“Haurren Hiriak ez du bilatzen haurren neurrira egin behar den herri bat”

“Haurren Hiriak ez du bilatzen haurren neurrira egin behar den herri bat”

N. S. O.

2000. urtean abiatu zuten Leioan umeen parte hartzea sustatzeko helburua zuen Herrigune proiektua. Proiektuaren forma aldatuz joan da urteekin, betiere, umeekiko harremanak eta praktika ohiturak berrikusteko asmoz. Eukene Fernandez (Bilbo, 1977) Solasgune elkarteko hezitzaileak azaldu du zer-nola gauzatzen diren umeen proposamenak.

Zelan gauzatzen duzue umeen parte hartzea?

Umeek udalarekiko zer-nolako harremana zuten aztertu genuen lehen urteetan. Elkar Hazi proiektuari ekin genion. Udaleko batzordeak harremanetan jartzen ziren eskolekin, eta aurkeztu egiten zieten zer egiten zuten eta zeintzuk helburu zituen bakoitzak. Ikasleek galderak eta proposamenak egiten zizkioten udalari. Zinegotziek proposamen horiek kontuan hartzen zituzten batzordeetan eta proiektuak definitzeko orduan. Era horretako hainbat proiektu txiki egin ditugu.

Geroago, Francesco Tonucci ezagutu genuen. 2004a izango zen. Umeen Kontseilua martxan jartzeari ekin genion. Diagnosiak egiten hasi ginen: kiroldegiarena, kultur etxearena, mugikortasunarena… Kontseilua ardatz handi bat izan da. Umeen kontseiluak alkatearekin egiten du lan. Era horretan ari gara azken bederatzi edo hamar urteetan.

Edozein kontsulta organoren antzera antolatzen da. Haurrek 9 eta 12 urte artean dituzte. Leioako hamabi ikastetxeetan galdetzen dugu zeinek nahi duen parte hartu. Prest daudenen artean zozketa zorrotza egiten dugu, aukeraketa helduen esku gera ez dadin. 20-24 ume ateratzen ditugu. Hilean behin elkartzen gara gutxienez, eskola orduetan.

Zer-nolakoak dira bilerak?

Alkateak bere kezka, ardurak edo esku artean dituen proiektuak planteatzen dizkie. Eta aholkua eskatu. Umeek proposamenak egiten dituzte. Batzuetan, galdera oso zehatzak dira. Beste batzuetan, oso irekiak. “Zer beharko zenukete Leioan hobeto eta alaiago bizitzeko?”, izan daiteke bat. Erantzunak, denetarikoak: gozotegi dendak nahi dituztela doan; edo San Bartolome eta Lamiako lotzeko tirolina bat jartzeko eskaera. Beste batzuetan, galdera zehatzagoak dira: Leioako gune zehatz batean hirigintza plana zelan gauza nahiko luketen, esaterako.

Zein bide egiten dute proposamenek?

Proposamen horiek lantzen diren bitartean teknikoekin elkarlana egin behar da, askotan kezka teknikoak sortzen baitira. Prozesuan zehar askotan batzartu behar izaten dute alkatearekin edo zinegotziekin, kontrastatzeko bateko eta besteko informazioa, eta proiektuak bideragarriak diren ala ez ebazteko. Proiektu asko izaten dira martxan aldi berean. Sarri, alkateak egindako planteamenduei ez beste batzuei irizten diete garrantzitsuago umeek. Alkateak hartu eta osoko bilkurara eramaten ditu. Eta horien inguruan hartzen dira erabakiak.

Gauzatu al da umeen proposamenik?

Lehenengo urtean diagnosia egiten aritu ginen, eta gauza txiki eta zehatzak aldatu ziren. Esaterako, aztertu genuen udal eraikinek zer-nolako baldintzak eskaintzen zituzten umeak helduen presentziarik gabe aritzeko. Kultur etxeko atea oso astuna zen, eta ezin zen ireki. Beraz, aldatu egin zen.

Hurrengo bi urteetan aquarium bat egiteko proiektuarekin aritu ziren. Donostiako aquariumeko arduradunekin izan ziren, unibertsitateko biologia irakasleekin… Eta proiektu oso interesgarria egin zuten, baina gastu handia eskatzen zuen: 400.000 euro aurreikusi zituzten. Udaleko teknikariek, proposamen hori hartuta, beste aurrekontu bat egin behar izan zuten, kopuruak ez zetozelako bat errealitatearekin. 690.000 euro atera ziren. Beraz, prozesu guztia egin zen, baina azkenean erabaki zuten ezin zela egin era horretako inbertsio bat.

Bestalde, Leioako parke handi batean zerbait egiteko plana zuen udalak duela bi urte. Umeen Kontseiluaren esku utzita, Guztion Parkea deritzona diseinatu dute. Eurek egindako proposamenak sartu dira lanak egiteko baldintzak jasotzen dituzten agirietan. Plana gauzatzen dutenean, kontuan izan beharko dituzte.

Umeek aisialdia aske goza dezaten lanik egiten al duzue?

Haurren Hiriak ez du bilatzen haurren neurrira egin behar den herri bat. Haurrentzako onuragarria dena denontzako onuragarria dela esan nahi du. Haurrekin ari garenean desberdinekin ari gara lanean. Aniztasuna eta errealitatea agerian ipintzea da helburua. Eta, autonomiaz ari garenean, ez dugu esan nahi etxetik eskolarako bidea landu behar dugunik. Sinbolo gisa balio dezake, baina era horretan uzteak ez dauka baliorik. Nire alaba etxetik eskolara joan daiteke markatuta dagoen bide batetik, baina musika eskolara joateko ni banoa berarekin edo okindegira bakarrik joaten ez badiot uzten, alferrik da. Bizi Bideak gure proiektuak dio hirigintza ikuspegitik landu behar direla edonorentzako bideak. Hainbat gauza egiten ditugu ildo horretan: Leioan Zelan Bizi deitzen den herritarren lantalde bat daukagu horretan lanean; guraso eta ume talde bat ere ari da bizikletei buruzko hausnarketa egiten… Beraz, Eskola Bidea aitzakia da mahai gainean ipintzeko umeek, eskolan edo etxean utzita, ez dutela askatasunik ez erantzukizunik hartzeko aukerarik. 18 urte dituztenean, ordea, oso autonomo izan behar dutela suposatzen da, eta erantzukizunak hartu behar dituztela.