Ogasunak 407 milioi itzuliko ditu Bizkaian

Ogasunak 407 milioi itzuliko ditu Bizkaian

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ogasun Sailak 407,8 milioi euro itzuliko dizkie 406.000 zerga ordaintzaile ingururi. Beste 160.000 bat bizkaitarrek, berriz, 287 milioi euro ordainduko dizkiola espero du ogasunak. Alegia, errenta aitorpena egingo duten herritarren %72k zergetan behar baino gehiago ordaindu dute, eta alde hori itzuliko die foru aldundiak; batez beste, mila bana euro. Ogasunari gehiago ordaindu beharko diotenek, aldiz, ia 1.800 euro pagatu beharko dizkiote, batez beste.

Maiatzaren 2a eta ekainaren 30a bitartean izango da errenta aitorpenerako kanpaina. Tarte horretan aurkeztu beharko dituzte bizkaitarrek kontuak ogasunaren aurrean. Hala ere, aldundia hasia da lanak aurreratzen, eta dagoeneko milaka proposamen bidali ditu zerga ordaintzaileen etxera. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak jakinarazi duenez, kontuak aurkeztu behar dituzten herritarren %59ri bidaliko dizkiete errenta aitorpenerako proposamenak: 336.000 bizkaitarri. Horietatik 316.000k jasoko dituzte horiek etxean, eta beste 20.000 webgunearen bidez egingo dira.

Aste honetan, berdeak

Aldundia aste honetan hasi da etxeetara proposamenak bidaltzen. Egunotan bidaliko direnak kolore berdekoak izango dira: ogasunak zerga ordaintzaileei dirua itzuli behar dien kasuetakoak. Ogasunari gehiago ordaindu behar diotela-eta urdinak diren proposamenak, aldiz, apirilaren bigarren astean jasoko dituzte etxean zerga ordaintzaileek.

Ogasunak dirua itzuli behar dieten herritarrak ados baldin badaude aldundiak egindako proposamenarekin, ez dute beste tramiterik egin beharko. Zuzenean itzuliko zaie onartutako diru kopurua kontu korrontean. Ogasunari ordaintzea dagokienek, berriz, espresuki adierazi beharko dute ados daudela egin zaien proposamenarekin. Iruarrizagak adierazi duenaren arabera, ia zerga ordaintzaile guztiak egoten dira ados egiten zaien proposamenarekin: %95.

Herritarrei errenta aitorpena egiterakoan lanak errazte aldera, gero eta etxe gehiagotara bidaltzen ditu kontuak argitzeko proposamenak ogasunak. Bide horretan, beste pauso bat eman du aurten: 10.000 langile autonomori ere igorriko zaie aitorpenerako proposamena egina, lehen aldiz.

Aitorpenerako proposamena etxean jasotzen ez dutenek apirilaren 10etik aurrera jasoko dute errentarako kodea gordea duen gutuna. Horrekin egin beharko dute errenta aitorpena banketxeek hartarako egokituko dituzten 300 bat bulegoetan edo foru aldundiak hartarako martxan jarri duen webgunean.

Eta gero eta gehiago dira aitorpena Internet bidez egiten dutenak. Iruarrizagak kanpainaren aurkezpena egiterakoan jakinarazi duenez, azken kanpainan 135.000 bizkaitarrek egin zuten errenta aitorpena Internet bidez, banketxeetako bulegoetan egin zutenen kopuru berdintsuak. Tramiteak etxetik egiteko asmoa dutenen zalantzak argitzeko telefono zenbaki bat jarri du martxan Bizkaiko Foru Aldundiko ogasun sailak: 901-50 30 00.

Ondasunen zerga

Ondasun handien gaineko zergari buruz, ogasunak jasoko duen diru kopurua handitzea espero duela esan du Iruarrizagak, eta 2016ari dagokion kanpainan 74,8 milioi euro inguru jasoko dituela, 2015eko kanpainan baino zortzi bat milioi euro gehiago. Gisa horretako 6.870 errenta aitorpen jasoko dituela aurreikusten du, aurreko aldian baino 50 bat gehiago. Bi milioi eurotik gorako ondasunak dituztenek egin behar dute ondareari dagokion errenta aitorpena.