Zuk

Igor Elordui Etxebarria

Duela hamabost eguneko sekzio honetako iritzi-artikuluari Bat ipini nion izenburua. Eta esan nuen zutabearen izena Parajetik izan beharrean Furgonetatik izan beharko zukeela. Izan ere, Korrika Otxandion hasi eta hurrengo egunean publikatu zen, Korrika Nafarroan zebilelarik (eta ni, furgonetero, berarekin).

Bete dira, bai, duela bi asteko artikuluan iragarritakoak. Ikusi dugu Korrikaren furgonetatik mundu bat, kultura bat eta hizkuntza bat maite dituen herri bat. Ikusi ditugu edade guztietako korrikalarien aurpegietan poza eta ilusioa, barreak eta malkoak. Ikusi ditugu kirolariak, parrandazaleak, dantzariak, bertsolariak, trikitilariak, suhiltzaileak bide bazterretan agur egiten kamioien sirena-hotsez, joaldunak korrikalarien erritmoan zintzarriei eraginez, gauez herri oso bat argi-suziekin pasilloa egiten, perkusionistak, albokariak, txalapartariak… Denak bat Korrikaren alde, bat euskararen alde.

Martxoaren 31ko artikulua Bat izan bazen, derrigorrean izan behar du gaurkoaren izenburuak Zuk.

Hunkitu nauzu zuk, Edurne Brouard, hainbeste Korrikatan arduradun izandako hori. Zure pasioak hunkitu nau, Korrika hasi aurretik furgoneten atzerako ispiluetan lore-sorta ipintzen jarraitzen duzulako, Korrikaren protokolo ofizialetik kanpoko zeremonia intimo eta sentituan. Hunkitu nauzu zuk, Maddi Kanpo, Joseba Kanpo Korrikaren sortzaileetako bat izan zenaren alaba zaren hori. Zure negarrak hunkitu nau, aita eta ama gomutan, Korrikaren lehen kilometroan (txapelduna zara). Hunkitu nauzu zuk, Juan Gorriti, nor eta lekukoaren egilea zaren hori. Zure urduritasunak hunkitu nau, lehen mila kilometroak paseak, Betelun, Korrikari oroigarria eman eta olerkia irakurri duzunean: berriz heldu haiz etxera, baina hi ez haiz gelditzekoa eta segitzak aurrera, eraman gaitzak hazten ari den euskararen oihanera. Eta hunkitu nauzu zuk, Joseba Sarrionandia, Sarri. Zure ahotsak hunkitu nau bafleetatik irteten entzutean (zaila dugu sortzea doinu gozoagorik, Sarri dio herriak xanpainaz ospaturik). Normaltasunaren kontrako ekintza bat, euskaraz egitea normaltasunaren kontra egitea den legez, zuk zeuk mezuan adierazi bezala.

Eta hunkitu nauzu zuk, gazte; zuk, ume; zuk andrea; zuk gizona; zuk laborari; zuk, langile; zuk langabetu; zuk, preso; zuk, senide; zuk ikasle; zuk, irakasle; zuk jubilatu; zuk, euskaltzale…

Kolosala izan da, hasieratik amaierara, baina pasatu da jada. Korrika euskaldunok behar dugun txutea da, gizarte zibilaren beste garaipen bat dela esatera ere ausartzen naiz, garai berriok gogoan. Baina ez da nahikoa, eta ez da, berez, helburua. Ea, behingoz, euskararen alde egotetik euskaraz aritzera jauzi emateko gai garen. Bi urte barru, gaurko egunez, 2019ko apirilaren 14an, 21. Korrikaren amaiera-eguna izango da. Mende berriko lehen Korrikan, 12. Korrikan (2001ean), “Mundu bat euskarara bildu” esan genuen. Mendea euskarara biltzen hasteko garaia da, ehun urte pasatu aurretik.