Kultura eta kirola, udalekuen ardatz

Kultura eta kirola, udalekuen ardatz

Alaitz Armendariz

Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri du 2017ko udalekuetan parte hartzeko prozesua. Martxoaren 24ra bitarte, 7 eta 13 urte bitarteko neska-mutil bizkaitarrek aukera izango dute udalekuetara joateko zozketarako izena emateko. Guztira, 1.572 umerentzat egongo da tokia, eta zazpi instalazio eskainiko ditu aldundiak —Bizkaian sei eta Nafarroan bat—, zazpi eguneko egonaldiak egiteko: Lapurreketako baserri-eskola (Dima), Gorlizko aterpea, Urduñako aterpea, Zugaztietako aterpea (Trapagaran), Lauaxeta ikastola (Zornotza), Lurraska baserri-eskola (Ajangiz) eta Legasa (Nafarroa). Dena den, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eskainitako udalekuetan parte hartzeko aukera ere izango dute ume bizkaitarrek, aldundien arteko toki trukeari esker.

Aurten, udalekuek zenbait berrikuntza izango dituzte. Iragarri dutenez, probako proiektu bi jarriko dituzte martxan uda honetan. Lorea Bilbao Euskara eta Kulturarako diputatuaren hitzetan, aldaketa “nabarmenak” izango dira Bizkaiko Foru Aldundiaren udalekuetan: “Euskara beti izan da udalekuen ardatza, baina, aurten, gure hizkuntzaren erabilera informalarekin lotura zuzena duten jarduera bereziak ere egingo dira”, zehaztu du. Beste bi arlo ere landuko direla aurreratu du: herri kirolak eta euskal kulturaren tradizioa. Bilbaoren esanetan, udalekuen helburua da umeek tokiko kirolen eta euskal kulturaren alderdi “adierazgarrienak” ezagutzea, landuko dituzten dinamika eta jolasak baliatuta.

Hala, “sakonago” landuko dituzte euskal kulturaren tradizioa eta kirola. Horretarako, aldundia herri kiroletako jarduerak lantzen ari da, umeak herri kiroletan trebatzeaz gain, kirol bakoitzaren historia eta esanahia ezagut dezaten. Gainera, euskal kulturaren tradizioa ere aztertuko dute, eta hainbat arlo landuko dituzte: euskal kantak, euskal dantzak, mitologia, joko tradizionalak, musika eta ohiturak. Jarduera berri horiek Lauaxeta ikastolan eta Zugaztietako aterpean egingo dituzte, baina, aurtengo probako proiektuez gainera, udalekuetan egin ohi dituzten jarduerak ere izango dituzte.

Aipatu bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak eskainiko dituen zazpi instalazioez gain, Bizkaiko neska-mutilek Araba eta Gipuzkoako aldundiek eskainitako tokietara joateko aukera izango dute; Gipuzkoan lau toki izango dira, eta Araban hiru. Gipuzkoako aldundiak Zarautzen, Hondarribian, Orion eta Seguran eskainiko ditu egonaldiak, eta Arabako aldundiak, berriz, Barrian, Ulibarri-Ganboa urtegiko Zuhatza irlan eta Valderejon.

Egonaldiak zazpi egunekoak izango dira leku guztietan, eta zenbait txandaren artean aukeratu ahalko da, uztailaren 1etik abuztuaren 7ra bitarte. Taldeak adinaren eta hizkuntza ereduen arabera antolatuko dituzte: 7-8 urte (221 toki, euskaraz); 9-11 urte (751 toki euskaraz eta 50 ele bitan), eta 12-13 urte (500 toki euskaraz eta 50 ele bitan). Bizkaiko umeentzako 1.472 toki euskaraz izango dira, eta gainerako 100 elebidunak. Gainera, aldundiak tokien %5 gordeko ditu desgaitasunen bat duten umeentzat.

18 eta 121 euro artean

Aldundiak toki bakoitzaren kostuaren %72 ordaintzen du; hortaz, 121 euro ordaindu beharko dira ume bakoitzarengatik. Halere, baliabide ekonomiko urriak dituzten kolektiboetako kideek 18,15 euro bakarrik ordaindu beharko dituzte, eta familia ugarietako kideek, ostera, 84, 70 euro.

Eskabideak martxoaren 24ra arte aurkeztu ahalko dira, Interneten bidez edo Bizkaiko foru bulegoetan, udal bulegoetan zein eskualde bulegoetan. Web orrian azaltzen da non dauden bulego horiek. Bestela, zalantzak argitzeko 944-06 33 60 telefonoa jarri dute eskuragarri. Zozketa apirilaren 24an izango da, eta tokirik lortzen ez dutenak itxarote zerrendan zein hurrenkeran gelditzen diren ere zehaztuko dute.