“Kuotak eskasak dira, eta arrantza, oro har, gain behera doa”

“Kuotak eskasak dira, eta arrantza, oro har, gain behera doa”

Natalia Salazar Orbe

Arrantza kuoten beharraren jakitun badago ere, Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradietako presidenteak (Bermeo, 1945) dio Kantauriko herri arrantzale guztiek ez dutela jokabide bera izan. Euskal Herriko portuetan, itsasontzi kopuruak behera egin du. Ez, ordea, beste herri batzuetan.

Zer-nola dago arrantzaleen sektorea Bizkaian? Kexa ugari entzuten dira sarri, dela kuoten mende daudelako, dela bitartekariek haiek baino irabazi gehiago lortzen dutela salatu dutelako. Zein da egoera?

Arazoak dituzte denek. Kuotak ez dira handiak. Antxoaren mende ere bagaude; ez da askorik ikusten. Eguraldia ere ez dugu lagun. Eskas ari gara. Kuotak eskasak dira. Hegaluzearekin ere ikusiko dugu zein arazo egon daitekeen. Iaz, esaterako, arrantzualdia itxi zuten, eta kuotatik pasatu ginen. Kuotak eskasak dira, eta arrantza, oro har, gain behera doa.

Hala ere, espezieei eusteko beharrezkoak dira kuota horiek.

Bai, zalantzarik gabe. Ikusi dugu antxoarekin zer gertatu zitzaigun. Orain, ez daukagu arazorik.

Bere onera etorri da, ezta?

Bai. Kuotatik pasatzea da arazoa. Hori eginez gero, etorkizun latza izango dugu. Kuota ez badugu errespetatzen, gaizki ibiliko gara. Antxoarekin ikusi dugu: bost urtean itxita egon da arrantzualdia. Orain, arazoa konpondu dugu.

Antxoa indarrez sartu zen denboraldi hasieran. Zer moduz doa kanpaina?

Ez doa ondo. Eguraldi txarra egin du; baita hotza ere. Maiatza izan ohi da hilabeterik onena, baina ez da ikusten egoera onik. Egon badago, baina txikia da. Handirik ez dugu aurkitzen. Ea datozen egun eta asteetan, eguraldi ona badator eta giroa epeltzen bada, hobera egiten duen. Kostaldetik 95 milara arte egin dute egunotan txalupek iparraldera, eta ezer gutxi aurkitu dute. Gertuago egon badago, baina txikia da.

Antxoa txikia ez duzue hartu nahi?

Ez. Zailagoa da saltzen; prezioa merkatu egiten da, ez da kalitatezko arraina, kontserbarako ez du balio… handiagoa izan behar du.

Arrantzaleentzat, arrain espezierik garrantzitsuenak antxoa eta hegaluzea dira.

Bai. Hegaluzea kanaberarekin arrantzatzen dutenek kanpaina ona egin zuten iaz. Besteentzat ez zen izan horren ona; alegia, xaxian ari direnentzat. Arrantza mota desberdinak dira, eta, batentzako denboraldi ona izan zena bestearentzat txarra izan zen. Beste urte batzuetan alderantziz ere gertatu izan da.

Arrantzan urrutira joan behar izateak errentagarri egiten al du lana?

95 milia egiteko, bederatzi-hamar orduko joaneko bidaia egin behar dute ontziek, eta beste horrenbesteko etorrikoa. Datozen egunetan ikusiko dugu gertuago azaltzen den. Arrain ona balego eta denok harrapatuko bagenu, prezioak jaitsi egingo lirateke. Hala ere, prezioa hobea izango litzateke. Arrain eskasa badago, ostera, eta egunero harrapatzen baduzu, prezioak ez dizu balio. Izan ere, arrain zuria freskotan jateko da. Eta freskotarako dagoen merkatua dagoena da. Egunero arrain berria ekarriz gero, kontsumorako behar dena baino gehiago legoke.

Arrantzaleak sarri kexu izaten dira bitartekariek lortzen dituztelako irabazirik handienak. Zer deritzozu salaketa horri?

Arrain saltzaileek horrenbeste diru irabaziko balute, denok izango ginateke arrain saltzaile. Haiek ere euren arazoak izango dituzte: zergak, gastuak eta bestelako gorabeherak. Euren kontuak koadratu ahal izateko estutu ditzaketen bakarrak geu gara. Esan nahi dudana da ez dutela erosiko merkeago eurek askoz gehiago irabazteko. Arazoa egon badago. Arrain ona badago kuota bukatu arte eta denok hartzen badugu, denok irabaziko dugu. Arraina ona denean, zati handi bat kontserbara doa, eta horrek prezio bat ezartzen du. Beraz, arrandegiak hortik gora salduko du. Kontserba enpresek ere estutzen gaituzte. Adierazpen hauek entzunda arrantzaleek esango dute: baina zu noren lagun zara, haiena edo gurea? Enpresek nor estutuko dute, baina? Bada, gu geu.

Zeuek egiten duzue lan gogorrena, ordea.

Hala da. Inork ez du ematen pezetarik debalde.

Bizkaiko portuetan behera egin du ontzien eta arrantzaleen kopuruak. Zer-nola aldatu da egoera?

Asko aldatu da. Txalupak izugarri murriztu dira. Apurka gutxituz jarraitzen dute, gainera. Beste portuetan ere gertatzen da. Arrantzaleen kopurua asko murriztu da. Euskal Herriak moldaketa handia egin du, baina Galizian, esaterako, ontziak sobran daude. Horiek ere hona jotzen dute arrantzan: galiziarrak, asturiarrak eta kantabriarrak hemen gertu aritzen dira.

Bizkaian, porturik indartsuena Ondarroakoa dela esan daiteke?

Baxurari dagokionez, ez da horrenbestekoa. Ontzi gutxi ditu. Kontua da erosle askok jotzen dutela hara. Hori dela eta, itsasontzi asko joaten dira portu horretara: Montañesa, kantabriarrak eta euskaldunak sarri sartzen dira Ondarroan. Arrain asko saltzen da portu horretan. Horrek ez du esan nahi hango itsasontzietakoak direnik.

Hori izango da lonja berria han egiteko arrazoietako bat.

Noski. Arrain asko sartzen da han. Asko-asko. Urte osoan, gainera.

Lagungarria izango da, beraz?

Hango portuko joan-etorriak ez ditut ezagutzen, bermeotarra naiz eta. Hala ere, eskaera egin badute eta egin nahi badute, seguru beharrezkoa dutela. Daukatena zaharkituta geratu da.

Bermeoko lonja ere handitu egingo dute.

Kofradia dagoen bezala utziko dute. Kutxak gordetzeko lekua egokituko dute, eta izotz fabrika ere ekartzea da asmoa. Beharrezkoak dira lan horiek. Hala ere, ikusi beharko da zelan antolatzen duten dena. Izotz fabrika, esaterako, portuaren beste aldean daukagu. Duela hamabost urte inguru flota handia zegoenez, beharrizan handia zegoen. Orain, itsasontzi kopurua jaitsi denez, egitura hura guztia gehiegizkoa da. Mantentze lan izugarriak behar ditu. Beraz, handik kentzea da asmoa. Ez dakit gero berria egingo den. Ni ez naiz Bermeoko kofradiako presidentea. Hori ez dago nire esku.

Portu txikiagoek zer-nola irauten dute?

Lekeition ontzi txikiak eta handi bi daude. Bermeon, 26 inguru daude, txikiak eta handiak zenbatuta. Zierbenan, bizpahiru ari dira setio arrantzan, eta beste bi txiki ere badituzte; Santurtzin hiru daude; Armintzan ontzi txikiak daude. Elantxoben eta Mundakan dagoeneko ez da inor geratzen. Apurka beheraka doa.

Zein etorkizun du arrantzak?

Espezieei eusteko kuotak jaitsi behar direla esaten dute. Eta hala sinesten dugu guk ere. Hala ere, guk ez bezala, beste herri batzuek ez dute murrizten itsasontzi kopurua. Galiziarrek, kasurako, bizirik irauteko beste modurik ez dutela esaten dute behin eta berriz, eta ez dute itsasontzi kopurua murrizten.