“Bide seguruen sarea proposatuko diogu udalari 28ko bileran”

“Bide seguruen sarea proposatuko diogu udalari 28ko bileran”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bizikleta garraiobide gisa ulertzen du Marta Abiegak (Laudio, 1965), eta hala erabiltzen du hiriburuan. Baina badaki arriskutsua dela. Bide seguruak aldarrikatu ditu, eta udalari hartuta dauzkan konpromisoak betetzeko eskatu dio. Gaur zortzi bilduko da bere elkartea Bilboko Udalarekin, eta, besteak beste, bidegorrien edo bizikletentzako bide seguruen sarea egiteko proposamen zehatza aurkeztuko dio.

Duela gutxi bidegorrietan bi istripu larri izan direla salatu duzue. Zer gertatu da?

Kasu bietan bidegorrietan izan dira istripuak. Bata San Ignazio parean izan da. Bidegorri luze bat dago Deustutik San Ignaziora, bidegorri ondoan galtzada dago, eta hainbat tokitan autoek bertatik sartu behar dute. Kasu horretan, eskumara sartu behar zuen furgoneta batek. Eta izan daiteke bizikletak datozen begiratzeko ohiturarik ez daukagulako edo furgonetak angulo hila zuelako, baina kontua da furgonetaren gidariak ez zuela bizikleta ikusi, eskuma aldera egin zuela, eta bizikletan zetorren emakumea eta bere alabatxoa aurretik eraman zituela. Zorionez, alabari ez zaio ezer gertatu, eta, zoritxarrez, emakumearen egoera gero eta larriagoa da. Koman jarraitzen du, oso-oso larri. Bidegorri horrek arazo gehiago ere baditu, adibidez semaforoena. Batzuetan, semaforoa autoentzat laranja egoten da, eta bizikletentzat, berdea. Puntu iluna da hori, oso erraza delako autoak aurrera egitea bizikletak etor daitezkeela pentsatu gabe.

Zer gertatu zen beste istripuan?

Ohiko beste arazo bat: garajetik ateratzen ari zen auto batek eraman zuen aurretik. Zunzunegi kalean izan zen. Garajetik ateratzean, aurrez aurre daukazu bidegorria, eta zerbait falta da autoak konturatzeko bidegorria dagoela bertan. Hor harrapatu zuen autoak bizikleta. Gainera, juxtu tranbia zetorren… Zorionez, denbora izan zuen geratzeko.

Kasu bietan arrazoia bera da. Guk, behin eta berriz, udalarekin eta teknikariekin hitz egiten dugunean azpimarratzen dugu bidegorri hitzak segurtasun esanahia izan behar duela; hau da, bidegorriak izan behar duela toki bat non zure 10 urteko semea utziko zenukeen lasai ibiltzen. Semaforo horiek, garajeetako irteera horiek… ez dira sartzen bidegorri seguruaren kontzeptuan.

Hori eskatu duzue udaletxe aurreko protestan? Segurtasun neurriak jartzeko bidegorriak dauden lekuetan?

Bai, hori azpimarratzen dugu bereziki aspalditik, zeren 2013an Bilboko Udalak osoko bilkuran eta aho batez onartu zuen trafiko baretzea. Bilbon 30 km/h deitzen zen programa. Bilbo erdiguneko kaleak lasaitzea eta gehienezko abiadura orduko 30 kilometrokoa izatea jasotzen zuen programa horrek. Onartu zuten, baina gehiagorik ez da egin. Eta gero istripuak gertatzen dira. Ez dugu ahazten duela urtebete, maiatzean, istripu larria izan zela, eta horren ondorioz, Jabi, lehenengo biktima, hil zela; hilabete egon zen koman, eta azkenean hil egin zen. Egia esan, haserre gaude Bilboko Udalarekin, behin eta berriro sinatu dituen akordioak bete gabe daudelako.

Eta joera oso argia dago. Estatu mailan, bai Valentzian, bai Sevillan, bai Bartzelonan eta beste hiri askotan bizikletak kaleetan eta galtzadetan ibiltzeko neurriak indartu dira, eta gero eta aukera ziurragoak daude galtzadatik ibiltzeko. Baina Bilboko Udalean, ez dakigu zergatik, ez digute kasurik egiten. Ez gaituzte seriotan hartzen. Pentsatzen dute polita geratzen dela bizikletak ikustea, baina benetan ez garela irtenbide bat trafikoa baretzeko, autoak ateratzeko erdigunetik… Guk uste dugu benetan sostengarriak garela eta kontuan hartu behar dutela seriotasunez.

Beraz, uste duzu udalak ez duela, benetan, bizikleta garraiobide gisa ulertzen?

Hori uste dugu, eta adibide asko daude: Ni Txurdinagan bizi naiz. Santutxun, azken urteetan, espaloiak zabaldu dituzte, izugarriak jarri dituzte autoei lekua kenduta. Hori oso ondo dago. Baina ez dute kontuan hartu bizikleta. Bizikleta behartuta dago galtzadatik joatera. Espaloiak zabaldu dituztenean, bizikletentzako bideak jartzeko aukera zegoen, baina ez dute egin. Planifikatu behar da oso ondo, gaia seriotan hartu eta horretara jarri. Guk esaten dugu bidegorria egitea ez dela galtzadetan zati bat sobera geratzen denean jartzea bakarrik. Gaur egun, badago gida oso zehatza azaltzen duena zein baldintza bete behar diren bidegorri seguruak egiteko.

Ikuspegi kontrajarriak egoten dira bidegorrien inguruan: batzuek bidegorrien alde egiten dute. Besteek diote errepidean segurtasunez ibiltzeko aukera behar dela, bidegorriak ez direnez errespetatzen sarri seguruagoa delako errepidea.

Bai, arrazoi duzu. Zein da arazoa? Egiten direla bidegorriak planifikatu gabe eta segurtasun neurriak kontuan hartu gabe. Hori oso inportantea da: bidegorria izan behar da oso segurua. Eta trafiko sarea baretzearen aldeko apustua ere hor dago. Autoak atera behar dira Bilbotik. Bilbo hiria berreskuratu behar dugu jendearentzat: oinezkoentzat eta bizikletaz ibiltzen garenontzat. Eta ez bakarrik osasunagatik. Egunero 313.000 auto sartzen dira Bilbon, eta hori disparate bat da. Autoak atera behar ditugu hiritik, eta, horretarako, oztopatu egin behar da erabilera; ez sustatu. Egin daiteke, eta adibideak badaude. Pontevedra hirian, 100.000 auto zeuden lehen, eta 14.000 egun. Hori da benetako apustua egin dutelako zailtasunak jartzeko autoei.

Beste gauza bat deigarria egiten zaiguna da 2005ean bizikleta publikoa, maileguzkoa, jarri zela abian. Baina hiria ez zegoen prestatua bizikletaz ibiltzeko, eta, ondorioz, askotan ikusten ditugu espaloitik bizikleta publikoak. Orain, udala pentsatzen ari da elektrifikatzea. Horrek abiadura dezente handituko du. Hiria prestatu gabe jarraitzen badugu eta elektrifikatzen baditugu bizikletak, pentsatu zein abiaduran joango diren espaloietatik! Beti bezala, etxea teilatutik eraikitzen ari dira. Guk defendatzen dugu baretzea ezinbestekoa dela, autoak ateratzea ezinbestekoa dela, baina, aldi berean, sare bat behar dela; bidegorri sare bat, bide seguruen sare bat behar dela hirian ibiltzeko toki batetik bestera. Biziz Bizik sare bat prestatu du jendeari galdetuta; proposamen bat egin du. Udalarekin bilera daukagu 28an. Bide seguruen sare hori proposatuko diogu 28ko bileran; trafikoa baretzea, eta sare hori egitea. Bizikletaren inguruan interesa daukagun elkarte guztiok parte hartuko dugun mahai bat osatzeko ere eskatu diogu.

Gaur egun zehazten ari diren hiri antolamendurako plan orokorrarekiko kezka ere agertu duzue. Zergatik?

Kontuan hartu hori luzerako plana dela; hiria urte askotarako antolatzeko plana. Eta plan horretan bizikleta ez da ia agertu ere egiten. Zehazten da zelan sartuko den AHTa Bilbon, nola egingo diren tunelak, errepideak eta autoei begirako azpiegitura berriak, eta bizikleta ia-ia ez da aipatu ere egiten. Horrek kezkatzen gaitu, eta horretan ari gara gaur egun: ea lortzen dugun udalarekin zerbait egitea. Datu bat emango dizut: OCUk atera berri duen informazioak dio estatu mailan Madril dela zerrendan azkena dagoen hiria bizikletarako prestakuntzari dagokionez. Madril da azkena, baina Bilbo azken-aurrekoa da! Udalak neurriak har ditzan saiatzen ari gara, baina egia da gu haiekin biltzen garenean beti hitz onak jasotzen ditugun arren gero ez digutela kasurik egiten. Horrekin oso haserre gaude.