Zerua

Nerea Ibarzabal

Pentsaera fatalista eta tipikoa da, baina maiz iruditzen zait —errotik— alda zitekeen dena XX. mendean aldatu zutela. Zer geratzen zaigu berrioi, George Orwellek bete-betean asmatu zuela esateaz gain, ziberbullyingari aurre egiteaz gain, Interneteko foroetan ezezagunekin eztabaida infinituak edukitzeaz gain. Sistemari bere horretan eusteko belaunaldi prestatuena, bakoitzaren gurasoei interesatzen zaien errelatuaren eramaile huts, herrigintzan geroz eta gutxiago sinesten duen gazte aldra ekintzailea —uler bedi enprendedorea, arren—.

Garai zaharren nostalgia ere ez zaigu geratzen. Mundua alda dezakegula sinesten dugun lauzpabost urteak pasatutakoan, aski zantzu ditugu jada gugandik kilometrotara, estratosferan dauden instituzio eta boteredun horien aurka ezer gutxi egin daitekeela ulertzeko. “Ez nintzen marjinal izatera etorri, zeruak asaltatzera baizik”, dio Los Chikos del Maizen kantu batek euskarara ekarrita, baina nola hartu zeruak, kaleak ere ez badira gureak ia. Hain dago makineria perfektua zeru horretan, ez baitakit zein momentutan utzi genion hainbeste indartzen, ze momentutan delegatu genien dena. Eta hain ondo diseinatu zuten boteredunen zerua, non bakarrik berak suntsi baitezake bere burua krisi ziklikoekin, eta hala ere ezin dugu gainetik kendu. Horrelakoetan pentsatzen dut agian XX. mendean ere ez zenutela gauza handirik aldatu berez.

Horregatik gutxiesten dituzte herri-ekimenak aipu-kazetaritza egitera ohitu diren kazetari loritoek, horregatik bizi dira hain lasai aipu-politika egitera ohitu diren politikari indioilarrak.

Zerutar gehiago daude atzean: AEBetako banderako arranoa, zentral nuklearra zabalduko duen pinguino trajeduna, burua lurrean sartuko duen epaile ostruka, Elizaren trapu zaharrak gordeko dituen zikoina, etxegabetzeak bultzatuko dituen putrea, terrenoak birkalifikatuko dituen okila, kultura gutxietsiko duen flamenkoa, txantxangorri elebakarra, mozolo matxista, loteriaren distrakzio-funtzio bera duen kukua eta “inoizko aurrekonturik sozialenak” sinatuko dituzten zozoa eta belea. Desberdinak diruditen arren, erritmo eta norabide berean mugitzen ikasi duten hegazti arrek saretzen dute zeru ukiezin hori.

Agian gure belaunaldiari erabakitzea dagokio, aurreko guztiei bezala. Sistema ezin dela aldatu sinetsi baina tokian tokiko alternatibak sortzea ahal den heinean, edo sistema ezin dela aldatu sinetsi eta kexatzea —ahal den heinean—, edo sistema alda daitekeela sinetsi eta Facebook bidez salatzea… Ez dakit, iruditzen zait, behin puntu batera helduta, norbere ongizate minimoa bilatu eta isiltzera garamatzatela bidezidor guztiek, eta hala izan dela beti, beharbada. Horrela berunezko zeruak ere eutsiko lioke erori gabe.