“Erabiltzen ez diren lurrak aktibo bihurtzea da Huertakaren xedea”

“Erabiltzen ez diren lurrak aktibo bihurtzea da Huertakaren xedea”

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Guztiz utzitako lur eremua berreskuratu eta hiri ortuak lantzen ari dira 2013tik Barakaldoko Lutxana auzoan. Ekologistak Martxan elkarteko kideak eta beste hainbat herritar biltzen dira Huertaka egitasmoaren inguruan 2013tik, eta auzokideen babesa du proiektuak; ez, ordea, lur-jabeena. Bankuen Berrantolaketatik datozen Aktiboen Kudeaketarako Sozietatearen (Sareb) esku dago eremua, eta orubean etxebizitzak eraikitzeko egitasmoa dagoela eta, etxegabetze salaketa zibila jarri du ekologisten aurka. Datorren ostegunean epaituko dituzte horregatik, Barakaldoko epaitegian. Elkarrizketarako deia egin du Javier Vazquez Barakaldoko Ekologistak Martxaneko kideak (Barakaldo, 1957).

Nondik nora sortu zen Huertaka egitasmoa?

2013an hasi ginen Barakaldon hiri ortuak sortzeko egitasmoarekin. Ekologistak Martxan elkartearen egoitzan, baratze bertikalak egiten hasi ginen, eta agroekologiari buruzko hainbat ikastaro ere antolatu genituen. Barakaldon, auzo baratzeen beharrizana mahaiaren gainean jarri genuen, eta udal gobernuari ere aurkeztu genion proiektua —PSOE-EE zegoen orduan—. Barakaldon ortuak lantzeko espazioa eskatzen genion udalari, baina ez genuen erantzunik jaso.

Aurrera egin zenuten, hala ere.

Bai. Erabili gabe ziren lurrak begiratzen hasi ginen, eta Lutxana auzoko Serralta eremuarekin egin genuen topo. Etxebizitzak eraiki nahi dituzte han, baina guztiz utzita egon da, hala ere. Garbitu eta ortuak egitea erabaki genuen horregatik. 2014ko irailean, berriz sartu genuen egitasmoaren txostena udalean; hauteskundeen ondoren, EAJk hartu zuen agintea, eta alderdiak aurkeztutako programan ortu ekologikoen esperientzia, eta, zehazki, Huertakarena jasotzen zen. Oraindik ez digute erantzun.

Auzokideen babesa du proiektuak?

Bazterrean utzitako eremuari balioa eman diogu, eta auzokideak ere pozik daude egitasmoarekin. Ekologismo sozialari ekarpena egiten dio Huertakak. Elikadura burujabetza lantzeaz gain, pertsonen arteko harremanak jartzen ditu zentroan. Gaur egun ez dago kontsumoarekin lotuta ez dagoen aisialdirik, eta guk bestelako eredu bat eskaini nahi genuen. Lan kolektiboa eta belaunaldien arteko harremanak bultzatzen ditu Huertakak.

Epaiketa duzue ostegunean, baina ez da Huertaka auzitara eramaten duten lehen aldia.

2014ko udan salatu gintuzten lehen aldiz, lurren usurpazioa egotzita. Sareb lursailaren jabeak herri baratzerako proiektua aurrera eramateko okupatutako lurrak erreklamatzen zituen. 2016ko urtarrilean egin zen epaiketa, eta auzia artxibatu zuten, deliturik ez zela argudiatuta.

Hartu-emanik izan duzue lur-jabeekin?

Bai, hartu-emanak izan genituen lehen epaiketaren ondoren. Guk argi dugu ez dugula konfrontaziorik nahi. Barakaldon erabiltzen ez diren lurrak aktibo bihurtzea da Huertakaren xedea, eta, horretarako, udalari eta lur-jabeei elkarlanerako eta elkarrizketarako deia egin diegu behin eta berriz. Egoera tamalgarrian zegoen eremua zaindu eta lantzeko ardura hartu genuen Huertakako kideek; eta, hirigintza proiektua martxan jartzerako, lursailak uzteko konpromisoa hartzeko prest gaudela ere azaldu diogu Sarebi. Guk konponbide adostua nahi dugu. Edonola ere, ez dugu ahaztu behar zer den Sareb. Banku txarra ezizena du, eta porrot egin duten banku eta aurrezki kutxen aktibo toxikoak kudeatzen dituen erakundea da.

Udalaren berri izan duzue?

2016ko martxoan, beste proiektu bat sartu genuen udalean. Ez dugu ulertzen administrazioak erantzunik ez ematea. Oraingo aurrekontuetan ere, hiri ortuen ideia agertzen ari da etengabe, eta ez dakigu zer esan nahi duten, gurekin ez direlako harremanetan jarri oraindik. Gainera, Barakaldoko Udalak Milaneko ituna sinatu zuen iaz, eta klima aldaketaren aurka hartu beharreko neurriak azaltzen dira bertan. Norabide horretan ari gara gu lanean Huertakarekin, eta, lagundu ordez, trabak jartzen dizkigute.

Egoera ikusita, zer egingo duzue Huertakako kideek?

Lanean jarraituko dugu. Akaso gu ez gara enpresa eta erakundeen munduan sartzen, baina guk argi dugu beraiek gure munduan sartzen direla. Interes ezberdinak ditugun arren elkarguneak lor daitezkeela uste dugu; horretan egingo dugu indar. Gizarte justuagoa nahi badugu, beharrezkoa da botere harremanak alde batera utzi eta elkarlanean jardutea.