Oroimenera ekartzea helburu

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Oroimenak soilik iraul dezake historia. Uste hori dute Durangoko bonbardaketaren 80. urteurrena prestatzeko elkartu diren elkarte eta erakundeek. Hilaren 31n, zortzi hamarkada beteko dira hegazkin faxistek herria txikitu zutela, eta ordukoak gogoan izateko inoiz egin duten egitaraurik zabalena antolatu dute Durangoko hainbat elkarte eta erakundek elkarlanean. Joan den ostiralean abiatu zuten programa, eta apirilaren 6ra bitarte ekitaldi sorta egingo dute. Askoren artean antolatu dute egitaraua; tartean, Gerediaga elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma, Durangoko Udala, Kriskitin dantza taldea, Gogora memoriaren institutua eta Durango 1936 kultur elkartea. Erakusketak, solasaldiak eta tailerrak egingo dituzte datozen hiru asteetan.

Gaur, Bartzelona eta Kobane hiriekin senidetuko da Durangoko Udala, eta 17:00etan ekitaldia egingo dute udaletxean, herrien arteko adiskidetasun eta lankidetza akordioa sinatzeko. Gerraren ondorioak ezagutu dituzte hiru hiriguneek. Kurdistango Kobane hiria guztiz suntsituta dago, 2014ko urrian Estatu Islamikoarekin 134 egunez borrokan aritu ostean. Bartzelona, berriz, 1938ko martxoan bonbardatu zuten, 1936ko gerraren testuinguruan. Hiru herrietako gertakariak ezagutzeko, mahai ingurua egingo dute gaur ekitaldi instituzionalaren ondoren. Jaume Asens Bartzelonako alkate ohia, Mustafa Ebdi Kobaneko ordezkaria eta Jon Irazabal Gerediaga elkarteko kidea izango dira solasean. Bihar, Newroz Eguna egingo dute, eta Kurdistango dantza eta gastronomiaz gozatzeko aukera izango da Plateruena kafe antzokian. Durangoko Karrika antzerki taldeak ere emanaldia eskainiko du.

Bisita gidatuak

Martxoaren 31ko bonbardaketa gogora ekartzea da datozen egunetan Durangon izango diren ekitaldien helburua, eta hori du gai zentrala ere. Ildo horretan, Irudi izoztuak vs izoztutako oroimenak argazki erakusketa jarriko du Gerediaga elkarteak Andra Mari elizaren inguruan, martxoaren 30etik apirilaren 30era bitarte. Eta datorren asteburuan Bonbardaketaren aztarnak ibilbidea ere egingo dute. Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko ditu elkarteak, baina leku kopuru mugatua izango dute; hortaz, joan nahi duenak izena eman beharko du aurrez elkartearen webgunean. Hilaren 6an egingo duten mahai inguruarekin bukatuko dituzte 80. urteurreneko ekitaldiak. Oroimen historikoa berreskuratzen ari diren taldeen helburuak, ibilbidea eta egitasmoak ezagutzeko aukera izango da, Durangoko Arte eta Historia Museoan, 18:30ean.

Baina, ezbairik gabe, martxoaren 31ko saioa izango da esanguratsuena, bonbardaketa gogora ekarri eta biktimen aldeko ekitaldia egingo baitute. 08:30ean, aire erasoa iragartzeko alarma hotsak hartuko du Durango. Santa Anako kanpandorrean jarriko dute sirena, duela 80 urte hegazkin faxistek eraitsi zuten toki berean, alegia. 1936ko gerrako biktimei omenaldia egingo diete 12:00etan, eta 17:45ean sirena hotsak entzungo dira berriz. Ekitaldi nagusia 20:00etan egingo du Gerediaga elkarteak, Andra Mariko elizpean. Aurreko egunean, biktimak gogora ekartzeko ekitaldia egingo dute toki berean Gogora institutuak, Eusko Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak, 19:00etan. Eta egun berean irekiko dute Durangoko Arte eta Historia Museoan Pablo Picasso margolariaren hainbat lanekin osatutako Durangotik Gernikara erakusketa ere.

Herriko ikastetxeekin ere landu nahi dute 80. urteurrena, eta beren beregi beraientzat prestatutako ekitaldiak egingo dituzte; tartean, Book trailer lehiaketa. Sariak apirilaren 2an banatuko dituzte, Plateruena antzokian. Irrati tailerra ere egingo dute datorren ostegunean, Andra Mariko elizpean, eta herritarrek zuzenean entzun ahal izango dituzte Durangoko ikastetxeetako ikasleak, 107,8 FM frekuentzian.

Ekitaldiak Elorrion

Durango ez zen izan 1937ko martxoaren 31n bonbardatu zuten herri bakarra. Elorrion ere bonbardaketa bi izan ziren egun berean. Santa Ana komentua eta Berri Otxoa kaleko hainbat etxe suntsitu zituen abiazio italiarrak, eta hamar pertsona inguru hil ziren erasoaren ondorioz. Ordukoak gogora ekartzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte datozen egunetan Iragana ahaztu gabe, etorkizunera begira goiburupean. Asteartean, Jon Ander Ramos EHUko irakasleak Zerutik izua dator… Durangaldea bonbapean hitzaldia eskainiko du Iturri kultur etxean.

EHUko irakasleak berak Elorrio bonbardaketako ondarrak izeneko bisita gidatua hirutan egingo du, hilaren 31n: 17:00etan eta 19:00etan euskaraz egingo ditu, eta 18:00etan, berriz, gaztelaniaz. Ibilbideetan parte hartzeko izena aldez aurretik ematea beharrezkoa da: udaleko arreta zerbitzuan jarri dute izena ematekoa aukera. Bonbak erori ziren herriko tokiak ikusi eta gertakariak aztertuko ditu Ramosek ibilbidean. Bonbardaketaren urteurrenaren egunean, Oroimenerako ekitaldia egingo da herriko plazan, gertakariak gogora ekarri eta hildakoak oroitzeko.