dezakeen.

Bidea, baina, oraindik luzea izan daiteke. Eta litekeena da orain artekoa bidearen hasiera baino ez izatea. Eraikitzen dagoen proiektu bizia da, eta datozen urteetan bizirik irauteko asmoa daukana. Zortzi dira orain artekoak platerak, baina kopuru hori hazteko asmoz lanean arituko dira aurrerantzean ere.

Arratzun bertan egin dute zortzi plater horien aurkezpena, baina aurrerago ere izango du herritarrak horiek ezagutzeko aukera, dela Mundaka Festival jaialdian, dela Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehenean, zein Bilboko Erriberako merkatuan. Gainera, udatik aurrera, Arratzuko eta eskualdeko landa etxeetan zein Urremendiren webgunean ere aurkitu ahalko dira plater horien guztien errezetak.