“Jakin-mina nabari da; jende asko ari zaigu galdeketari buruz galdezka”

“Jakin-mina nabari da; jende asko ari zaigu galdeketari buruz galdezka”

N. S. O.

Durangoko Gure Esku Dago dinamikaren galdeketa antolatzen ari den lantaldeko kidea da Aitor Iturriaga (Durango, 1971). 29.000 biztanle baino gehiago dituen herri batean zaila da era horretako antolakuntza lana egitea. Hala ere, itxaropentsu dago igandera begira. Parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Zer-nolako parte hartzea aurreikusten duzue iganderako?

Durango ez da herri txikia; ezta hiri handia ere. Jakin-mina nabari da; jende asko ari zaigu galdeketari buruz galdezka, baina ez daukagu zantzurik ehuneko zehatz bat emateko. “Bere etorkizuna modu librean erabakiko duen euskal estatu bateko herritar izan nahi duzu?”. Horixe durangarrek erantzun beharko duten galdera.

Galdeketara heldu bitarteko prozesua zer-nolakoa izan da?

Elkarte gisa eratuta geunden. Azken bi urteetan talde trinko bat aritu gara lanean. Ikusita zer-nolako erronka zen Durangon era honetako galdeketa bat antolatzea, erabaki genuen olatu honetan sartzeko talde txiki batek soilik ezin zuela jarduera hau bultzatu. Beraz, herrira zabaldu ginen. Bi batzar egin genituen, eta, zorionez, gauza nabarmen aldatu zen. Jende berria batu zitzaigun, eta erronka honi ekiteko talde handiagoa osatu genuen. Azken bi hilabeteetan gauza asko lortu ditugu: lokal bat musu-truk utzi digute, eta, denon artean, herriko denda eta ostalariei gauzak eskatuta dirua lortu dugu.

Herri txikien aldean, Durangokoa bezalako herri handi baten errealitatearen barruan zailagoa al da era honetako dinamikak garatzea eta galdeketa egitea?

Erabat. Herri txikietan ez da erraza, baina, horietan, bataren edo bestearen bitartez jendearengana iris daiteke. Gurean ia 30.000 biztanle bizi gara, eta auzo asko ditu. Zaila da. Ezin gara iritsi pertsona guztiengana, pertsonaz pertsona. Bozkatzeko tokiei dagokienez, hainbat gune izango ditugu… Korapilatsua da. Jende asko mugitu behar da mahaietan egoteko…

Zenbat mahai egongo dira?

Zazpi mahai eta bost gune izango ditugu. Goizean, Durangoko hainbat auzotan eta Ezkurdi plazan kokatuko ditugu mahaiak. Ezkurdi plaza gune bat izango da, eta hor hiru mahai jarriko ditugu, eta beste lau, auzoetan. Bestalde, arratsaldean dena zentralizatuko dugu plazan. Auzoetako mahai bat Ezkurdi plazara eramango dugu.

Zer izan da zailena?

Dena da zaila. Protokolo gogor samarra ezarri diogu geure buruari. Dokumentazio guztia prestatzea, jendea antolatzea, txandak, sortzen diren lan guztiak… Propaganda ere egin behar izan dugu. Eta nahikoa lan eman digu.

Orain artean Bizkaian galdeketak egin dituzten herri handienak Gernika-Lumo eta Bermeo izan dira. Zuenean gerta daitekeenaren zertzeladaren bat eman dezakete bertako emaitzek?

Nahiko genuke. Bi herriotan izandako datuak neuretzat nahiko nituzke. Baina Gernika-Lumon, esaterako, 14.000 pertsona inguruk zuten botoa emateko eskubidea. Gurean ia 25.000 dira. 29.000 biztanletik baino gehiagotik 24.800 herritarrek dute boto eskubidea. 10.000 pertsonaren aldea oso alde handia da.

Zer-nolako babesa lortu du dinamikak herrian?

Elkarteek babes handia eman diote. Bestalde, finantzaketa iturririk handiena tonbola bat izan da. Durangoko saltoki eta taberna guzti-guztietara jo dugu zerbait eskatzera. Eta, oro har, oso ondo portatu dira. Alderdi politikoei dagokienez, udalean ordezkaritza duten zinegotzi guztiek eman digute atxikimendua, PP eta PSE-EEkoek salbu. EAJ, EH Bildu eta Podemos Ahal Dugu-ko ordezkarien atxikimendua izan dugu.