Bost metroko tartea sukaldetik jantokira

Bost metroko tartea sukaldetik jantokira

A.L.A.

Lehen sektorea indartzeko xedearekin sortu zen Urduñako Udal Sukaldea egitasmoa, 2009an. Elkarren ondoan daude herriko nagusien egoitza eta eskola, eta biak hornitzeko sukalde komuna eraikitzeko proposamena egin zuen udalak: herriko ekoizleak eta merkataritza txikia indartzeko, batetik, eta haur eta adinekoei elikagai osasuntsuak emateko, bestetik. Ikastetxeak sukalderik ez zuenez, zahar etxea “sukalde zentral” bihurtzea adostu zuten Jaurlaritzarekin, eta jantokien kudeaketak aztertzeko proiektu pilotuen artean sartu zuen erakundeak; Markina-Xemein, Gernika-Lumo eta Laukiz herrietako ikastetxeekin batera. “Oraindik ere ez da ezer mugitu gurean”, azaldu du Marijose Colomino Urduñako eskolako guraso elkarteko kideak. Jaurlaritzaren laguntza izan beharrean, traba besterik ez dute izan azken urteetan, eta, egoera hori salatzeko, bilera egin zuten Arartekoarekin hilabetearen hasieran. “Datozen asteetan egitasmoak aurrera egitea espero dugu”.

Uste baino motelago ari da aurrera egiten Urduñako Udal Sukaldea. Hainbat urtez egitasmoa garatzeko aldarrikapena egin ondoren, Jaurlaritzaren babesa lortu zuen 2015ean. Bi urte igaro diren arren, catering enpresak egunero egiten du Zamudiotik Urduñara bidea oraindik, eskolako jangelara janaria eramateko. Egoera ezin ulertuta daude herritarrak. “Hartu beharreko neurri guztiak hartu genituen hasieratik, baina traba besterik ez dugu izan”.

Erantzunik gabe

Zahar etxeko sukaldea 2016tik martxan badago ere, oraindik ere ez dute janaria eskolako jantokira eramateko baimenik. “Bost metro baino gutxiago daude zahar etxeko sukaldearen eta eskolako jantokiaren artean”. Colomak azaldu duenez, arazoak dituzte Osasun Sailarekin. “Orain esaten dute sukaldeak ez dituela betetzen baldintza guztiak. Baina beraiekin hitz egiten saiatzen bagara ere, ez digute erantzuten. Hutsaren hurrengoa da jaso dugun laguntza. Eman ziguten azken txostenaren arabera, hainbat konponketa egin behar ditugu oraindik”.

Guztiak egiteko prest daudela azaldu du guraso elkarteko kideak, baina egitasmoak aurrera egingo duela ziurtatzeko bermeak behar direla. “Udalak ez du diru gehiago inbertituko, ez badaki egitasmoak aurrera egingo duen”. Iradoki du Udal Sukaldearen eraikuntza prozesua atzeratzen ari dela Jaurlaritza: “Gu nekatzea eta eskaera bertan behera uztea nahi du”. Eta jarri du adibidea ere: janaria sukaldetik jantokiraino igarotzeko, hain zuzen, garraioa behar dela ere esan die Jaurlaritzak. “Ez du zentzurik”.

Egoera desblokeatu nahian, bilera egin zuten Hezkuntza Saileko ordezkariekin. ” Udal Sukaldearen egoera nola zegoen azaltzeko eta prozesua azkartzeko asmoz egin ere. Martxoan gurekin harremanetan jarriko zirela azaldu ziguten, baina oraindik ez digute ezer esan”. Martxoaren bukaeran, mobilizazioa egin zuten Urduñan, egoera salatzeko, eta Arartekoarekin ere bildu dira guraso elkarteko kideak eta udal ordezkariak, egoeraren berri emateko. “Guk irtenbide bat bilatu nahi dugu; lege baldintza guztiak beteko ditugu, ados, baina jakin behar dugu zer den zehazki bete beharrekoa, ez digutelako argi hitz egiten. Auziaren atzean, jangela eredua dago. Ez dute gu aurrekari izatea nahi”.