“Gure ondarea errespetatzen duen turismoa behar dugu”

“Gure ondarea errespetatzen duen turismoa behar dugu”

Natalia Salazar Orbe

Bermeon turismoa areagotu delako pozik azaldu bada ere, Idurre Bideguren alkateak (Bermeo, 1979) uste du neurriak hartzeko premia dagoela bai paisaia eta natura zaintzeko, bai turistei merezi duten bisita bermatzeko.

Bisitari kopuruaren eraginez, Aste Santuan Bermeon alarma guztiak piztu direla adierazi duzu. Zer gertatu da?

Turismo igoera handia izan da. Beste herri batzuetan ere gertatu da. Hori positiboa da, gero eta herritar gehiago ari dira-eta turismoari begira lanean. Gure herrian bisitari gehien jasotzen duen lekua Gaztelugatxe da. Jende mordoa pilatu da bertan Aste Santuan. Aspaldiko kontua da. Gero eta jende gehiago joaten da hara; bereziki, udan eta Aste Santuan. Gaztelugatxen hobetu beharrekoak hobetu behar ditugu. Izan ere, puntu hori oso erakargarria da, eta aukera mordoa eskaintzen ditu. Era berean, ondo kudeatu behar da.

Neurri batzuk hartu dituzue.

Urte batzuk daramatzagu aldundiarekin batera aztertzen zeintzuk diren Gaztelugatxen hobetu beharreko gauzak, diagnosi bat egin eta plangintza integral bat egiteko asmotan. Baina Aste Santuan aurreikuspen guztiak gainditu dira, eta irudi oso esanguratsuak izan dira: une batzuetan bisitari kopuru handia pilatu da. Leku batek erakargarritasuna galtzen du bertan jende gehiegi pilatzen denean. Ez genuke nahi gurean horrelakorik gertatzea.

Zer proposatzen duzue?

Neurriak hartu behar ditugu; bisitari kopurua behar bezala kudeatu behar dugu. Hainbat era daude: alde batetik, kontrolatu egin behar da zenbat bisitari dauzkagun. Horretarako, aurten aldundiak bi bulego jarri ditu. Informazio puntu horietara joan direnak zenbatzeko aukera eman dute horiek. Hala, orain lehen ez geneukan datu bat daukagu. Bestalde, trafiko arazoak izaten dira. Beraz, iaz egin genuen bezala, aurten ere autobus zerbitzu publikoa jarri dugu herritik.

Zenbat erabiltzaile izan ditu?

Mila inguru bisitarik aprobetxatu dute. Autokarabanen gune bat daukagu, eta %100ean beteta egon da. Horiek ere arazoak izan dituzte Gaztelugatxera gerturatzeko, trafiko arazoengatik. Beraz, erabiltzaile horiek ere asko eskertu dute autobusaren aukera. Beste aukera bat izan da turismo aktiboak itsasoa erabilita antolatzen dituen bisitena. Horretarako eskariak areagotu dira. Gero eta negozio gehiago ari dira horretan, zorionez. Gaztelugatxe bisitatzeko beste era erakargarri bat da itsasoz egiteko hori. Bide horiek baliatuta turismoa banatu dugu. Pentsa beharko ditugu beste neurri batzuk ere. Datorren astean bilera izango dugu aldundiarekin. Daukagun eskariari era egoki batean zelan erantzun erabaki beharko dugu. Kalitatezko turismoa nahi dugu. Bisitari mordoa han pilatzea eta trafiko arazoak egotea ez da kalitatezko turismoa. Leku erakargarria da, eta balio paisajistiko handia dauka. Hobeto kudeatzen asmatu behar dugu. Jakin behar dugu zeintzuk diren ahultasunak eta zein aukera eskaintzen dituen.

Sarrera ordaintzeko proposamenak ere entzun dira. Zer deritzozu? Zer daukazue buruan?

Dena aztertu behar da. Horri buruz hitz egin da hainbat bileratan. Oraindik ez dugu hartu erabakirik. Argi dagoena da bisitari kopurua kudeatu behar dugula. Sarrera ordainduta soilik ez dugu lortuko gure helburua. Neurri bakar bat ez da izango nahikoa. Aldundiaren eta udalaren ardura da gune hori. Plangintza integrala lantzen jarraitzeko konpromisoa hartu du aldundiak. Baina plangintza hori bukatu aurretik arazoak sortu dira. Beraz, ezin gaitezke zain egon. Beharrezkoa da ikuspuntu ugaritatik aztertzea gune hori, baina beharrezkoa da, era berean, epe laburrean neurriak hartzea.

Kalitatezko turismoa aipatu duzu. Zein turismo eredu bultzatu beharko litzateke Urdaibain?

Urdaibaik duen altxor nagusia gure ondarea eta paisaia dira. Gure ondarea eta paisaia edo natura errespetatzen dituen turismoa behar dugu. Etorkizunean ere gustatuko litzaiguke Urdaibaik duen balio hori mantentzea, eta, mantentzeko, gure garapen ekonomikoak errespetu osoa izan behar du gune horrekiko. Bestalde, kalitatezkoak esan nahi du hona datorren turistak hemendik daraman sentsazioak izan behar duela, gutxienez, espero zuenaren bestekoa. Gaztelugatxeri buruzko itxaropenak oso handiak dira, turismo mailan saltzen diren produktu onenetariko bat da eta. Eta hona datorrenak merezi du sentitzea lehen mailako produktu batera etorri dela. Era horretako gune bat masifikatuta egotea ez da kalitatezko turismoa. Gune bakoitzak gehienez har dezakeen bisitari kopuru bat du. Eta hori neurtzen jakin behar da. Hori eginda, gunea bera errespetatzen da; baita bisitariak ere.

Oro har, zenbat bisitari joan dira Bermeora?

Autokarabanen gunea %100 bete da; baita ostatuak ere. Daukagun eskaintza beteta egon da. Horrek agerian uzten du turismoa igo egin dela. Turismo bulegora jo dutenen kopuruari dagokienez ere, igoera nabarmena izan da. Bermeoko bulegotik 1.321 bisitari pasatu dira. Eta Gaztelugatxeko bulegoetatik, ia 5.000. Kopuru handia da. Iazko datuekin alderatuta, %11,5 gehiago izan dira, eta 2015ean baino %41 gehiago.