Lonja berria, beharrezkoa

Lonja berria, beharrezkoa

Mikel Santiso

Eragile gehienak bat datoz portuko lonja berriaren beharrarekin. Ondarroa, Atlantikoko hirugarren porturik garrantzitsuena daukan herria da, eta urte luzez europar legediaren aurka doan portu bat: ez da hotzaren katea mantentzen, arrain deskarga ez da aterpean egiten, eta eguzkia egon edo euria egin, kaxak kanpoan egoten dira.

Lehen, hotz katearen eta higienearen gutxiengo baldintzak betetzen ez dituzten bodegak zeuden, eta, aurrerantzean, arraina europar legediaren arabera manipulatzen hasiko dira. Horrek portuko hainbat lokal hutsik gelditzea ekar lezakeela eta, pozik agertu dira zenbait arrantzale ohi: “Batetik, hobetu egingo da portuko langileen eta arrantzatutakoaren egoera, eta, bestetik, portuan lokalak hutsik geratzeak beste zerbaitetarako erabili ahal izatea ekarriko du”.

Garapen Agentziak kudeatutako Ondarroa2020 proiektuaren barruko arrantza lan mahaiak ontzat jo zuen Jaurlaritzak aurkeztutako proiektua. Hasierako proiektuari hainbat aldaketa egin zizkion Jaurlaritzak, arrantza mahaiaren eskariz, eta, horrela, adostasuna lortu nahian sortutako proiektu bat martxan jarri dute denek batera. Mahai horretan, modu ezberdinetara lonja berriarekin zerikusia izango duten erakunde eta enpresak batzen dira, hiru hilabetean behin.

Modu batera edo bestera, lonja berriarekin ondarroar askok izango dute zerikusia, eta gehienak daude lonja berria ahalik eta arinen eraikitzearen alde. Alturako eta baxurako arrantzontziek bat egingo dute lonja berrian, eta kudeaketa nolakoa izango den zehazteko ere bat datoz Ondarroako Portuko Alturako Arrantzaleen Elkartea (OPPAO) eta Kalare Deuna Arrantzaleen Kofradia: “Europak jarritako legedia betetzeko batetik, eta Ondarroako portuak aurrera jarraitu ahal izateko bestetik, behar-beharrezkoa dugu lonja berria egitea”. OPPAOko bozeramaile Kiko Marinen esanetan lonja berriak lan egiteko forma aldatuko du Ondarroako portuan, orain guztia zentralizatuko baita eraikin berrian. Argi dago etapa berri baten hasiera dela hau, eta “lonja berria ongi etorria izango da”. Halako proiektu bati aurre egiteko beharrezkoa zen erakunde publikoen inplikazioa, eta, orain, Jaurlaritzaren babesa lortuta, momentu estrategikotzat jo dute aurtengo urtea. OPPAOtik adierazi dutenez, “proiektua prest dago jada, baina, orain, kudeaketa nola joango den zehaztu beharko da. Lonja berria nork eta nola kudeatuko duen definitu beharko dute , orain arte portuko hainbat lekutan aritu diren alturako eta baxurako arrantzontziak eraikin bakar batera bideratuko baitira.

Arrantzale ohien esanetan, Getarian, Hondarribian (Gipuzkoa) edo Vigon (Galizia) urteak dira halako eraikinak dituztela, eta Ondarroan urte hauetan aurrera jarraitu baldin bada ere, “sasoia da Ondarroan sartzen den arrain guztia behar bezala tratatzeko”. Gainera, Ondarroara itsasotik ez ezik lehorrez ere arraina sartzen da, eta lonja berriak arrain guzti hori tokian bertan komertzializatzeko aukera emango luke.

Herritarrengan ere eragina izango duela eta, tentuz jokatzeko eskatu zuten arrantzale ohiek: “Orain, herritar oro igarotzen da portutik, baina, beste portuetan bezala, lonja berria egiten denean mugatu egingo da herritarren pasabidea”.

Ondarroako Arrantza Eskolako zuzendariaren ustetan, abagune garrantzitsu baten aurrean dago Ondarroako portua: “Legedia betetzea ezinbestekoa da, eta lonja berriak Bruselak ezarritakoa betetzea ekarriko du”. Gainera, baxurako langilek ere ez dute aritu beharko eguzkipean edo euri zaparradatan arraina deskargatzen.

Ontziek erabiltzen dituzten arrain kaxak gordetzeko gela berria egoteak ere garbitasuna areagotuko du Ondarroako portuan. Orain, arrain kaxak kofradiatik kanpo egoten dira, eguraldia edozelakoa izanda ere, eta horrek nahitaez fabrikatik garbituta ekartzen dituzten kaxak portuan uzten dituztenean berriz ere zikintzen hastea dakar.

Saregileak ere gustura daude lonja berrian izango duten lekuarekin, urte asko igaro baitituzte portuaren kanpoaldean lanean, nahiz eta orain etxola batzuetan lan egin. Hasierako proiektuari aldaketa batzuk egin dizkioten arren, aldagelen kasuan esaterako, pozik daude saregileak, urte askotako euren borrokaren ondorioak ikusteko aukera baitaukate orain.

Arrain kontserba enpresak ere pozik hartu dute proiektua: “Dugun informazioa eta proiektua bideoan ikusita, asko gustatu zaigu”. Garrantzia eman diote arraina zuzenean lonjan sartzeari, horrek lehengaia kalitate onenean mantentzea ahalbidetuko duelako. Bestalde, kamioietara arraina kargatu eta portutik ateratzeko izango duten bidea ere goraipatu dute: “Beharrezkoa da kamioiei bidea erraztea, eta maniobrak egiteko zailtasunik ez izatea, eta badirudi horrela izango dela”.

Herritar gehienak ere pozik agertu dira proiektuarekin. Gehienek, sare sozialetan ikusitako bideoaren arabera, eraikin berriarekin pozik daudela aitortu dute. Portuko langileentzat eta herriko ekonomiarentzat garrantzitsua izateaz gain, ondarroarrentzako gozalekuak ere izango dituelako: “Garrantzitsua da halako inbertsio handi bat eginda herritarrentzako guneak ere egotea eta herritarrek erabili ahal izango dituzten lekuak ere sortzea”. Eraikin berriak enparantza bat eta taberna izango ditu goialdean, eta, hasieran, uste zena baino altuera txikiagoa izango duenez, ez du Itsasaurreko ikusmira kenduko. Gainera, eraikinaren azken solairuan erabilera anitzetarako balio izango duen lokal baten jabe egingo da udala.

Azken batean, herriko eragile gehienak zein herritarrak pozik daude lonja berriarekin. Guztien iritziz, Ondarroan aspalditik egon behar zen eraikina zen, baina, arrazoi batzuengatik edo besteengatik, eraiki ezin izan dena. Akordioak lortuta, lanak noiz hasiko zain daude, herriko motorra den portuak aurrera jauzia egin dezakeelakoan.