Etengabeko bidegurutzean

Etengabeko bidegurutzean

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Krisi humanitario betean dago mundua. Gaur egun, 65 milioi pertsona baino gehiago dira beren lurraldea utzi eta beste herrialde baten babesera jo dutenak. Iheslariak edo errefuxiatuak; 1951ko Genevako nazioarteko itunaren arabera, “arraza, erlijio, naziotasun edo talde batekoak izateagatik jazarriak izateko beldur funtsatua duten pertsonak”. Sexu jazarpena ere txertatu dute testuan motibo gisa. 65 milioi errefuxiatu. 65 milioi jazarri. “Jazarpenik jasanez gero, pertsona orok du edozein herrialdetan babesa bilatu eta izateko eskubidea”, dio Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 14. artikuluak. Nazioarteko adierazpenetan dago jasota errefuxiatuei eman beharreko babesa, hortaz. Baina paperean idatzitakoa ez dator bat errealitatearekin: hamar iheslaritik zazpiri ukatzen zaie asilo eskaera. Errefuxiatu izatea lortzen ez dutenen kopurua ere gero eta handiagoa da. Urtea hasi denetik, Mediterraneoan itotako 485 pertsona zenbatu dituzte; 7.000 lagun irentsi zituen itsasoak 2016an, eta 3.800 2015ean. Bien bitartean, aldundiak iheslariei arta emateko sortutako programak, Goihabe izenekoak, 118 errefuxiatu artatu zituen iaz.

Hilaren 3an Elorriora iritsitako zazpi iheslarien kasuak lehen lerrora ekarri du errefuxiatuen gaia, beste behin ere. Kurdistango emakumezko bi, gizonezko bat eta lau adingabe aurkitu zituzten Valentziatik atera zen hozkailu-kamioian ezkutatuta. Oihartzun “handiegia” izan zuen Durangaldera iritsitako errefuxiatuen kasuak hedabideetan, CEAR Errefuxiatuak Laguntzeko Batzordearen iritziz. Bizkaira iristen diren milaka errefuxiatuen kasuetako bat izan da zazpi kurduena, eta errefuxiatuen “segurtasuna eta pribatutasuna” lehenesteko deia egin zuen elkarteak.

Durangoko Udalak egokitutako etxe batean hartu zuten babesa Elorriora iritsitako iheslariek, eta Espainiako Estatuan asiloa eskatzeko asmoa zutela iragarri zuen CEAR elkarteak joan den astean. Baina astelehenean jakin zen Durangoko etxea utzi zutela.

Zazpi iheslari kurduak atzo atzeman zituen Guardia Zibilak Teruelen (Aragoi, Espainia), Frantziarako bidean zen kamioi batean. Iheslariek hasieratik azaldu zuten bere helburua Ingalaterrara iristea zela, eta joateko erabakia errespetatzeko eskatu du Durangoko Udalak berria jakin eta berehala. “Joatea erabaki dute, eta haien askatasuna errespetatzea besterik ez dagokigu guri”.

Interes politikoen itzala

Askatasunik gabeko egoera da errefuxiatuena. Jaioterritik ihes egin arren, jaioterrira itzultzeko etengabeko arriskua dute, asilo eskaera egin eta ukatuz gero. Izan ere, ihes egin ondoren, iritsitako estatuan errefuxiatu estatusa frogatzea lan nekeza dela salatu dute iheslariak laguntzeko elkarteek behin eta berriz. Bizkaian asiloa lortzeko, adibidez, Poliziaren aurrean agertu behar dute iheslariek: estatuaren indarren aurrean, alegia. Eskatzaileek ahalik eta xehetasun gehien eman behar dute jatorrizko herrialdean jasan duten jazarpenaz eta ihes egitera bultzatu dituzten arrazoiez. Frogak eskatzen dizkiete. Iheslariek, ordea, esperientzia, bizipen eta kontakizunak besterik ez dute askotan. Eta hitzak sinetsi ala ez erabakitzeko, interes politiko, ekonomiko eta sozialak ere badituzte estatuek.

Urratsez urrats: estatu batek pertsona bati babesa eskaintzeko, pertsona horren jatorrizko estatuak izan behar du jazarlea. Eta hor gakoa: jatorrizko estatu horren bortxa aitortu behar du errefuxiatuaren babes eskaera duen estatuak. Nazioarteko gatazka edo gerretan, interesen arabera egiten da jazartzaile eta jazarriaren arteko definizio hori. Gutxitan onartzen dira asilo eskaerak, hortaz. Behin eskaera egin eta ezezkoa jasota, ihes egin duten herrialdera itzultzen dituzte askotan. Eta hori ez da jartzen zaien muga bakarra. Ikusi besterik ez dago Europara sartzea galarazteko urteotan eraikitako hesiak.

Neurriak Bizkaian

2015ean, 160.000 errefuxiatu herrialdeetan banatzeko konpromisoa hartu zuten Europako Batasuneko kideek, eta %8 baino ez dituzte hartu orain arte. Madrilgo gobernuak adostutako iheslariak jasotzeko duen ezintasuna ikusita, Jaurlaritzak errefuxiatuak zuzenean hartzeko proposamena egin berri dio Espainiako Gobernuari. Bizkaiko Foru Aldundiak Goihabe programa sortu zuen 2015ean iragarritako iheslari siriarrak artatzeko; berez, 500 lagun jasoko zituztela uste zuen aldundiak. Errefuxiatu siriarrak iritsi ez direla ikusita, programa zabaldu eta bestelako herrialdeetako iheslariei ere arreta ematea erabaki du aldundiak. 2016an, 118 artatu ditu Goihabek; Kongo, Ukraina, Afganistan eta Palestinakoak izan dira, besteak beste.

Bizkaia harrera lurralde izateko lanean ari da aldundia. Herri eragileak eta tokian tokiko udalak ere ari dira urratsak egiten. Urduña, Ortuella, Dima, Ondarroa, Ermua, Munitibar, Ea eta Leioa, adibidez, harrera herriak dira gaur egun, eta iheslariak hartzeko neurriak adostu dituzte.