“Pena agertzen dute baliorik ez duen baliotzat jotzen dituztelako”

“Pena agertzen dute baliorik ez duen baliotzat jotzen dituztelako”

N. S. O.

Adinekoekin esperientzia handia du Alvaro Mosquerak (Barakaldo, 1977). Aspaldiko fundazioko zerbitzu psikosozialeko arduraduna da. Gizarte hezitzailea, psikopedagogoa eta unibertsitate irakaslea ere bada. Populazioaren zati handi bat adinekoa izanik, gizarteak jokabidea errotik aldatu beharko lukeela sinetsita dago.

Behar bezala jokatzen ari al da gizartea adinekoekin?

Adinekoekin gero eta lan gehiago egiten ari gara, besteak beste, duintasunez eta errespetuz arta daitezen. Hala ere, oraindik asko dugu egiteko. Komunikabideetan agertzen diren inpresioak dira horien adierazle garbiak: adinekoen irudi desitxuratua ematen dute. Gastu sozial gisa ageri dira, mendeko gisa… Ez dira agertzen zahartze prozesu normalizatu bateko herritar gisa. Populazioaren %96k zahartze prozesu naturala du. Gizarte aktibo bat dira. Erretiroa lantokietan hartu dute, baina ez bizitzan. Beraz, irudi hori ez dator bat errealitatearekin. Egun ematen zaien tratua ez dator bat dituzten ahalmenekin eta egin ditzaketen ekarpenekin.

Zer sentitzen dute eurek jarrera horien aurrean?

Mendekoek zein autonomoek antzeko ikuspegia azaltzen dute. Gutxietsi egiten dituztela sentitzen dute. Haien azalpenak edo arrazoibideak, adinekoak izate hutsagatik, ez dituzte kontuan hartzen lehenago bezala. Hirugarren pertsonan hitz egiten dute eurei buruz. Gaixotasunekin eta balio ez duen zerbaitekin lotzen da zahartzaroa. Baina hori ez da horrela. Askok esaten dute: “Pertsona bera naiz orain ere, ekarpen asko egin ditzaket; esperientzia gehigarria dut, eta baliagarria izan liteke gizartearen garapenean”. Pena agertzen dute baliorik ez duen baliotzat jotzen dituztelako.

Belaunaldi arteko harremanak sustatzeko esperientzia bitxia jarri dute martxan AEBetan. Haurtzaindegi bat zabaldu dute zaharren egoitza batean. Zer deritzezu era horretako proiektuei?

Horien aldekoa naiz, erabat. Bide horretatik joan behar dugu. Belaunaldi arteko esperientzia izugarriak dituzte AEBetan eta Europa Iparraldeko herrialdeetan. Adinekoentzat, gazteentzat zein gizartearentzat dira onuragarriak. Adinekoei, autoestimua eta motibazioa gehitzen dizkiete. Esperientziak banatu eta lorpenak estimatzen dituen entzuleriaren aurrean sentitzen dira. Komunitateari egin diezaioketen ekarpena aintzatesten diete. Kultura eta hizkuntzaren igorle gisa hartzen dituzte. Maila pertsonalean gauza askotan nabaritzen zaie: aldartea aldatzen zaie, gaixotasun fisiko eta mentalei aurre egiteko gaitasunak hobetzen dituzte, ikasteko aukera etengabea eskaintzen die, adiskidetasuna gazteagoekin garatzeko aukera ematen die… Baina gazteentzat ere onura ugari dituzte programok: norbere buruarekiko konfiantza areagotzen da; erantzukizuna handitzen da, eta adinekoenganako pertzepzio baikorragoa garatzen dute. Hainbat ikerketak erakutsi dute era horretako esperientziak izan dituzten ikastetxeetan emaitza akademiko hobeak atera dituztela. Droga kontsumoa besteetan baino txikiagoa izan da. Alaiago agertzen dira. Belaunaldi arteko sareak lantzen dituzten programek ekarpena egiten diote gizarteari, komunitateari eta inguruneari.