Arnasa luzeago baten bila

Arnasa luzeago baten bila

Lander Muñagorri Garmendia

Gisa honetako makinek beste denbora batera eramaten gaituzte; baina ez soilik denbora kronologikora, baita beste erritmo batera ere. Denbora bizitzeko beste modu batera”. Hori dioen bitartean, inauguratu berri duen Erredakzioa egitasmoaren lokalean dago Tania Arriaga kazetari eta EHUko irakaslea. Mende inguru duen inprenta zahar bat dago sarreran, eta, barrurago joanez gero, berunezko eta egurrezko tipoz betetako armairu bat, edo txibaletea. Iragan kutsua dario inguruari, eta horiek eramaten dute Arriaga beste denbora edo beste erritmo batera. Kazetaritzari askotan falta zaion arnasa luzeago edo pausatuago hori eman nahi dio makina horiekin, garai horietan egiten zen lanaren modua gaur egun egiten jarraitzeko. Makina badute, eta, hilabete barru inguru, erreportaje batekin osatutako Minerva aldizkaria ere argitaratuko dute, besteak beste inprentako makina zahar hori erabilita.

Bilboko Solokoetxe auzoan dago Erredakzioaren lokala, La Taller grabatu gunearen parez pare. Hain zuzen, La Tallerren hedapena dela azaldu du Arriagak. “Maite [Martinez de Arenaza, La Tallerreko arduraduna] grabatuekin dabil, eta arte grafikoa egiten du; berak erabiltzen dituen makinak eta hau aski hurbil daude elkarrengandik”, dio, inprentari erreferentzia eginez. Azken finean, bietan teknika grafikoa eta inprentaren erabilera partekatzen dute, eta horregatik daude horren hurbil elkarrengandik. “La Tallerren, teknika grafikoen bidez sortutako arte irudien ekoizpena da helburua, eta Erredakzioa, berriz, testuak ekoizteko eta hedatzeko bulego gisa pentsatu dugu”. Baina, finean, kazetaritza berreskuratu nahi du Arriagak, dena presaka egin behar hori alboratu, eta patxadaz egindako lanak ekoiztu nahi ditu espazio horretan. Eta horretarako daukate gaur egun erabiltzen ez den inprenta bat.

Minerva aldizkari hori izango da gune horrek eskainiko duen lehen proiektua. XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako aldizkari ilustratuen itxura eman nahi diote aldizkariari, eta, horretarako, kazetari eta ilustratzaile bati egingo diote testua eta irudiak egiteko enkargua. Lehen zenbakia ekainaren erdi aldera argitaratzea aurreikusten du Arriagak, eta Mirentxu Purroyk AEBei eta Donald Trumpi buruz idatzi duen erreportajea izango du ardatz. Ilustrazioak egiteko ardura Higi Vandisi eman diote. Aldizkariak testu bakarra izango du, eta kazetaritza lanari berari prestigioa emateko modu bat izango da. “Produktua bera artea balitz bezala saltzea izango da asmoa, kazetariaren lanari balioa emanez”. Aldizkariaren 250 ale inprimatuko dituzte; edizio mugatua, beraz.

Hala ere, aldizkaria ez dute eskuratu berri duten makinan inprimatuko. Ez, behintzat, osorik. Hala egitekotan, orri guztietako testuak eskuz osatu beharko baitzituzten, lerro bakoitza osatuz, eta letra guztiak alderantziz jarriz. Duela mende bat egiten zen bezala. “Hala egiteak lan handia eskatzen du”. Azala, ordea, gisa horretan egingo dute, eta ilustrazioak ere inprenta horretatik pasatuta inprimatuko dituzte. Ilustrazio bakoitzaren fotograbatu bat egingo dute La Taller gunean, eta horiek inprenta horretan jarri ahal izango dituzte ondoren aldizkarian inprimatzeko. Testuak Deustuko Anotherpress inprentan egingo dizkiete. “Teknologia ezberdinak erabiliko ditugu aldizkari hau inprimatzeko”.

Aldizkari hori izango da espazio berritik aterako den lehen egitasmoa, “baina auskalo zer gehiago eman dezakeen”. Izan ere, plataforma zabala da Erredakzioa, eta inork gune hori erabili edo proiekturen bat garatzeko aukera izan dezan nahi du Arriagak. Horregatik, proiektu ezberdinei ateak irekiko dizkien espazio baten moduan definitu du Erredakzioa.

Makinak berreskuratzen

Iraganeko inprenta eta erredakzio bat sortzeko aukera aztertzen ari zirela topatu zuten makina honen erreferentzia Arriaga eta Martinez de Arenazak. “Kantabriako inprenta batean zeukaten, baztertuta eta hautsa biltzen; hori erosi, eta txibaletea eta gillotina bat ere oparitu ziguten”, gogoratu du. Lokal bat alokatu, eta bertan jarri dituzte makina hauek. “Auzoko adineko pertsona batzuk dagoeneko etorri dira inprenta ikustera, eta eurek lan nola egiten zuten erakustera”, dio. Arriagak ez du baztertzen etorkizunean makina horiekin dibulgazio lana egitea, kazetaritzako ikasleek ikus dezaten garai batean nola egiten zuten lan inprentetan.

Hain justu, horretarako balio dezake inprentako makina zahar horiek egungo kazetaritzako ikasleei erakusteak: beste patxada eta arnasa batekin nola lan egiten zen ikusteko. Oraingoz, ordea, aldizkari bat argitaratzen hasiko dira, “urtean bi zenbaki-edo”. Aurrerago emango duena ikusteko dago.