Gerrak esnatutako sumendiak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bando batekoa gaur, eta bestearen menpekoa bihar. Kontraerasoa erasoari galdutako posizioak berreskuratzeko, eta berriz galtzeko; bandera bat tontorrean jarri orduko, bestera aldatzeko. Urrats bat aurrera eta beste bi atzera aritu zen Eusko Gudarostea Bizkaiko mendiguneetan 1937ko maiatzean. Infernuarekin parekatu izan dira Sollube, Jata, Bizkargi eta Lemoatxako tontorretako guduak. Irudi bolkanikoa eman zion George Steer kazetariak, adibidez, Sollubek duela 80 urte zuenari. “Erupzio bete-betean dagoen sumendia ematen du Sollubek. Sugarrak tontor gainetatik ageri dira, gailurrak horien islaz inguratuz, eta maldan behera etortzen dira, laba erreka kiskalgarria balitz bezala”. Ilargiaren kraterren itxurarekin parekatu zuen kazetariak Bizkargiren orduko paisaia ere. Sutan ziren Bizkaiko mendiak maiatzean.

Saibigain eta Intxortako guduen antzera, borroka gogorrenen ospea dute Bizkaiko tontorretako aurrez aurrekoek, eta narrazio epikoak eraiki dira guztien inguruan. Bada kontakizun guztiek nabarmentzen duten ezaugarri bat: bando biek armategian zuten desoreka orekatzen zuen errepublikanoek euskal mendiez zuten ezagutzak, eta faxistek abiazioari esker egindako aurrerakadak geldiarazten zituzten gauez, horregatik. Euzko Gudarosteak galdutako posizioak berreskuratzeko ahaleginetan egin zuen indar, eta argi nabari da maiatzeko guduen estrategiak jasotzen dituzten txostenetan. “Gaua heltzean, edota abiazioaren erabilera eragozten duen eguraldia dagoenean, ahal den kemen guztiarekin kontraerasoko dira etsaiaren posizioak, horiek berreskuratzeko determinazioarekin. Abiazioak atzera eginarazten digun guztietan errepikatuko da maniobra hori”.

Bandera bat eguneko

Bilbo babesteko Burdin Hesitik kanpo geratu ziren Bizkaiko mendialde garaienak, baina hala moduzko defentsa lerroa zuten eraikia, hala ere. Eta tontorrak hartzea estrategikoa zen faxistentzat: Eusko Gudarostearen kanoiak deuseztatzeko, batetik; eta Burdin Hesiaren aurkako operazioa abiatzeko talaiak eskuratzeko, bestetik. Propagandarako ere erabili zituzten gainak, Abc egunkariak Burdin Hesia hautsi zuten eguneko kronikan ondo azaldu bezala: “Franco jeneralisimoak tontorretik [Bizkargitik] begiztatu zuen operazioa, eta artilleria nazionalaren eta legionariaren arteko elkarlan perfektua nabarmendu zuen”.

Azkar aldatzen ziren borroka fronteari buruzko berriak maiatzean zehar. Gudu zelai beraren inguruan kontrakoak ziren mezuak igortzen ziren egun batetik bestera. Maiatzaren 8an galdutzat ematen zuen Bermeoko tontorra Agirre lehendakariak Prietori bidalitako telegraman: “Egoera txit gaitza. Gaur Sollube eta posizio funtsezkoak galdu dira”. Bi egun igarota, guztiz irauli zen egoera. “Gaur, heroien borroka Sollube berreskuratzen hegazkin metraila eta odol errekaren artean”. Eguna egunkarian ere mendietako gertakariek hartu zituzten hilabeteko goiburu nahiz kroniken lehen lerroak. “Gudate au asi zanetik joaldirik gogorenak eta gordiñenak ementxe egiten dirala esatean, ez diñogu guzurik. Paxistak, gaurarte euki ez diuezan arma guztiak onerakoxe batu ditue. Bilbao’k garantzi andia du eurentzat”.

Hiriburua hartzeko azken pausoak besterik ez ziren izango mendiguneetakoak. Horretarako prestatzen ari ziren faxistak, eta, Sollube, Bizkargi eta Jatan bala eta bonbak jaurtitzearekin batera, milaka orri bota zituzten Bilbon, zerutik. Hamaikagarren abisua zen: “Mila aldiz esan du jeneralisimoak eta Espainia berriak gordeko dituela Euzkadiko balio espiritualak eta askatasun tradizionalak. Euzkalerriko biztanleok: utz itzazue armak. Emaiezu bizkarra zuen buruzagi kriminalei, suntsimendu eta hondamenera zaramatzate eta. Francok irabaziko du. Espainia berria nagusituko da betirako. Zuk, langile, lana eta lansari nahikoa izango duzu. Zure eskubideak, zure semeenak eta zure sendiarenak errespetatuko ditugu, eta emango dizugu justizia ogiarekin batera, aberridun izatearen harrotasuna, espainiarra besterik gabe izatearena”. Hilabete falta zen, hain justu, azken kolperako.

Berez, maiatzaren 14an menderatu zuten faxistek Sollube, baina beste hamar egun igaro ziren posizioak behin betirako finkatzeko. Bien bitartean, Bizkargi eta Jatako gainetan borrokan ziharduten. Hilaren 8an abiatu zuten Bizkargiren aurkako erasoa. Bi eguneko epean, hamasei aldiz kontraeraso zioten tontorrari. 120 hildako baino gehiago izan zirela jasotzen du Iñaki Egaña historialariak Gerra Zibila Euskal Herrian liburuan. Madrilgo euskal miliziek Euskadiko borrokei buruz idatzitakoak ere azaltzen ditu Egañak: “Hain gureak diren mendi horietarantz, non frogatzen ari baita zuen borroka kemena, begira ditugula begiak, gaur bihotz gainezka dugun urduritasun garratza desagerraraziko duten berri itxaropentsuen zain geratzen gara”.

Lurpea eta erbestea

11 eguneko gudua izan zen Bizkargikoa, eta, historiografiaren arabera, 1936ko gerrak utzitako pasarterik lazgarrienetakoak utzi zituen mendiak. Norabide berean, gune eredugarria izan zela nabarmendu du Andoni Astigarraga idazleak. “Bizkargiko gaina faxisten guda erasoen lekuko handienetakoa izan zen, eta ordainetan ezertxo ere eskatu gabe dena ematen jakin zuten euskal gudarien heroikotasunaren agerkari gorenetakoa bezala geratuko da historian”.

Txorierriko bailara eta Bizkaiko hiriburua begiztatzen zuten faxistek Bizkargitik, eta Gaztelumendiko lerroan Jaurlaritzak eraikitako defentsa sistemaren kontrola ere bazuten. Gauzak horrela, Molak Bilboren aurkako erasoa maiatzaren 28an abiatzeko agindua eman bazuen ere, ekainaren 11ra atzeratu zuten operazioa. Hedabide faxistek atzeraldia eguraldiari egotzi zioten arren, Espainiako frontean izan zituzten arazoen ondoriozkoa izan zen atzerapena historialarien arabera.

Kalkulaezina da Sollube, Bizkargi eta Jatan hil zen borrokalari kopurua; izan ere, ehunka dira, oraindik ere, lurpean dauden kaskezur zulatuak. Faxistek beren tropetako gorpuak hartzeko aukera izan zuten, eta baita gerora beren nahien arabera ehorzteko ere. Baina errepublikaren alde borrokatutako milizianoek ez zuten zorte bera izan. Galtzaileen bandokoentzat hildako tokia bihurtu zen hilobia, de facto. Gatazka militarraren ondorioz desagertutakoen zerrenda nabarmen handitu zuten Bizkaiko maiatzeko borrokek.

Halarik ere, tontorretako gertakariez haragoko ardura ere bazen Bizkaian. Gero eta nabariagoa zen faxisten aurrerakadari galga jartzea ezinezkoa zela, eta haurren ebakuazioak azkartu zituzten horregatik. Frantzia 300.000 euskaldun hartzeko prest zegoela zioen Euzkadi egunkariak hilaren 5ean. Egun berean, jendetza elkartu zen Santurtziko portuan, gerratik ihes egiteko: Frantziara eta Ingalaterrara, gehienak. Maiatzaren 6an, 2.486 haur jaso zituen Habana transatlantikoak. Ordutik hilaren 13ra bitarte 26.659 herritarrek utzi zuten Bizkaia itsasoz; eta, horien artean, 19.144 ziren haurrak. Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Laguntza Sailaren arabera, 37.930 haur ziren erbestean 1938ko apirilean. Bizi osorako erbestea bihurtu zen askorentzat, eta baita betiereko identitate baten ezaugarri ere: gerrako umeak izenarekin ezagutuko dira ordutik.

Emakume batzorde nazionalak andre eta ama ingelesei idatzitako gutuna ere jasotzen du Egañak 1936ko gerrari buruzko liburukietan. Hala dio: “Emakume ingelesok! Hona Euzkadiko emakumeek zuengandik espero duten gauza bakarra: zuek gobernuari esan diezaiozuela armada italiarrak eta pilotu alemaniarrek egindako hilketa izugarri hau saihestu nahi badute presa dagoela arrazoiaren eta justiziaren nagusigoa ezartzeko”.

Hasi bezala bukatu zen 1937ko maiatza: mendiguneetan. Maiatzaren 29an abiatu zuten faxistek Lemoatxako posizioak hartzeko erasoa, eta ekainaren 5era bitarte iraun zuten borrokaldiek. Uste baino luzeago jo zuten maiatzeko guduek, eta uste baino erresistentzia indartsuagoa egin zuen Euzko Gudarosteak. Mendigunea hartuta, Burdin Hesiaren aurka jo zuten zuzenean, eta ekainaren 12an arrakalatu zuten lerroa.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, jo webgune honetara:

berria.eus/oroiteria