Bilbo pizteko txinpartak

Bilbo pizteko txinpartak

Natalia Salazar Orbe

Kultura, aisia eta herritarren arteko harremanak sustatzeko beste modu bat aldarrikatzen dute hainbat eragilek. Zail dute sarri asko, ordea, herriak herriarentzako antolatutako jardueren aldeko apustua egiten dutenek; gune autogestionatuek, kasurako. Joan den astean, Izar Beltz ateneoa hustu zuten, ia 11 urtez lanean jardun eta gero. Duela zenbait hil, Etxarri gaztetxeak pairatu zuen patu bera. “Gure udaletxeari ez zaizkio gustatzen gune autogestionatuak. Baina horiek dira gure erremintarik indartsuenak, maila pertsonalean ikasteko, auzoari erakusteko alternatiba bat posible dela eta azaleratzeko ez gatozela bat udalaren jarrerarekin”. Hala mintzatu da asteburuan aurkeztu zuten Bilboko Gazte Asanbladen Sareko kide Naia Vivanco. Hamar auzotako beste horrenbeste asanbladak bat egin dute sarearekin, orain arte, “modu aktiboan”. Baina beste bi auzotako asanbladak ere sarera gehitzeko asmoa iragarri dute. Helburua argia da: “Asanbladen artean harreman natural bat sortu nahi dugu, okupazioa ere lantzen duen hiri eredu berri bat gauzatu ahal izateko”.

Helburua ez da Bilboko Okupazio Mugimenduari jarraipena ematea, baizik eta hiriko gazte asanblada, gaztetxe eta eragile askotarikoak bilduko dituen mugimendu bat sortzea. Harremanak sortuta, elkarlanean hastea da asmoa. Bilbon eragiteko asmoz sortu dira, eta gazteria dute ardatz eta helburu.

Herritarren sektore hori “erdi lo” sumatzen du GAS sareak. “Gazteria aktibatzea da gure helburua. Gaur egun, nahikoa pasibo ikusten ditugu; lo daudenik ez nuke esango, baina txinparta bat falta da hirian sektore hori mugiarazteko. Hau aukera paregabea da txinparta hori sortu eta gasa emateko Bilbori”.

80 lagunetik gora elkartu ditu sareak. “Jendea gogotsu dago. Gauza mordoa antolatu nahi ditugu. Asanbladetatik kanpoko lagunak ere gurekin daude, eta horiek ere gonbidatuta jende asko mugitzeko gai izango gara”. Gune autogestionatuak babestu eta horien beharra aldarrikatzearen garrantzia azpimarratu du.

Lanik gogorrena, orain

Bidea elkartuta abiatzeko lana jadanik egina du GASek. Orain, “lanik gogorrena” dute aurretik: “Jendeak badaki sortu garela. Beraz, orain jende horri zerbait eskaini behar diogu lan egiteko; esparruren bat, alegia. Azken batean, gazteria aktibatzeko tresna bat gara”.

Ideia mordoa dituzte buruan. Orain, horri guztiari forma ematea falta dute. Zerbait argi dute bederen. Aldaketa zabaltzeko lanean jardungo dutela, hain zuzen: “Gaur egun, eredu bakarra sustatzen da. Edozein gauza egin ahal izateko, ordaindu egin behar da. Horri buelta eman nahi diogu”.

Hausnarketa luzea

Proiektu horretan aspalditik ari dira lanean. Iazko urtarrilean hasi ziren batzartzen. Ez zekiten zein izango zen haien etorkizuna. Baina jakin bazekiten beharrezko zutela hausnarketa bat egitea euren helburuak zeintzuk izango ziren ebazteko eta Bilboko gazteen problematika identifikatu eta aztertzeko.

Bilboko auzo guztiak elkartzea lortu zuten lehenengo, deialdi jendetsu batean. Leku sinboliko bat aukeratu zuten, uda atarian: Karmela. Elkar ezagutzeko eta eztabaidatzeko baliatu zuten lehen topaketa hura.

Bigarren batzar orokorra joan den azaroan egin zuten, leku berean. Denen artean ekarpenak zehaztu zituzten, eta helburu orokorrak eta GASen oinarriak direnak finkatu.

Joan den larunbatean, jaialdi bat antolatu zuten Gazte Asanbladen Sarearen sorrera zazpi haizeetara zabaltzeko. Kolorez bete zituzten Zazpikaleak.

Lehen pausoak emanda, faseak zehaztu eta helburua betetzeko unea dute aurrez aurre. Txinpartak zer-nolako sua eta garrak sortzen dituen gazteek eurek erabakiko dute; hori euren esku dago. Ikusteko dago GASek lan horretan nor izango duen bidelagun eta nor arerio.