Hacker

Nerea Ibarzabal

WannaCry birusak munduko hainbat enpresa handi aztoratu ditu aste honetan, milaka eta milaka ordenagailu hackeatzea lortu baitu denbora tarte laburrean. Interesgarria bezain erakargarria iruditzen zait segurutzat eman izan ditugun gauzen frakasoa, sistema zibernetikoen erorketa, datu denen galera, funtzionatzeko modu baten amaiera; 2000 Efektuarengan sinetsi zutenak imajina ditzaket “esan genizuen!” oihukatzen, 2020a iristeko beldurrez.

Auskalo nor dagoen Wanna-Cry-ren atzean; gazte kuadrilla friki bat izan daiteke logela batean, edo talde antolatuagoak, aberatsak, mendeku bila doazenak, gobernuren baten laguntza dutenak… Baina argi dago edozein hackerrek gauza bera sentituko duela kode zuzena sakatu eta ordenagailuaren tripetan sartzerakoan. Klik. Informazio ozeano bat zabalik eta eskura, norbait barrutik zelatatzeko aukera, guztia kontatzea erabaki duen biktima, biolentziarik erabili gabe.

Norbaiten izen-abizenak Facebooken bilatu eta orrialdea irekita duela ohartzean sentitzen den pozaren tankerakoa izango da. Eta bilatu ezean, lagunen lagunak miatu eta, izen asmatua izan arren, profileko argazkiari esker identifikatzen duzunean sentitzen duzun hori. Eta hor ere ez bada ageri, ba bere herriko asanbladaren, komunikabideen, udalaren orrialdeko jarraitzaileei begiratu bat eman dakieke. Baliteke Facebookik —edo X sare sozialik- ez izatea, ordea, eta horrelakoetan ba Googlen bilatu dezakegu bere izena. Eta horrela jakingo dugu gaztetan gimnasia erritmikoa egiten zuela, ikasbidairako dirua biltzeko bideo bat grabatu zuela aspaldi eskolan, HITZA-k behin elkarrizketa bat egin ziola herriko briska txapelketa irabazi zuelako, Fotologa izan zuela eta itxi gabe duela oraindik, eta garai hartan bikotekidea zeukala eta baita flekillo itsusi bat ere.

Eta behin bere argazkirik zaharrenak ere aztertu ditugunean —tentu handiz, nahi gabe Atsegin dut botoiari ez emateko-, eta informazioz enpatxatu garenean —ziber zeruari eskatuz ez dezala bere profilera egin ditugun sartu irten kopurua ikusterik izan— sentitzen den asetasunaren eta lotsaren arteko nahaste hori izango da agian hackerrek sentitzen dutena. Edo espiek. Eta Tom Hanks Da Vinci Kodea-n baino finago aritu garela uste arren, bilaketa hauek ez dute meriturik, umeentzako pista joko erraz bat baita gure bizitza Interneten, deszifratu beharrik ere ez duena. Eta mundu mailako hackeo horretaz oraindik ez gara jabetu.