Iraganeko uneak dastatuz

Iraganeko uneak dastatuz

Alaitz Armendariz

Neskatxa batek madalena bat dastatzen du Marcel Proust idazlearen Denbora galduaren bila eleberrian, eta keinu horrek bere haurtzaroko oroitzapenak dakarzkio. Esperientzia sentsorial hori da, hain zuzen, Bilboko Euskal Museoak bere azken erakusketan proposatzen duena. Time Machine Soup proiektuan, zortzi zopa dastatuta “iraganeko une paregabeetara bidaiatzeko aukera” eskaini nahi du Gatza eta Piperra taldeak. Zopak “denbora makina” izango dira. Hala, gastronomiak euskal kulturan izan duen “garrantzia” islatu nahi du, eta zein modu “ohikoan” transmititzen diren tradizioak Euskal Herrian.

Proiektua Gatza eta Piperra taldeak abiatu zuen iaz Donostia 2016ren harira, eta Bilboko Euskal Museoan dago ikusgai orain, apirilaren 30era arte. Erakusketaren diseinatzaile Santos Bregañaren hitzetan, erakusketa emakumeei “omenaldia” egiteko ere badago pentsatua, kultur transmisioan izan duen “garrantziarengatik”. Sukaldaritza tradizionala eta horren inguruko errezetak belaunaldi batetik bestera igaro dira, haren ustez, familia lotura “indartsuak” sortuz. Eta hori da Time Machine Soup erakusketak sentiarazi nahi duena.

Zortzi zopak prestatzeaz Bilboko Zazpikaleetako hainbat jatetxe arduratu dira: Portuberri Barri, Muga, K2, Arambarri, Casa Loren, Txerri Duck, Pastyrroz, Vermuteka eta La Bodeguilla. Halere, ez dute argitu zein zopa prestatuko duen bakoitzak. Erakusketa asteko egun guztietan egongo da zabalik, astearteetan izan ezik, egun horretan Euskal Museoa itxi egiten duelako. Zopak dastatzeko aukera, ordea, ostiral, larunbat eta igandeetan izango da soilik.

Zopa bakoitza dastatzearekin batera, jatorriz noizkoak diren eta bestelako xehetasunak azaltzen dituzten oharrak ere ikusgai izango dira.

ZOPA INDUSTRIALA
Tomate zopa latan

Zorroko tomate zopa da bisitariek topatuko duten lehena. “Betikoa”. 1962. urtean Andy Warhol margolariak Campbell markako lata bateko diseinua egin zuen, eta horixe da, ziurrenik, egun ezagutzen den tomate zopa ezagunena. Izenak berak dioen moduan, industria zopen prestaketa ez da etxean egiten; fabrika batean egiten da normalean. Kasu honetan, Campbell markako zopa latek pop artea mugimendu artistiko garrantzitsua bilakatzen lagundu zuten.

1950eko hamarkadan, Andy Warhol orduko publizitate arloko ilustratzaile onenetarikoa zen. Artista moduan errekonozimendu handiagoa izateko hainbat erakusketa egin zituen New Yorken, baina ez zuten arrakasta handirik izan. Lagun batek egunero ikus zitekeen zerbait margotzeko aholkatu zion, “Campbell zopa lata baten moduko zerbait”. Hurrengo egunean, supermerkatura joan eta aurkitu zituen Campbell zopa lata guztiak erosi zituen. 1962an, lata horiek Los Angelesen (AEB) egin zuen lehen erakusketako ardatz bihurtu ziren, eta denboraren poderioz arte garaikidearen ikur bilakatu ziren.

AMONAREN ZOPA
Eltzeko klasikoa, letrekin…

“Zure amonarena baino askoz ere hobea”. Esaldi horrekin argi geratzen dira zopa horren asmoak. Oilasko, baratxuri, azenario, porru, apio, tipula eta urez egina dago, “noizbait izandako oroitzapen onak berriz ureztatzeko”. Halere, ohartarazpen bat ere egiten dute erakusketan: “Erraz gerta daiteke salda atsegin hau ez izatea zuen amamaren antzekoa”. Baina, hala izan arren, zopak bere egitekoa beteko du: haren zaporeak eta haren ukituak “nortasun dinamika bat” eragingo dute, jendeak gogoan duen sentimendu “atsegin” bati lotutako zoparen ezaugarriak azpimarratu baititu.

Amonaren zopa”omenaldi” bat da, beren bizitzaren zati handi bat senarrarentzat edo haurrentzat jatekoa prestatzen eman duten emakumeentzat. Emakume horiek ez zuten laudoriorik edo eskerrik jaso, ezta espero ere, bizi ziren gizarteak normaltzat hartzen baitzuen senideei otorduak prestatzea —baita ongi egitea ere—.

ZOPA ZOZOA
Aberatsen soberakinak

XIX. mendekoa da, jatorriz. Zopa zozoa deitutako zopa langileriaren ikur bilakatu zen. Aberatsek txiroentzat utzitako soberakinez egindako zopa da. Batzuentzat, bizimodu gaitzaren sinboloa zen; besteentzat, jaiotzetik jendeak dituen ahultasunen sinbolo. Orduan hasi zen herri xehearekin interesatzen ziren edo herri xehearen interesekoak ziren sorkuntzei izena ematen.

Zopa zozoa deiturikoa langile askok eta askok elikatzeko segurtasunik ez zuten garaiaren sinboloa da. Erlijio etxeek behartsuei eskaintzen zieten zopa janari bakuna izan ohi zen, baina ahal bezain ona izaten zen beti: edozein moduko karitatea egitea “bekatua” litzateke. Behartsuentzat ongi kozinatzea Jainkoari ohore egiteko bide bat zen. Baina “ahal bezain ona” zen zopa hori ez zen beti zopa bikaina, ezta gutxiago ere. Ohar bat, badaezpada: “Beharbada, zopa honek ez gaitu aseko, baina zozo-zozo utziko gaitu”. Halere, pista bat ematen dute: Tolosako babarrun gorriz eginda dago.

ZOPA MAGIKOA
Belar mikatzak

“Belar mikatzak, perretxikoak eta igel hanka”. Horiek dira duela hainbat mende zopa magikoa egiteko erabiltzen zituzten osagaiak. 1466. urtean hasi ziren Europan sorginkeriaren aferarekin kezkatzen, eta horrekin larrituta ibili ziren XVII. eta XVIII. mendeen artean.

Garai horretatik bi sukaldaritza heldu dira gaur egunera. Lehena “emakume sukaldaritza” deiturikoa da, akelarre gauetan egiten omen zutena eta osagai “harrigarri edo nazkagarriekin” egiten zutena. Baina bazen beste bat ere, sorgin sukaldaritza deiturikoa: sendabideak egiten zituzten horrekin. Orduko “adituen” arabera, produktu horiek aukera ematen zioten garai hartako jendeari larru bidez hartzeko landareek eskaintzen zizkieten substantzia haluzinagarriak.

OILO SALDA
Zeruetako salda

Izenak berak dio zer daraman zopa honek; beraz, osagaiei dagokienez, sekretu handirik ez dago. Erdi Aroko bigarren zatian margolari askok margotu zuten erditu berri ziren emakumeek edan ohi zuten zopa hori. Eta obra horietan adierazten da, hain zuzen, osagai nagusia hegazti bat zela.

Gainera, ongi aukeratutako espezieak erabiliz gero, ia “gaztetasun elixir bat” sor zitekeela esaten zen. Erdi Aroa aspaldi igaro zen, baina zopa mota hori oraindik ere oso osagarri ontzat hartua dago, eta erditu berri diren emakumeei eskaintzen zaie. Baina, finean, salda horrek Erdi Aroaren inguruan jendeak duen liluraren iturrietaraino joatea ahalbidetzen du.

ZESARREN ZOPA
Madari eta arrosa-ur infusioa

Antzinako Erromako garaian ez zuten bizirik irauteko jaten, plazer hutsagatik baizik. Udarez eginda dago honako Zesarren zopa hau, eta, beraz, Tibero enperadorearen jaki maiteenaz egindako zopa dastatzeko aukera izango dute erakusketara asteburuetan doazen bisitariek.

Orduko medikuen iritziz, udareak gordin jatea ez zen osasungarria, digestioa zailtzen zuelako. Egosita, berriz, janari oso osasungarria eta atsegina zen. Egosita daude zopa honetan.

SALDA BELTZA
Metal zaporea

Oso modu “librean” hartu dute zopa hori egiteko erabili duten osagai nagusia: odola. Eta ez dago zertan asaldatu: odolez egindako hainbat jaki jaten ditu jendeak gaur egun; txorizoa eta odolkia, adibidez. Duela mende batzuk ere hala zen: zopetan hainbat abereren odola erabiltzeak erakusten du garai hartako gizartearentzako ere ez zela tabu bat. Hori bai: ezein gizartek ez du abere horien hilketa ekintza “hutsaltzat” hartu: gizarte bakoitzak modu batean antolatu du historian. Dena dela, ez dago zertan izutu: zoparen izen arraroa gorabehera, odolki zaporea besterik ez du.

JATORRIZKO ZOPA
Itsasoko uraren zopa

Time Machine Soup esperientzia gizateriaren abentura abiatu zen garaira heldu da. 4.000 milioi urte atzera eramaten du zopa honek bisitaria: itsaso sakonaren hondoraino, bizitza sortu zen tokira.

Zaila da historiaurrean zopak nola egiten zituzten irudikatzea, buztingintza eta metalgintza oraindik ezezagunak zirelako, baina ikerlariak ziur daude historian erabili dituzten teknikak aurretik ere erabili dituztela. Edonola ere, itsasoko animalien zaporea dauka bidaia gastronomiko honetako azken zopak, alegia, arrain zaporea.