Zientzien munduko txapelketako finalean izango da Begoñazpi ikastola

Zientzien munduko txapelketako finalean izango da Begoñazpi ikastola

Alaitz Armendariz

First Lego League txapelketa eskola zientziaren arloko nazioarteko lehiaketarik ospetsuenetarikoa da, eta Bilboko Begoñazpi ikastola norgehiagokaren azken fasera iritsi da. Robotekin lotutako proiektu bati esker lortu dute Txurdinagako ikastolako sei ikaslek finalera heltzea, eta horrekin mundu osoko 400 eskola talderekin lehiatuko dira Missouri estatuko Saint Louis hirian (AEB), apirilaren 26tik 29ra. Proiektua ahalik eta hobekien defendatzeaz gain, ikasleek eurek sortutako robota probatu beharko dute, lehiaketak mundu osoan erabili duen gaiarekin lotura duena: gizakien eta animalien arteko “aliantza”.

First Lego League txapelketaren sailkapen probak munduko 88 herrialdetan egiten dituzte urtero-urtero, 255.000 gazteren baino gehiagoren artean “bokazio zientifiko eta teknologikoak” iratzartzeko helburuarekin. Horretarako, berrikuntza, sormena, talde lana, komunikazioa eta arazoen konponketa sustatzen dituzten ikasketa esperientziak antolatzen dituzte.

Eskolako robotika, zientzia eta teknologia lehiaketaren munduko finalera iritsi aurretik, Faunity taldea osatzen duten Begoñazpi ikastolako sei ikasleek Soluzio Berritzaileen lehen saria irabazi zuten martxoan, estatu mailako First Lego Leagueren finalean. Lehiaketaren fase horretarako, supermerkatuetan erabiltzeko moduko poltsa biodegradagarriak sortzeko proiektu bat garatu zuten. Denda eta supermerkatuetara zuzendutako proiektu horren bidez ohiko plastikozko poltsek sortzen duten kutsadura bukatuko litzatekeela diote.

Estatu mailako finalean epaileek Begoñazpiko ikasleen proposamenaren “erabilgarritasuna” hartu zuten kontuan, ideiak era guztietako diziplina teknologiko eta zientifikoak barne hartzen dituelako; baita ekonomia, fisika, kimika, matematika eta hizkuntzak ere. Ingelesez aurkeztu zuten orduko hartan proiektua, eta AEBetan ere hala egin beharko dute. Sari horri esker, Begoñazpiko ikasleek Danimarkan maiatz amaieran jokatuko den First Lego Leagueko nazioarteko txapelketa batean parte hartzeko eskubidea irabazi zuten, baina, azkenean, Saint Louiseko finalera joango dira zuzenean, talde batek uko egin diolako AEBetara joateari.

Bere proiektuan, Begoñazpiko taldeak uretan disolbatzen den polibinilo alkohola (PVA) deitzen den polimero ez-toxikoa erabili du, denda eta supermerkatuetan kontsumitzeko moduko poltsa biodegradagarriak sortzeko. Ikasleek badituzte poltsa horiek dagoeneko, eta horiek merkaturatzeko prest agertu den Granadako Plasticos Alhambra enpresarekin harremanetan jarri dira.

Bilboko ikastolako ikasleen ekimen “berritzaile” horrek euriak sor ditzakeen arazoak konpontzen ditu denborazko patina baten bidez. Baita denden marken tintarena ere: Txinan ekoitzitako tinta biodegradagarri bat aurkitu dute. Poltsa berri horiek plastikoak sortzen duen kutsadura handia saihestuko lukete. Ikasleek egindako analisi baten arabera, ohiko poltsek 8.000 tona plastiko ez-degradagarri sortzen dituzte urtero.

Ez da lehen finala

Aste Santuko oporretan, Begoñazpiko ikasleak munduko lehiaketako prestaketa lanak amaitzen ibili dira ikastolan; robotarekin AEBetan egin beharreko aurkezpen eta lanak optimizatu dituzte, ahalik eta emaitza “onena” lortu ahal izateko.

Ikastolatik azaldu dutenez, norgehiagoka horren finalean parte hartzea “goreneko jazoera” da ikastegiarentzat. Gainera, nabarmendu dute ez dela izango mota horretako lehen finala; izan ere, 2016. urtean Global Innovation Award lehiaketako finalean parte hartu zuen AEBetako hiriburuan, Washingtonen. Lehiaketa bereko diziplina horrek proiektu zientifiko “berritzaileak” bakarrik ebaluatzen ditu. Orduko hartan, ikastolako paper zapi bustiak erabiltzea proposatu zuten Begoñazpi ikastolako parte hartzaileek; edredoiak edo berokiak ekoiztea lortu nahi zuten horrela.

First Lego League nazioarteko lehiaketako finalera iristea ahalbidetu dien proiektu honetaz gain, Innobasque euskal berrikuntza agentziak antolatzen duen txapelketa ere irabazi zuen, duela pare bat hilabete.