“Barakaldon girotua egotea asko gustatu zaie irakurleei”

“Barakaldon girotua egotea asko gustatu zaie irakurleei”

Alaitz Armendariz

Arrakasta lortzen ari da Elena Fernandez (Barakaldo, 1965) bere lehen eleberriarekin. Aurretik ere kontakizun eta olerkiak idazten ibilia da, eta hainbat sari lortu ditu bere lanengatik. 1712an Barakaldon neska baten aurka egindako sexu eraso bat du abiapuntu Cerezas amargas lanak. Durangoko Azokan ere izan zen Fernandez, bere liburu berria saltzen.

XVIII. mendeko gertakari ilun batekin hasten da liburua.

Bi istorio tartekatzen dira: bata 1712. urtean benetan gertatu zen gertakizun batean oinarrituta dago, eta bestea, gaur egungoa, fikzioa da. Biak paraleloan doaz, eta bi istorioak bukaeran elkartzen dira. Intrigazko istorio bat da; nobela beltza.

Nola sortu zitzaizun ideia?

Lagun batez bidez. 1712an, Barakaldon 14 urteko neska baten aurkako sexu erasoa gertatu zen, eta horren inguruan ikerketak abiatu zituzten, hil egin baitzuten. Ikerketa horiek eskuizkribu batean jasota daude, eta nire laguna ikertzailea da; euskararen inguruko gauzak aztertzen ditu, euskaraz topatzen dituen hitzak… Gertakari horren harira, esaldi bat topatu zuen. Antza, neskato horrek, egoera larri horren aurrean, “Ai ene desditxadea!” oihukatu zuen.

Euskaraz hitz egiten zela orduko Barakaldon, alegia.

Bai. Berak esan zidan eskuizkribu historiko horrek garrantzi handia duela Barakaldon. Geroago, bururatu zitzaidan kutsu mingots hori ere bazegoela aurkikuntza horretan, 14 urteko neskato horri gertatu zitzaiona gaur egun gertatzen diren gauzak bezalakoa baita. Kontua ez da hainbeste aldatu emakumeenganako erasoei dagokienez.

Liburu hau idatzi arte, kontakizun labur eta olerkietara mugatu zara, ezta?

Bai, lehen eleberria da hau. Istorio hori kontakizun labur batean kontatzea pentsatu nuen hasieran, baina neure burua prest ikusi nuen erronka honi ekiteko. Istorio hori kontatu bai, baina argi nuen ez nuela nahi nobela historiko bat idatzi, hori historialari batek egin behar duelako. Alderaketa hori egin nahi nuen, halere: eraso hori 1712an gertatu zen, baina gaur egunean ere halakoak gertatzen dira. Kontu hori oso garrantzitsua izan da, baina istorio entretenigarri bat ere sartu nahi nuen.

Dokumentazio lana oso garrantzitsua izan da, orduan.

XVIII. mendeko istorio hori idazteko, ikerketa bat egin behar izan nuen, nolakoa zen urte hartako Barakaldo… Horrek ideia eman zidan bi istorio horiekin batera bi Barakaldo horiek alderatzeko; hiltzailea deskribatzea, eta garai hartako ogibideak, hizkera, jendeak zer egiten zuen urte hartan…

Industriak Barakaldon izan duen garrantzia ere islatu duzu, ezta?

Bai, bizimodu industriala eta desindustrializazioa ere aipatzen dira. Gaur egun herri honetaz ezagutzen dena da oso itsusia dela, industria dagoela, kutsatuta dagoela… Baina bestelako xehetasun batzuk ere landu ditut, Barakaldon ere badirelako bazter polit batzuk. Adibidez, Errekatxo. Barakaldoko auzo bat da; haran berde bat dago han, eta ekainean gereziaren jaia ospatzen dute. Hortik datoz liburuaren izenburua eta azala.

Zenbat denbora eman duzu liburua idazteko?

Ikerketa egiten bi urte eman ditut. Eskuizkribu hori oso antzinako euskaran idatzita dago; beraz, denbora dezente behar izan dut. Eta Barakaldoko historia ikertzeko ere bai. Bi istorio horiek paraleloki idaztea apur bat zaila da, zeure burua garai horretan kokatu behar duzulako, eta kontuan hartu behar duzulako jendeak nola hitz egiten zuen, zein hitz erabiltzen zituzten… Bi garaiak tartekatzen dira liburuan, atalen bidez.

Durangoko Azokan argitaratu zenuen lana, autoekoizpen gisa.

Liburua prest zegoenerako Durangoko Azoka oso gertu zegoen, eta azken momentuan pentsatu nuen autoekoizpena egitea. Izan ere, zail samarra da argitaletxe batek idazle ezezagun bati aukera bat ematea. Saiatu nintzen argitaletxeren bati bidaltzen, baina, oro har, ez dute irakurri ere egiten. Kontua ez da “txarra da” esan dezaketenik; ziurrenik ez dute ezta irakurriko ere.

Azokan jende askorekin zuzenean hitz egiteko aukera izan zenuen, ezta?

Oso esperientzia polita izan da. Jende jatorra bildu ginen, eta lana guztien artean egin genuen. Gainera, ni urtero joaten naiz, eta giroa ezagutzen dut, baina barrutik ikusita are politagoa da. Jendearekiko harremana oso ona izan da, irakurleak gogo handiz hurbildu dira… Askok erosi egin dute, edo liburua hartu eta zertaz zihoan galdetzen zuten.

Barakaldon, zure herrian, arrakasta handia izan du.

Bai, jende piloa hurbildu zait zorionak ematera. Irakurleak ezagutzen dituen lekuetatik mugitzen dira protagonistak, eta hori hemengo jendeari asko gustatu zaio. Batzuek hurrengoa noiz idatziko dudan ere galdetu didate.

Irakurleek zein ondorio ateratzea gustatuko litzaizuke?

Ez nuen nahi nobela beltz batean hilketa gertatzea eta kito. Sakoneko gaiak ere jorratu nahi nituen; emakumeen aurkako indarkeria, kasu honetan. Gainera, Barakaldon girotuta dagoenez, bada kontu sozial bat ere: langabezia, eta horrek dakartzan ondorioak, pobrezia… 1712an emakumeen aurkako erasoak zeuden, eta gaur ere bai. Baina mezu baikor bat ere helarazi nahi izan dut. Gauzak gutxi aldatu dira, baina, nire ustez, gaur egun emakumeak eta gizartea prest daude urratsak egiteko indarkeria hori buka dadin.