Regueifa eta bertsoa uztartuko dituzte Arratian, bigarren urtez

Regueifa eta bertsoa uztartuko dituzte Arratian, bigarren urtez

Alaitz Armendariz

Euskal Herrian bezala, Galizian ere aritzen dira bertsotan, nahiz eta hemen baino gutxiago aritu. Bertako ahozko inprobisazioari regueifa deritzo, eta iaz, lehen aldiz, topaketa batzuk antolatu zituzten Euskal Herriko eta Galiziako ikasleen artean, bertsolaritza oinarri hartuta. Ikasle euskaldunen eta galegoen arteko kultura eta esperientzia trukea egin zuten 2016an; bertsolaritza eta regueifa landu zituzten bertan. Iaz bezala, bi fase izango ditu topaketak aurten ere: lehena gaur hasiko da, Galiziako 55 ikasle eta bi irakasle Arratiara helduko baitira, eta igandera arte hainbat ekintza egingo dituzte Arratia BHIko ikasleekin batera. Maiatzaren 11tik 14ra, berriz, Arratiako ikasleak joango dira Galiziara.

Gaur bertan harrera egingo diete Galiziako ikasleei Arratiako ikastetxean. Arratsaldean, herrian zehar ibiliko dira; Galiziako ikasleek regueifan egingo dute, eta euskaldunek, bertsotan. “Oilar lehia deritzoguna egingo dugu horrela; batzuek galegoz, eta besteek euskaraz”, argitu du Iñaki Iturriotz bertsolaritza irakasleak. Nork irabazten duen “txalometro” bidez erabakiko dute iluntzean, gaztetxeko finalean.

Haren arabera, “mugarri” bat sortu da Regueibertso topaketetan. “Jendeak jardueretara etorri nahi du, parte hartu, lagundu… Ikasleen gurasoen inplikazioa ere oso handia izaten ari da, baita Bizkaiko Bertsozale Elkartearena ere”, nabarmendu du. Gainera, aipatu du gazteak ere oso “motibatuta” daudela, eta “jabetzen” ari direla zer-nolako garrantzia duen gizartean hizkuntzaren erabilerak, euskarari zein galizierari dagokienez. “Hemendik 700 kilometrora ere beste hizkuntza batean bertsotan egiten dutela ikusarazi nahi diegu gazteei”.

Regueifa “batez ere” festetan sortzen zen bertso bat da, geroago tabernetara eta umore giroetara igaro zena. Orain, gazteentzako berreskuratzen saiatzen ari dira Galiziako Sechu Sende eta Manuel Maseda irakasleak, eta klaseetan ikasteko aukera ematen diete. Apurka-apurka, herrietara ere zabaltzen ari dira. “Horrekin batera, balio berriak txertatzen saiatzen dira irakasleok: berdintasuna eta errespetua. Alegia, tradizioarekin jarrai daitekeela, baina gaur egunera ekarriz”.

Ondarroa eta Zeanuri

Bihar ere egun osoko plana izango dute ikasleek. Zeanurira joango dira; Dantzari Eguna ospatuko dute han, eta bazkalostean bertso eta regueifan arituko dira. Igandean Bizkaiko beste herri bat bisitatuko dute bi taldeek: Ondarroa. “Itsasoari esker, herri horrek lotura handia dauka Galiziako hainbat herrirekin, eta galiziar askoren bizileku da”, arrazoitu du Iturriotzek. Bisita gidatu baten ostean, kale ikuskizun bat inprobisatuko dute, eta trikitia eta gaita joko dituzte, bi kulturen uztarketa gisa.

Maiatzaren 11n joango dira ikasle euskaldunak Galiziara, 14ra arte. Aurten lehen aldiz, Galizia osoko 1.000 ikasle inguru batuko dira Auditorio de Galician, “makroregueifabertso” ekitaldi batean. Bertsoak “bidea” izan daitezke gazteak kulturan barneratzeko, Iturriotzen ustez. “Ikasleei erakutsi nahi diegu gaztelania ez dela beharrezkoa euskaldun batek eta galiziar batek elkar uler dezaten: inprobisazioak egin ahal du lan hori”.