Bakoitzari berea

Bakoitzari berea

Natalia Salazar Orbe

Denak ez dira aldeko iritziak. Guztiak ez daude ados. Kezka ere nagusi da. Ondarroako lonja berriak ez die-eta ekarriko inongo onurarik arrantzaleei; alegia, itsasoan, baldintza okerrenetan lanean dihardutenei. Hala salatu du Leo Belaustegi LAB sindikatuko ordezkariak. Arrainari behar bezalako etekina ateratzeko eta behar den moduko erabilera emateko beste era bateko lonjak behar direla dio; egingo duten lonja berriak duela 50 urteko diseinua eta erabilera izango dituelako. Sistema horren barruan, “arrantzaleek arraina harrapatu besterik ez dute egiten. Portura ekartzean, bitartekariak bihurtzen dira arrain horren nagusiak”. Belaustegiren iritzian, egoera hori iraultzeko baliatu beharko lukete lonja berria, “baina sistema bera betiereko bihurtzeko baliabide bat besterik ez da izango”.

Europar Batasunak 2020a ezarria du muga bezala arrantzaleek ez dezaten arrantzatutako arrainik itzuli itsasora. “Baztertze hori ezin daitekeela onartu ebatzi dute. Beraz, harrapatzen den arrain guztia portura ekarri beharko da. Gaur egun merkaturatzen ez denez uretara botatzen den arrain horri zein aukera eman diezaiokegu?”.

Elikadura burujabetza da planteamenduaren ardatza. Ondarroan egingo duten lonjak ez dio aukerarik emango baztertze horri, ordea. “Beste era bateko planteamendua egin behar da: arrain hori xerretan zatitu edo gero kroketak egiteko masa egingo duen azpiegitura bat behar da”. Izan ere, arrain hori kalitate onekoa da, baina ez da erosleek erosi ohi dituzten espezietakoa. “Hiruzpalau arrain mota soilik jatera ohituta gaude: bakailaoa, zapoa edota legatza, kasu. Beste guztia ez dugu estimatzen”. Arrain hori eraldatuz gero, ikastetxeetako jantokietan eta antzekoetan eman ahalko lukete. “Arrain hori prestatzea falta da. Eta hori ez du ekarriko lonja berriak”.

Kofradiak hartu beharko luke arrantzatutakoaren ardura, baxurako arrantzari dagokionez. Izan ere, erakunde publikoak direnez, “ez lukete utzi behar eginbehar hori inoren esku”. Alturakoaren kasuan, ekoizleen elkarteei dagokie. Oinarrizko kontu bat bermatuko luke horrek: arrainari gutxienezko prezio bat ezartzea.

Arrantzaleak izan beharko lirateke arraina merkaturatzeko prestatzen dutenak. “Ikastetxeetako jantokietan ez dute kontsumitzen gure arrainik. Zergatik? Ez dugulako prestatzen. Ondorioz, mundu osotik ekarritako arrainak jaten dituzte”. Cateringak ere bertako arraina jantokietara eramateko prest azaldu dira. “Baina esaten dute arraina xerretan moztuta behar dutela, eurek kozinatu eta jantokietara eramaten dutelako zuzenean. Eta prestaketa lan hori norbaitek egin behar du: guk geuk, arrantzaleok”.

Lonjaren helburu eta asmoekin konforme ez egoteaz gain, kokapenari ere ez deritzo egoki LABek. “Baxurako lonja dagoen lekuan kokatu gura dute. Ondarroako moilan alturako lonja batzuk daude, erabat hondatuta. Alturako oso ontzi gutxi daude. Beraz, azpiegitura horiek guztiak pikutara joango dira. Uste dugu hor kokatu beharko luketela etorkizunean arrainari balio erantsia aterako liokeen azpiegitura berri hori”.

Arazo nagusia sisteman dago; salmenta sisteman, alegia. “Ez dugu esaten bitartekariek desagertu egin behar dutenik. Baina arrantzaleok gure egiturak osatu behar ditugu, guk harrapatutako arrainari guk geuk balio erantsia ateratzeko”. Lonjek, arrantzatutakoa inoren esku uztea beste aukerarik ez dute ematen. “Arraina harrapatu ostean, bitartekariek erosten dute nahi duten prezioan, eta guk, arrantzaleok, ez daukagu aukerarik gutxiengo preziorik ezartzeko. Oso baldintzatuta gaude”.

Ondorioz, ez dute ateratzen etekinik. Armadoreekin duela hogei urte sinatu zuten hitzarmena berritu guran ere ari dira. Eta ezin. “Sektoreak ez duela errentagarritasunik esaten digute, eta berdin jarraitu behar dugula. Baina, noiz arte? Arrantzaleok gure arraina, gure produkzioa daukagu. Produkzio horrek etekina ateratzen du, baina beste batzuen eskuetan geratzen da. Guk uste dugu gure eskuetan, alegia, ekoizleen eskuetan, geratu behar duela”. Antxoa 60 zentimotan ere saldu dute aurten. “Arrandegian 6-8 eurora arte igotzen da guk saldu ezin izan dugun arrain hori”. Etekin gutxien lan gehien egiten dutenek jasotzen bide dute. “Erosleek ez dute hartzen kontuan arrain hori harrapatzeak zein kostu izan duen: ez gasolioa, ez asegurua ez ezer. Hori ezin daiteke onartu. Egoera horri aurre egiteko arrantzatutako arrainari etekin hobea ateratzeko aukera izan behar dugu”.