Kaleko artea, bazter guztietara

Kaleko artea, bazter guztietara

Lander Muñagorri Garmendia

Erdigunetik atera, eta auzoetara ere kultura eskaintza eramatea. Hitz bitan, hori litzateke Udaberrian Eszena Kalera zirkuituaren izaera eta asmoa. Orain arte, Bilboko auzoetara urtero eramaten zituzten kale arteetako ikuskizunak, baina aurten lehen aldiz zirkuitu gisa diseinatu dituzte maiatz eta ekainean eskainiko dituzten ikuskizun guztiak. Eta, halako zirkuitu bat antolatzen hasita, Euskal Herriko kale arteen zirkuiturik handiena antolatu dutela azaldu du Bilboko Udalak. Denetara, hemezortzi euskal talderen 50 emanaldi programatu dituzte Udaberrian Eszena Kalera zirkuituaren barruan. Zirku, clown, magia eta antzerki formatuan eskainiko dituzte horiek guztiak.

Bilbo erdigunetik kanpora eraman dute zirkuitua, eta hori izan daiteke haren bereizgarri nagusietako bat. Izan ere, behin ikuskizun bat antolatzen hasita, horiek nekez iristen dira Olabeaga, Abusu, Masustegi, Peñaskal, Bolueta, Uretamendi, Elorrieta, San Inazio, Irala, Ibarrekolanda edo Atxuriko auzoetara. Bada, kasu honetan hori lortu nahi izan da, ikuskizunak auzo denetara zabaltzea. “Programazioa deszentralizatu nahi izan dugu horrela, auzoetako herritarrek etxetik gertu ere halako ekintzez gozatzeko aukera eduki dezaten”, azaldu du Pedro Ormazabal Bilboko Udaleko kultura programatzaileak. Zirkuitu hau, gainera, Bilboko Kalealdia jaialdiaren aurrekari gisa ere uler daiteke, Udaberriak Eszena Kalera amaitu eta berehala izango baita kaleko arteen jaialdia ere.

Auzoz auzoko eskaintza hori programatzeko garaian, gainera, bertako jaiekin edo beste ekitaldi batzuekin bat egin zezaten saiatu direla azaldu du Ormazabalek. “Ezer ez dagoen une batean zirku edo bestelako ikuskizun bat antolatu beharrean, kalean giroa dagoen garai batean programatzen saiatu gara”. Hori dela eta, orain arte antolatu izan dituzten emanaldiek erantzun ona izan dutela azpimarratu du kultura programatzaileak. “Herritarrentzat positiboa da, jaietako egitaraua askotarikoagoa bihurtzen delako, eta baita konpainientzat ere, beti egongo delako halakoetan jende gehiago”. Horregatik guztiagatik, aurten ere harrera beroa izatea aurreikusten du.

Udaberrian Eszena Kalera zirkuitua maiatzaren 1ean abiatu zen, eta ekainaren amaierara arte iraungo du. Ormazabalek ontzat eman du orain arte egindako emanaldien erantzuna.

Ikusle denentzat

Programa deszentralizatu bat ez ezik, programa demokratiko bat ere diseinatu dutela azaldu du kultura programatzaileak. Izan ere, halako ikuskizunetara joaten den jendea denetarikoa izaten dela dio: gazte eta heldu, eta era guztietako pertsonak. “Kalean denen eskura egoteak hori ekartzen du: arte mota hori denen eskura geratzen dela”. Halako ikuskizunak ikustera ohituta ez dauden pertsonengana iristeko ere baliagarriak dira, “eta, horrek antzoki batera sartzeko ateak irekitzen ez baditu ere, ikuskizun horiek denengana iristeko” balio dutela adierazi du. Gainera, ikusleak ikuskizunaren parte bihurtzeko aukera izaten dute kasu askotan, eta hori beti aberasgarria dela dio.

Akaso horregatik, zenbait sektorek askotan gutxietsi izan dute kaleko artea. “Bigarren mailako gisa hartu izan da, baina, egia esan, goi mailako ikuskizunak izaten dira”, Ormazabalek azpimarratu duenez. Gero eta gehiago, gainera. Izan ere, genero gehiago lantzen dituzte kaleko arteetan, zirku garaikidea izan, dramaturgia izan. “Gaur egun, denetarik egiten da: ez da malabarismoetara soilik mugatzen”. Horrek guztiak berarekin ekarri du kaleko arteek gero eta onarpen zabalagoa edukitzea. “Duela zenbait urte, ez zen ohikoa herriko jaietan kaleko arteetako ikuskizun bat kontratatzea, baina gaur egun gero eta arruntagoa da”.

Kaleko arteen alde positiboak nabarmendu ditu Ormazabalek. Izan ere, esan du gisa horietako ikuskizunak baliagarriak direla kalearen eta inguruko plazen inguruan herritarrek duten pertzepzioa aldatzeko. “Beti modu berean ikusten den plaza batean kaleko ikuskizun bat ikusiz gero, ordutik aurrera inguru horrekin duzun pertzepzioa aldatu egiten da”. Horregatik bakarrik baldin bada ere, emanaldi horiek Bilboko auzoetara eramatea positiboa dela adierazi du.

Bi emanaldi asteburuan

Maiatza hastearekin batera abiatu zen Udaberrian Eszena Kalera zirkuitua, eta asteburu honetan bi emanaldi izango dira. Gaur bertan, Santutxuko Karmelo plazan, Trapu Zaharrak konpainiaren Etsita! ikuskizuna eskainiko dute, 18:00etan. Txurdinaga auzoko Grupo Garaizar-en, bestalde, Cia Trotamundos taldearen Historia de un baúl emanaldia izango da bihar, ordu berean. Datorren asteburuari begira, berriz, hainbat emanaldi izango dira auzo ezberdinetan. Orduan izango da, aldi berean, Leioako Umore Azoka jaialdia. Ormazabalek, ordea, ez du uste horrek eraginik izango duenik. “Auzoan zerbait prestatzen baldin bada, ez dut uste jendea bertatik mugituko denik; beraz, ez zait iruditzen eragin handirik izango duenik”. Deszentralizazio hori eskertzen baitute auzoetako biztanleek.