Ongietorrirako Gernika

Ongietorrirako Gernika

Aitziber Laskibar Lizarribar

Duela 80 urteko soinu mingarri bera entzungo da bihar arratsaldean Gernikan. Duela 80 urte bonbardaketen berri eman zuen sirena hots gorgarri bera. Min oihua. Korrika ihesean, alde batetik bestera izango ziren orduko hartan Gernikan ziren herritarrak. Oraingoan, urrats pausatuekin joango dira. Isilik, multzoan, “inbasio isil” baten moduan. Duela 80 urte Gernikan bizi izandakoa gaur ere milioika pertsonak bizi dutela salatuko dute horrela. Munduko herri askotan gerratik ihes egin beharra dutela askok oraindik. Hori gutxi ez, eta ateak itxita aurkitzen dituztela gainera. Gainontzeko herriek babesik gabe uzten dituztela.

Horri aurre egin nahi dio Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Horrenbeste iheslari eragiten dituzten gerrei ezetz esan, mugetan ezartzen diren politikak salatu, eta, ihesean ari direnei elkartasuna adierazi eta besoak zabaldu. Ekitaldiz jositako asteburua antolatu du, horretarako, bihar eta etziko: Ongi Etorri Gernika 2017. “Errefuxiatu eta migranteen inguruan hemen inoiz egin den elkartasun ekitaldi handiena izango da”, azaldu du Marta Abiega plataformako kideak.

Milaka herritar espero ditu. Bai bihar egingo den martxan, bai etziko jardunaldietan. 70 bat herritatik abiatuko dituzte Gernikarako martxak, zutabeetan; gehienak Euskal Herritik, baina baita atzerritik ere. Batzuk bizikletaz joango dira, oinez beste batzuk, eta garraio publikoan besteak. Badira martxa gaur bertan abiatuko dutenak ere.

Saio nagusia bihar 16:00etan izango dute guztiek, Muxikan. Elkartu, eta Gernikara arteko hiru kilometroko ibilbidea egingo dute. Isilik egingo dute azken kilometroa, eta hala sartuko dira 1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten herrian, Astrako sirenaren hotsarekin.

Gernikan, “iraganeko eta gaurko Gernika guztien omenezko ekitaldi hunkigarria” agindu dute antolatzaileek. Errefuxiatu eta migranteei hitza emango zaie bertan, eta baita Gernikako ume izandako emakume bati ere. “80 urtek banatzen dituzte, baina lotuta daude; egoera berak bizi izan dituzte”. Geroago, Arcadi Oliveres i Boadella Bartzelonako Justizia eta Bakea elkartearen presidenteak hitzaldia egingo du. Hausnarketarako eta formaziorako eguna izango da igandea.

Ekimena dagoeneko arrakastatsua dela diote antolatzaileek: 70 herritan baino gehiagotan Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren taldeak sortu direla, eta igandean formaziorako egingo diren jardunaldietarako 400 pertsona inguruk eman dutela izena. 30 hizlari arituko dira horietan.

Hain zuzen, herritarrak prestatzea da ekinaldiaren xedeetako bat, eta horregatik igandeko jarduna: “Euskal Herria babes herria izatea dugu helburu, eta herritarren jarrerak baldintzatuko du hori lortu ahal izatea”, adierazi du German Garcia plataformako kideak. Horretarako, formazioa ezinbestekotzat du. “Mezu faxista eta xenofoboak indar hartzen ari dira, eta horiei aurre egin behar diegu”, hausnartu du. Horregatik, ezinbestekotzat du “ondo formatutako gizartea”. Gaikako tailerrak eta esperientzia mahaiak antolatu dituzte, errealitatea gertuagotik ezagutu, ikasi, hausnartu eta alternatibak proposatzeko. Honako gai hauek aztertuko dituzte:

GAIKAKO TAILERRAK

Babesa eta migrazioa. Europako Batasunaren muga politikak ezagutu, eta alternatibei buruz hausnartuko dute. Gizarte zibilarentzat estrategia eraginkorrak ere bilatuko dituzte. Sos Arrazakeriako Mikel Mazkiaran eta Agustin Unzurrunzaga, Patricia Barcena CEAR Euskadiko zuzendaria eta Agata Sol Rueda eta Antonio Sempere ekintzaileak izango dira hizlari. Legeak, praktikak eta gizarte zibilaren proposamen praktikoak aztertuko dituzte.

Antimilitarismoa. Besteak beste, armamentu merkataritza eta patriarkatua aztertuko dituzte, milioika pertsonak beren herrietatik ihes egiteko arrazoi nagusia “gerra eta horren forma desberdinak” diren arren “beste militarismo batzuek” ere zerikusia dutelakoan. KEMeko Koldobi Velasco, Bakearen Aldeko Ikasketa Zentroko Ainhoa Ruiz Benedicto eta Salhaketako Carlos E. Hernandez arituko dira, lehentasunak identifikatu eta desobedientzia erantzunak proposatzeko.

Feminismoa. Gerragatik ez ezik, beste arrazoi batzugatik ere emigratzen dute emakumeek, hala nola indarkeria matxistagatik eta aniztasun sexualagatik. Emakume asko jaioterria uztera behartzen dituzten arrazoiak eta errefuxiatuen eremuetan, migrazio bidean zein herrialde berrietan bizitzen dituztenak azalduko dituzte CEAReko Beatriz de Lucas Larreak, Save the Childreneko Sara Polo Yrazuk, Cristina Sanchez Hernandez kazetariak, Clementine Beza Bola eta Maria Juncay emakume migratzaileek eta Esther Ferrera kazetariak.

Arrazismoa, xenofobia eta faxismoa. Errefuxiatuen etorreraren inguruan nahita sortzen diren irudi desitxuratuei aurre egitea da tailerraren helburua; zergatik datozen ulertzea, muturreko eskumak Europan izan duen gorakada aztertzea, eta erantzun xenofobo, arrazista eta faxistei nola aurre egin pentsatzea. Leila Nachawati Rego Madrilgo Carlos III unibertsitateko irakaslea eta Victor Pozas Pardo EHUkoa arituko dira.

Antikapitalismoa. Kapitalismoa eta enpresa transnazionalak, patriarkatua eta krisi ekologikoak. Lotuta daude antolatzaileen hitzetan, eta lekualdatze askoren kausa dira. Juan Hernandez Zubizarreta EHUko irakaslea, Txefi Roco ikertzaile feminista, Ritxi Hernandez Abaitua Hitz&hitz-eko kidea eta CEAReko Raquel de Celis izango dira hizlariak.

ESPERIENTZIA MAHAIAK

Harrera esperientziak. Errefuxiatuei harrera emateko moduak eta esperientzia zehatzak ezagutzeko aukera emango du. Atenasko auzoetan arrazismoaren aurka egiten ari den borroka azalduko du Katerina Sergiduk; Ionna Gaitanik Greziako errefuxiatu kanpamentuen berri emango du; Kostas Papadopulosek Greziako eskoletan faxismoaren aurka egiten ari den erresistentzia azalduko du; eta Pablo Pampa Madrilgo harrerarako esperientziari buruz arituko da. Ekintzak koordinatu eta sare bat osatzea ere badu helburu mahai horrek.

Ceuta eta Melilla. Espainiako Estatua eta Europako Batasuna nola jokatzen ari diren aztertu, eta zenbait harrera esperientzia ezagutaraziko dituzte. Jose Luis Villena Melillako Unibertsitateko irakaslea, Antonio Sempere kazetaria, Mahud Traore idazlea, Ana Maria Rosado Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteko kidea eta Itziar Fernandez Mendizabal Ongi Etorri Errefuxiatuak-eko kidea izango dira hizlariak.

Desobedientzia. Desobedientzia zibila gaur egun baliagarria den aztertuko dute; zerbait lortu ote dezakeen eta, horretarako, ohiko ereduak egokitu egin behar diren. Hainbat esperientzia jarriko dituzte mahai gainean Begoña Huartek —Grezian errefuxiatuak lekualdatzen saiatzea leporatuta atxilotu zutenak—, Txefi Roco ikertzaile feministak, Irati Tobar Lurralde Askea-ko aktibistak eta Mar R. Gimena KEMeko kideak.