Lehen olatu handia iritsi da

Lehen olatu handia iritsi da

Natalia Salazar Orbe

Eskualdeek lekukoa hartu diete gutxika-gutxika Gure Esku Dago-ren olatuari heldu dioten herriei. Bizkaiaren zati handi bat urdinez koloreztatuko da igandean; bereziki, ekialdea. Durangaldeak, Lea Artibaik, Uribe Butroek eta Uribe Kostak galdeketak egingo dituzte. Haiekin batera bustiko dira Orozko eta Zeanuriko herritarrak ere. Guztira, 32 herrik egingo dute euren etorkizuna erabakitzearen aldeko apustua. 128.160 herritarrek dute botoa emateko eskubidea.

Mugarri garrantzitsua izango da etzikoa Gure Esku Dago dinamikarentzat. Herri handi batean egingo dute galdeketetako bat: Durangok ia 30.000 biztanle ditu. Horren jendetsuak izan ez arren, badaude beste herri handi batzuk ere. Hala azaldu du Alex Zenarruzabeitia Bizkaiko arduradunak: “Herri esanguratsuetan sartuko gara: Mungian, Sopelan eta Durangon”.

Bermeo eta Gernika-Lumoko galdeketen ostean datoz maiatzaren 7koak. %26tik gorako parte hartzea izan zen batean, eta %27tik gorakoa bestean. Bi horien antzeko populazio kopurua du Mungiak, esaterako. Konparazioak egitea eta emaitza batzuen arabera beste batzuk aurreikustea zaila da, ordea. “Antzekotasunak izan ditzakete. Hala ere, herri bakoitzak bere iragana eta lan egiteko era propioak dauzka. Oso korapilatsua da”. Populazioa handia baita herri horietan; eta baita pluralagoa ere.

Gure Esku Dago dinamika herritarren mugimendu bat da. Hala ekarri du gogora Zenarruzabeitiak. Beraz, emaitzei dagokienez, ezinezkoa da hauteskunde instituzionalekin konparaziorik egitea. “Guk ez dauzkagu alderdi politikoek dituzten baliabideak. Herritarrak gara herritarrentzat galdeketak antolatzen ditugunak”. Beraz, parte hartzeari buruzko datuak konparatzeko orduan, aurreko urteetan landu dituzten dinamikak hartu behar dira kontuan: giza katea zein estadioetan egin ziren ekimenak, kasurako. “Herri bakoitzak ekimen horietara eraman duen jendearen inguruko konparazioa egin behar da. Alegia, giza katera 500 herritar eraman dituztenei dagokienez, galdeketan 1.000 pertsonak ematea botoa datu ona da. Erakundeek deitutako hauteskundeen emaitzekin egiten diren konparazioak engainua dira. Eta gu ez gara eroriko tranpa horretan”.

2014an, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia) izan ziren Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko lehen galdeketak. Gure Esku Dago-k erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea egin zuen urte bereko ekainean, Durangotik Iruñera. 2015ean, Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko estadioetan egin zituzten ekitaldiak, 2016ko galdeketak iragartzeko. Eta iaz hasi ziren galdeketak herriz herri egiten. Aitzindaria izan zen Arrankudiaga-Zollo, eta haren atzetik iritsi zen Ispaster. Ekainean egin zuten. Dimak hartu zion lekukoa, joan den azaroan. Martxoaren 19an egin zuten galdeketa Larrabetzun. Eta apirilaren 2an egin zuten Busturialdeko herri gehienek eta Arrigorriagak.

Gainerakoetan bezala, igandean bozkatuko duten herrietan galdeketa antolatzen pasatu dituzte azken hilabeteak. Taldeak sortu, babesak bilatu, erabakitzeko eskubidearekin bat egiten duten herritarren atxikimendua lortu, galderak hitzartu, sinadurak bildu… Prozesu horretan, ahalik eta aniztasun handiena lortzea da Gure Esku Dago-ren erronka handienetako bat.

09:00etatik 20:00etara

Boto aurreratua jada ari dira jasotzen herriotan. Igandean, bozkalekuak 09:00etatik 20:00etara artean egongo dira irekita. Nortasun agiriarekin bozkatu behar da, eta, agirietan botoa ematen den herria bizileku gisa agertzen ez bada, errolda agiria eraman behar da. Espainiako nortasun agiria ez dutenek pasaportea eta errolda agiria aurkeztu behar dituzte.

Emaitzez harago, lanketa horiek guztiek herrietan utziko dituzten oinarriak dira garrantzitsuenak. “Emaitzei soilik garrantzia eman beharrean, ikusi behar dugu bakoitza, bere errealitatea onartuta, horren araberako lanketa egiten ari dela. Eta lanketa horiek oso onak izaten ari dira. Oso erantzun ona jasotzen ari gara herritarren aldetik zein alderdi politikoetatik edo eragile askotatik. Hori oso garrantzitsua da. Azken emaitza ikusiko dugu; baina egindako lana oso goraipatzekoa da”.