“Badakigu partida hau ez dela jokatzen soilik herri txikietan”

“Badakigu partida hau ez dela jokatzen soilik herri txikietan”

N. S. O.

Estatus politikoari buruz galdeketa egin duten herrietan prozesuak utzi duen aztarnari deritzo garrantzitsuen Alex Zenarruzabeitia (Markina-Xemein, 1978) Bizkaiko Gure Esku Dago dinamikaren arduradunak. Herri horiek ez dira berdinak galdeketaren ostean. Hala ondorioztatu du.

Arrankudiaga, Dima, Ispaster eta Larrabetzuko galdeketen ostean dator olatu hau. Herriotan izandako emaitzek pozik egoteko arrazoiak ematen dituzte?

Bai. Bizkaian egin diren galdeketetan parte-hartze emaitza oso indartsuak izan dira: %50 eta %60 bitartean aritu gara. Baina askoz ere positiboagoa eta inportanteagoa da galdeketen ostean herri horietan geratu den aztarna. Galdeketa batean egiten dena ez da herritarrei galdetzea soilik; parte hartzea ez da sustatzen dugun gauza bakarra. Hilabete askoan lan egiten da herrian; desberdinen artean ados jarri behar da, eta, galdeketaren ostean, hori nabaritu egiten da. Denek egiten duten balorazioa da herria ez dela berdina galdeketaren ostean. Konfiantza lantzen da. Orain arte mesfidantzak sortzen zituzten edo harremanik ez zuten herritarren artean gauzatutako lanak eremu berri batzuk sortu ditu. Giroa erabat aldatzen da. Beraz, balorazioa positiboa da emaitzei eta herrietan geratzen den aztarna horri dagokienez.

Galdeketek desberdinen arteko lana ahalbidetu dute.

Bai. Euskal Herriaren etorkizuna denon artean erabakiko dugula esaten dugunean, Euskal Herriko gizarte osoa osatzen dugun herritar guztioi buruz ari gara. Lan hori herri txikietatik hasten da, pentsaera desberdina duen jendea batuz, orain arte lan egiteko ohitura desberdinak izan dituzten herritarrak batuz eta ados jarriz. Azkenean, horrek sortzen dituen dinamikak edo sinergiak nabaritu egiten dira. Eta hori oso garrantzitsua da herriaren etorkizuna erabakitzeko eta bizikidetzaren inguruan aurrerapausoak emateko .

Hainbat herri txikirekin batera, Arrigorriaga, Bermeo eta Gernika-Lumoren neurriko herrietan ere izango dira galdeketak etzi. Garrantzi berezia du herri handiagootako parte hartzeak?

Ikusi dugu herri txikietan gure dinamikak ondo funtzionatzen duela. Herritarren artean elkarlanean aritzea errazagoa da, denek elkar ezagutzen dutelako. Esparru handiagoetan, gauzak aldatu egiten dira. Populazio handiagoa dago, herri horietako gizarteak zabalagoak dira, eta beste iragan bat dute. Gernikak, esaterako, aztarna historiko handia dauka. Beraz, zailagoa izaten da eremu horietara zabaltzea.

Baina, era berean, beste aukera batzuk ere ahalbidetzen dituzte. Herri handietan txikietan baino egoera politiko pluralagoa izaten da. Ezberdintasun horiek, batzuetan, zailtasunak ekartzen dituzte; beste batzuetan, ordea, abantailak. Badakigu partida hau ez dela jokatzen soilik herri txikietan. Beraz, gure helburua da hemendik aurrerako olatu eta galdeketetan eremu handietara ere salto egitea.

Olatu handiago baten bultzada izango da igandekoa. Maiatzaren 7koari indarra emateko bidea zabalduko du?

Herriek eta eskualdeek eurek erabakitzen dute galdeketara joan ala ez; haiek baloratzen dute baldintzak dauden euren herrietan eta eskualdeetan galdeketok aurrera eramateko. Eta haien eskuetan geratzen da, era berean, noiz egin galdeketak. Apirilaren 2ko galdeketa sortu zen haiek egokiago iritzi ziotelako martxoaren 19an eta maiatzaren 7an egingo diren olatuetatik kanpo egiteari. Uste dugu martxoaren 19ko olatuak sortutako aparrarekin eta maiatzaren 7an sortuko denarekin apirilaren 2koa berotuta etorriko dela.

Zer-nolako emaitzak aurreikusi dituzue, eta zer joko zenukete arrakastatsutzat?

Guretzat, arrakasta da galdeketa egitea bera. Hilabete askoan herrietan sortu ditugun dinamika desberdinak, ireki dugun lan egiteko kultura demokratiko berri hori dantzan ipintzea, egin diren agerraldi guztiak, galderaren inguruan egin diren lanketak, propaganda parte hartzera deitzen herritarrei… Hori guztia, berez, arrakasta da. Kontuan hartu behar dugu elkarte pribatu batek egiten duela, herritarrek herritarrentzako egindako galdeketak direla: alegia, galdeketok ez dutela babes instituzionalik edo ekonomikorik. Dena lortzen dute herritarrek. Hori guztia baloratuta, uste dugu galdeketa bera dela aurrerapauso ikaragarria. Emaitzak alde batera utzita, iritsiko da dena baloratzeko unea, baina guretzat eskualde eta herri horietan puntu horretara iristea da txalogarria.

Getxo Bizkaiko herririk handienetan hirugarrena da. Garrantzitsua da oinarriak ondo sendotzea hangoaren moduko idiosinkrasia duen udalerri batean?

Denok ezagutzen dugu Getxo. Denok dakigu zein iragan eta berezitasun dituen. Prozesu osoa oso ondo gauzatu dute. Lan handia egin dute ezberdinen arteko harremanak lantzeko, komunikatiboki Gure Esku Dago-k zer esan nahi duen gizarteratzen. Eta ekitaldi erraldoi ikusgarria egin zuten iazko ekainean: 1.200 pertsona elkartu zituzten plaza batean. Galdeketa bat ez da egiten egun batetik besterako analisi batetik. Berez ez dago inon parte hartze handi bat lortzeko baldintzarik. Baldintzok sortu egin behar dira: mezua zabaldu behar da herrian, lanketa jakin bat egin behar da, herritarrek sentitu behar dute prozesuaren parte direla. Eta hori guztia lortzean, baloratu behar da galdeketa egin ala ez. Getxon lan txukuna egiten ari dira, eta ematen ari diren pauso guztiek galdeketara bideratzen dute Getxoko taldea.

Hiriburuak ere hor daude. Bi urte barrurako jarri dituzue jomugan. Ezarrita dago nolabaiteko bide orririk Bilbon lan horri ekiteko?

Gure Esku Dago-k beti jokatu du anbizioarekin eta zoro puntu batekin. Planteatu ditugun ekinaldiak —giza katea, kasurako— lortzeko zailak ziren gauzak izan dira. Gure helburua da Euskal Herriko gizarte guztiarengana iristea. Hor sartzen dira herriak, eskualdeak eta hiriburuak. Jakin badakigu gaur egun hiriburuetan zer-nolako egoera dagoen, eta lan handia eskatzen duela. Erabaki hori hartzea ez dago Gure Esku Dago dinamikaren esku soilik. Bilbotik bertatik jaso behar da galdeketa egitea posiblea dela, eta baldintzak egon badaudela. Oso utopikoa da guk esatea Bilbon galdeketa egin gura dugula. Baina jarri dugu helburu utopiko hori. Gure helburua da bide bat markatzea, bide horretan ahalik eta helburu txikienak lortuz joatea, eta, une jakin batera iristean, baldintzak betetzen direla ikusita, Bilbon galdeketa egitea. Gure helburu nagusia ez da Bilbon galdeketa egitea. Gure helburu nagusia da Bilbon baldintzak lortzea gure etorkizuna erabakitzeko.

Ekainaren 10ean Itun Herritarra aurkeztuko duzue. Zer aurrera dezakezue itunari buruz?

Nahi duguna da erabakitzeko eskubidearen inguruan Euskal Herriko gizartea osatzen duten erakunde guztiak biltzea, eta itun horri ekarpena egitea. Itun horren oinarria izan behar da herritarrok adostutako zoru komuna. Hori izango da etorkizunean Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen alde itun hori elikatuko duena. Ekainean mobilizazio nazional bat egingo dugu Bilbon, jai giroan. Ikusgarria izango da.