Iraganeko egien etorkizuna

Iraganeko egien etorkizuna

A. Larrabe Arnaiz

Hiru jauzi. 1937ko apirilaren 26a, 1987ko apirilaren 26a, eta 2017ko apirilaren 26a. Bat: Gernikako sarraskia. Bi: 50. urteurrena eta Gernikako bonbardaketari buruzko egia aldarrikatzeko ekitaldia. Hiru: Gernika hartatik gaur egungo Gernikara, oroimen ariketa kolektiboa. Hiru jauzitan hiru urrats egiteko proposamena bildu du GITE Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak osatu berri duen Gernikaren egiak liburuxkan.

Gernika Batzordeak hainbat ekitaldi egin zituen 1987an, herriko bonbardaketaren 30. urteurrenaren harira; tartean, Gernikaren egia mahai ingurua. Puntako nazioarteko lau historialari elkartu zituzten sarraskiari buruz gogoetatzeko: Herbert Rutledge Southworth estatubatuarra, Pierre Villar frantsesa, Manuel Tuñon de Lara espainiarra eta Jokin Apalategi euskal herritarra. Fernando Garcia de Kortazar historialariak gidatu zuen lau ikerlarien arteko solasaldia.

Orduko saioaren transkripzioa elkartearen artxibategian aurkitu dute GITEko kideek aurten. Eta gertakarien 80. urtemuga dela-eta, solasaldiarekin eta gaur egungo hausnarketekin liburuxka osatzea erabaki dute. Bi helbururekin egin dute lana, Ibon Meñika GITE elkarteko kidearen arabera: “Duela 30 urte Gernikan elkartutako historialarien hausnarketek gaurkotasuna dute oraindik ere, eta, 1937ko apirilaren 26tik 80 urte pasatu diren arren, gertakariei buruzko egiaren aldarrikapenak indarrean jarraitzen du. Errealitate hori ikusarazi nahi genuen liburuxkarekin”.

1936ko memoriaz harago

Baina harago doa lana, Meñikaren hitzetan. Fokua iraganeko gertakari eta hausnarketetan jartzeaz gain, etorkizunera begira jarri nahi dutela azaldu du. “Gaurko begiradatik 1936ko gerran gertatutakoak aztertu eta atzera begirakoa egiteaz gain, beharrezkoa iruditzen zaigu biharkoaz eztabaidatzea. Memoria eta kontakizunari buruzko gaiak pil-pilean daude gaur egun, eta eztabaidak sortzen dituzte, gainera. Horregatik, memoriari buruzko ariketa kolektiboa egin nahi genuen”.

Herrien eta herritarren ikuspegitik gertakariak aztertu eta kontzientziak astintzea da liburuxkaren helburua, Meñikaren arabera. “Gaur eta orain egiten dugunarekin eraikitzen dugu memoria, eta kontzientzia hartze hori garrantzitsua iruditzen zaigu”.

“Espainiako estatu berriaren sortze agiria bihurtu zen Gernika”, azaldu zuen Southworthek 1987an. Ildo beretik aritu zen Tuñon de Lara: “Gernikako gertakaria ez zen kasualitatea izan. Gernikak Euskal Herriaren eta euskal nazioaren nortasuna ordezkatzen zuen”. Gaur egun ebidentziak dira esaldi horiek askorentzat, eta beste askok, akaso, ezagutu ere ez dute egingo 1937an Gernikan gertatutakoaren nolakotasuna.

Horregatik da berezia 1980ko hamarkadako hitzordua, Meñikaren arabera. “Gernikako herritarrak bazekiena baieztatzera etorri ziren nazioarteko historialariak gertakaritik 50 urtera. Herrian zeuden ahots horiek guztiak nazioartera zabaltzen eta aldarrikapen kutsuarekin kokatzen lagundu zuen”. 1937ko Gernikako bonbardaketaren gainean sortutako kontakizunek zauri sakonak utzi dituztela azaldu du GITEko kideak, eta horiek bistara ekartzea beharrezkoa dela gaur egun ere.

Apalategi da mahai inguru hartan parte hartu zuen eta bizirik dagoen historialari bakarra, eta hari egindako elkarrizketa ere jaso dute liburuxkan, baita Karmelo Landa Gernika Batzordeko kideari egindakoa ere. Mahai inguruan izan zen Landa ere. Bi-biek hausnarketa berrituak egin dituztela azaldu du Meñikak.

Hilabete osoan Gernikan egingo diren ekitaldietan izango da Gernikaren egiak liburua eskuragarri.