Sopela eta AEBak lotuko dituen zuntz optikoa, abendurako prest

Sopela eta AEBak lotuko dituen zuntz optikoa, abendurako prest

Alaitz Armendariz

Virginia Beach herritik (AEB) abiatu, eta Europara Sopelatik helduko da zuntz optikoko kable berria. Abiadura handia bermatuko duen sistema horren bitartez, ahotsa eta datuak bidaltzea eta Interneten eta komertzio elektronikoaren konexioak ahalbidetzea lortuko dute Ozeano Atlantikoaren bi ertzen artean. Urpeko kablea 6.607 kilometro luze izango da, eta itsaspean “gaitasunik handiena” edukiko duen kablea izango da: zuntz optikoko zortzi pare kable izango ditu, eta, hasieran, 160 terabyte igorriko ditu segundoko. Ekainean hasiko dituzte kablea Sopelako Arrieta hondartzatik abiatzeko lanak, eta sistema berria abenduan abian izatea espero dute.

Marea izeneko ekimenari esker, satelite bidez baino modu “fidagarri eta merkeagoan” bidali ahal izango dira datuak leku batetik bestera. Egun Ozeano Atlantikoa zeharkatzen duten beste kable batzuk baino hegoalderago egongo da kokatuta, eta Europako eta AEBetako erabiltzaileek konexio iraunkorragoa izango dute. Telefonica telekomunikazio enpresaren Telxius filiala arduratuko da lana egiteaz. Horrekin batera, Microsoft AEBetako informatika enpresa multinazionalak eta Facebook sare sozialaren enpresak ere parte hartuko dute zuntz optikoaren kablea AEBetaraino eramateko lanetan.

Ekaineko lehen hamabostaldian hasiko dituzte kablea urperatzeko lanak Sopelako Arrieta hondartzan. Gehienez ere, hamasei egun iraungo dute, eta, hortik aurrera, kablea AEBetako Virginia Beach herrira eramateaz arduratuko da 139 metro luze izango den itsasontzi bat. Teknikarien aurreikuspenen arabera, zortzi aste inguru beharko dituzte ozeanoa gurutzatuz zuntz optikoko kablea itsasoaren azpian ezartzeko.

Itsasontzi hori 0,3 eta 0,6 korapilo arteko abiaduran joango da, eta sotoan eramango du 6.000 metrotik gorako kablea. Zuntza jarriz doazen heinean, nabigazio dispositiboak eta puntu kilometrikoa adierazteko markagailuak erabiliko dituzte, zuntz optikoaren kokalekua geografikoki ongi finkatuta gera dadin.

Kablea itsaso azpian jarri baino lehen, litekeena da garbiketa lanak egin behar izatea, bidean jada funtzionatzen ez duten kableak, sareak, aingurak eta hondakinak kendu eta kableak oztoporik izan ez dezan. Behin zuntza jarrita, 25 urtean arazorik gabe ibiliko dela aurreikusten dute adituek. Ondoren, leku berean utziko dute.

Hamabost langile Sopelan

Dagoeneko hondartzan lurperatuta dagoen kutxatila batetik abiatuko da zuntza AEBetarantz; orain arte, kable ardazkide bat egon da bertan. Kutxatila hori itsasgora dagoenean uraren mailaren gainetik geratzen den hormigoizko kamera bat da. Kutxatilatik itsasorantz kilometro batean lurperatuko dute kablea, hamabost eta hogei metro inguruko sakoneran, eta urpekariak arduratuko dira lan horretaz. Guztira, hamabost pertsonak parte hartuko dute lehen zatia antolatzeko: ingeniariak, urpekariak, hondartzako lanetarako langileak…

Sopelako alkate Gontzal Hermosilla eta Virginia Beach herriko Will Sessoms alkatea aurreko astean batzartu ziren Sopelan. Proiektuarekin lotutako hainbat gairi buruz hitz egiteaz gain, bi herrientzako “interesgarriak” izan daitezkeen alorretan “oinarriak finkatzeko” aprobetxatu zuten aukera.