Nahi al duzu izan?

Nerea Ibarzabal

Badira galdera nahasgarriak, galdera zuzenak eta testetan a, b edo c erantzutekoak. Badira galdera tranpak, galdera indiskretuak, galdetzen dutena ez, baizik eta beste zerbait jakin nahi dutenak, galdera irekiak, erantzuna badakitenak edo kuxkuxero baten galderak. Bi perpaus negatibo dituzten galdera deszifraezinak, espero dituzun galderak eta sorpresan harrapatzen zaituztenak.

Badira inertziazko erantzun bat duten galderak —zelan? ondo—, buruz ikasitako erantzun bat eskatzen duten azterketetako galderak, galdera errazak, harrapatzera doazenak eta galdetu ostean “arrazoitu erantzuna” esaten dizutenak, ordura arte izan zenezakeen zorteari ate denak itxiz.

Okerreko erantzunik ez duten galderak, oker erantzunez gero ondoriorik ez dakartenak, oker erantzunez gero milaka euro lortzea galaraziko dizutenak telebistako lehiaketetan, esaterako. Egiazko erantzunik jasotzen ez duten galderak, egiazko erantzuna merezi dutenak, egia jakin nahi ez dutenak, beraien egia propioa bilatzen dutenak. “Galdera bat egin diezazuket?” galderarekin aurkezten diren galdera inportanteak.

Badira Google-en bilatzen diren galderak —aurrez beste norbaitek ere galdetu duela ikusi eta lasaitzen zaituztenak—, ezjakintasunetik egindakoak, galdera filosofikoak, lotsatzen gaituztenak. Badira normal gaudela bururatu zaizkigun galderak eta mozkortzean ihes egin digutenak, botilaren jolasean egiten direnak, konpromisozkoak. Galdetzea bizibide duten kazetariak, epaileak, psikologoak daude, eta galderak saihestetik —bai besteenak, bai norbere buruari egindakoak— bizi dira beste hainbeste.

Erantzun izan dugu zenbat ume eduki nahiko genituzkeen, edo zein lanetan pasatu nahiko genukeen gure bizitza guztia. Hainbeste galdera mota egiteko aukera dago, non ahaztu egiten baitzaigu maiz oinarrizkoena ez digutela inoiz galdetu. Horregatik, joan den astean oporretan pare bat aldiz egin ziguten galdera tentsio uneen aurrekari izan daiteke: “¿Sois españolas?“. Uau. Elkarri begiratu eta ezetz, euskaldunak garela erantzun genuen guk; altuan esaten ez duenari begietatik entzuten zaizkio pentsamenduak: “bueno, bueno, gauza bera da eta”, “hasi gara…”. Badu zerbait galdera horrek, munduko irribarre zabalenarekin erantzunda ere, oihuka erantzun izan bagenu bezala begiratzen baikaitu galdetzaileak. Erasotzen ari zara, bizikidetza hausten, berriro kontu horrekin.

Horregatik behar da beste galdera bat, erantzuna bezain ondo pentsatua eta herriak herriari egina. Domeka honetan iritsiko zaie erantzuteko txanda beste hainbat eskualderi, eta nik bizitzan zehar egin dizkidaten gisa horretako galdera denei erantzun nahi nieke nire bozarekin. Une deserosoak, arraroak, zalantzatiak, liskartsuak… egon daitezela, baina ez oinarrizkoan, ez nongoak garen galdetzerakoan.