Plazara irtengo dira bihar ikertzaile gazteak

Plazara irtengo dira bihar ikertzaile gazteak

 

Gazteen zientzia eta teknologia proiektuen topaketa izango da, bihar, Bilbon: Zientzia Azoka. Eguerdian hasi eta iluntzera arte, ikertzaile gazteek ikasturtean landu dituzten ikerketa proiektuak eta proiektu teknologikoak erakutsiko dituzte Plaza Barrian. 12 eta 18 urte bitarteko ikasleen 110 taldek aurkeztuko dituzte euren lanak. Horietako 79 Bizkaiko 15 eskolatakoak izango dira.

Gazteengan zientzia eta teknologia arloko gaitasunak lantzea eta horren inguruko bokazioa piztea da egitasmoaren helburu nagusia. Elhuyarrek antolatzen du azoka, Teknologia Sarearekin elkarlanean. Hain zuzen, Ikerbasqueko, EHUko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Mondragon Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko eta Digipen Teknologia Institutuko ikertzaileen laguntza jaso dute gazteek proiektuak garatzeko.

Talde gehiagok ere parte hartu dute proiektuan. Guztira, Hego Euskal Herriko 33 ikastetxetako 1.150 ikasle aritu dira,350 taldetan bilduta, ikasturtean zientzia eta teknologiarekin lotutako proiektuak lantzen.

Egun bete ekitaldi

Biharko azokan parte hartuko duten gazteek Plaza Berriko arkupeetan erakutsiko dituzte nork bere proiektuen emaitzak. 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara izango dituzte zabalik standak.

Zientzia eta teknologiarekin esperimentatu nahi dutenentzat, tailerrak ere egongo dira eguerdian hasi eta 18:30 bitartean: haurrentzako tailerrak, esperimentuen txokoa, telekomunikazioen tailerra, musika laborategia, nanoteknologia tailerra eta Zientzia Azokako marrazkien erakusketa. Eremu profesionalarentzako gunea ere jarriko dute plazaren erdigunean. 19:00etan, sari banaketa egingo dute plazan bertan, eta, 20:00etan, Las Tea Party DJak arituko dira musika laborategiaren atalarekin uztartutako saioan, ordubetez.