Izar Beltz legez kontra hustu dutela salatu dute ateneoko kideek

Izar Beltz legez kontra hustu dutela salatu dute ateneoko kideek

Natalia Salazar Orbe

Izar Beltz ateneoaren 11. urteurreneko ospakizunak prestatzeko astelehenero egiten zuten batzarraren ostean iritsi zen ezustekoa. Asteartean, goizean goiz, Ertzaintzak hustu egin zuen Bilboko Irala auzoan zegoen “gune autogestionatu, libertario, antiespezista eta antierrepresiboa”. Kautelaz hartutako neurri hori legez kanpokotzat jo dute hango kideek. “Legez ezin dute gauzatu era horretako esku hartzerik. 11 urte egin ditugu han, eta isilbidezko akordio bat geneukan jabearekin”. Azken bi urteetan, elkarren arteko giroa gaiztotu egin da, eta ez ziren horren ondo moldatzen. “Beraz, normalena prozesu zibil batean sartzea zen”. Horrelakorik ez da gertatu, ordea, eta hustu egin dute. “Legez ezin dute gauzatu neurri hori era horretako prozesu batean”.

Egoera horri aurre egiteko, hustearen aurkako salaketa jarri dute Izar Beltzekoek. Aurreikusi dute epaileak erabakiren bat hartuko duela bospasei egun barru. Berriz ere gunean sartzeko baimena emango dieten itxaropena dute. Hori gertatuz gero, prozesu zibila abiatzea da euren asmoa.

Hamaika urtez atzera eginda, inor gutxik esango luke erabat utzita zegoen gune hura gaur egun Bilbon erreferente bilakatuko zenik. Urteetan gune horrek hartu duen oihartzun hori jo dute, hain justu, hustearen arrazoitzat. “Era horretako jarduerak erabaki politikoen eraginak izaten dira. Duela zenbait hilabete, Etxarri hustu zuten. Orain guri egokitu zaigu. Gure auzoan irauten duen era honetako gune bakarra Oihuka da. Noiz arte? Ez dakigu. Gaztetxeak eta gurea bezalako guneak esparru politikoak dira. Agintariek ez dute nahi euren hirian era horretako espazio autogestionaturik”.

Epailearen erabakia iritsi bitartean, erantzun soziala eman dute kalean. Elkarretaratzera eta manifestaziora deitu zuten asteartean bertan. “Jende eta kolektibo asko etorri ziren. Ia 600 lagun elkartu ginen. Babes handia erakutsi digute. Hori oso garrantzitsua da: erakutsi digu gauzak ondo egin ditugula. Astearte buruzuri bat zen, euria ari zuen, eta, hala ere, ia 600 lagun azaldu ziren babesa ematera. Ederra da oso, eta adierazgarria”.

Salaketa ugari

Iruñetik, Durangotik, Gasteiztik… hainbat herritatik gerturatu ziren ateneoaren hustearen aurkako salaketa egitera. “Eta esparru zabal baten babesa ere izan dugu”. Besteak beste, Udalberrik eta Ezker Anitzak salatu egin dute neurria. Lehenengoek gogora ekarri dutenez, “tradizioz langileen mugimenduarekin lotutako kultur guneak diren ateneoak ideien hedapen fokuak izan dira. Eta Iralakoa printzipio eta balio batzuk ardatz hartuta azken hamarkadan hainbat jarduera — kulturalak, bereziki — gauzatu dituzten pertsonen topagune izan da. Leku plurala zen; ideologia, estrategia eta ikuspuntu askotarikoei ematen zien lekua”. Antzeko iritzia azaldu du Ezker Anitzak. Ateneoaren eta okupatutako bestelako gizarte guneen helburua da “gure auzoei bizitza ematea eta auzokideen mugimendua sortzea eta antolatzea”.

Ospetsua zen Izar Beltz, oso. Hango jantoki beganora jende ugari biltzen zen larunbatero. Hala gogoratu dute hango kideek: “Euro baten truke platerkada bat jan zenezakeen. Beti jendez gainezka zegoen”. Igandeetan zine emanaldiak egiten zituzten. Gimnasioa, bi entsegu gela zein lanak egiteko erreminten mailegua; denetarik eskaintzen zuen. Baita kontzertuak eta antzerkia ere. Betiere, drogarik gabe. “Gurean ez zegoen alkoholik edo tabakorik, gure irizpide politikoan era horretako konturik ez delako sartzen”. Ikusteko dago proiektuari aurrera egiten utziko dioten.