Elkartasuna elkartasunari

Elkartasuna elkartasunari

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Mundu oso bat kabitzen da 100 metro koadroan, baldin eta sartzen dena mundu berri bat eratzearen aldekoa bada. Norbanako eta herri eragileentzako espazioa gordetzen du Bilboko Zazpikaleetako Zirika herri guneak. Aretoa erabili nahi duenak aski du hara joatea. Kritikotasuna, hausnarketa eta sormena ardatz hartuta, “guztiontzako Bilbo” egitea du xede. Lau urte dira Komite Internazionalistak elkarteak gunea ireki zuela, eta azken urteetan egitasmoa hiriburuan errotu dela aitortu du Igor Olabarrieta Komite Internazionalistak-eko kideak. Baina urrats gehiago egin nahi dituzte aurrera: Zirika gunea erosoago izan dadin, konponketak egin eta erabiltzaileentzako baliabide gehiago eskuratu nahi dituzte. Finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatu dute dirua biltzeko.

Gatazka liburu denda zegoen gaur egun Zirika herri gunea dagoen lokal berean. Hura itxi zutenean erabaki zuten Komite Internazionalistak elkartekoek lokala hartzea, Olabarrietak azaldu duenez. “Ez genuen erakundearen egoitza hutsa izatea nahi, eta horregatik erabaki genuen harago jo eta Bilboko herri mugimenduarentzat ateak zabalik dituen espazioa sortzea”. Hiru ardatzen arabera antolatu zuten egitasmoa: “Argi izan genuen espazioak internazionalista, feminista eta antikapitalista izan behar zuela”.

Hasiera zaila izan zuen egitasmoak, baina Olabarrietak dio hiriburuko herri mugimenduaren artean erreferentzia izatea lortu dutela. “Herri mugimenduek espazio propio gisa sentitzen dute Zirika. Nahi duten jarduera eta diskurtsoa lantzeko aukera dute bertan, inolako trabarik gabe. Egitasmoa bere egiten dute”. Gabonetako herri denda jarri du adibide gisa. “Urtero txiki geratzen zaigu lokala”. Pauso bat harago eman nahi dute, ordea: lokalean konponketak egin nahi dituzte aretoak erosoagoak eta erabilgarriagoak izateko; eta baliabide gehiago eskuratu nahi dituzte, han biltzen diren eragileen esku uzteko gero.

Espazioak hobetzeko jauzia

Hiru gunetan dago banatuta Zirika. “Sarrerako aretoa da handiena. Eragile askok agerraldiak eta aurkezpenak egiteko erabiltzen dute. Bilerak ere egiten dituzte maiz”. Herri liburutegia, bideoteka, liburu denda eta hainbat elkarteren materiala ere badute bertan. “Norbanakoek ekartzen dituzten liburuekin eta hiriburuko herri mugimenduko jendeak bildutakoekin osatu dugu liburutegia. Edonork har ditzake han dauden liburuak”.

Zirika sortu aurretik bertan zegoen Gatazka liburu dendaren filosofia mantentzeko asmoz, argitaletxe kritiko eta alternatiboen liburuak ere salgai dituzte. “Beste gela txiki bat ere badugu elkarteak biltzeko eta Komite Internazionalistak duen dokumentazioa gordetzeko”. Biltegia dute hirugarren gelan. Eragileen eta Mekauen konpartsaren materiala gordetzen dute han.

Orain dauden espazioak hobetzeko abiatu dute diru bilketa. Olabarriak azaldu duenez, areto nagusia berrantolatzea da asmoetako bat: batetik, herri liburutegia eta liburuak irakurtzeko tokia hobetu nahi dituzte; eta, bestetik, pantaila, proiektorea eta soinu sistema ere jarri nahi dituzte. “Herri mugimenduek baliabide gehiago eskuragarri izatea da helburua”.

Bozgorailuak ere erosi nahi dituzte; baita bilera gela atondu ere. “Haurrentzako espazioa ere egokitu nahi dugu”. Biltzen duten diruaren araberako konponketak egingo dituzte, hala ere; herritarren borondatezko ekarpenez gain, Zirikak ez baitu bestelako diru iturririk. “Zirikan egiten diren jarduera guztiak doakoak dira. Herri mugimenduek ez dute ezer ordaintzen aretoa erabiltzeagatik, eta herritarrentzat egiten diren ekintzak ere doakoak dira”. Egin nahi dituzten aldaketen artean aipatu du berogailu sistema ere.

Aurrera begirako erronkak

Aldaketak egiteko, herritarren ekarpen ekonomikoa beharrezkoa dute Zirikakoek. Olabarrietak azaldu du gutxienez 8.000 euro lortzeko erronka dutela. “Baina, minimora iritsita, minimoak izango dira egin ahal izango ditugun aldaketak”. Horregatik, ahalik eta diru gehien biltzea dute helburu: 12.000 euro inguru, alegia. Joan den astean abiatu zuten diru bilketa, eta 5.000 euro inguru lortu dituzte jada. “Ondo hasi gara, baina maximora iritsi nahi dugu”. Ondorengo webgunean egin daiteke ekarpena: www.eu. goteo.org/project/construyamos -zirika-herri-gunea.

Ibilbide luzea du egiteko Zirikak oraindik. Herritar gehiago biltzea du erronketako bat. “Zirika erreferentziazko gune bihurtu da Bilboko Zazpikaleetan. Baina are gehiago zabaldu nahi dugu egitasmoa. Orain arte etorri ez diren herritarrengana iritsi nahi dugu”.

Diru bilketaz gain, proiektuan laguntzeko bestelako aukerak ere jarri dituzte horregatik: tartean, liburutegiaren funts dokumentala antolatzea proposatu dute. “Datu basea osatu, eta baliabideen zerrenda Internet bidez kontsultatu ahal izateko tresnak sortzea interesgarria izango litzateke egitasmoaren garapen eta hedapenerako. Eta gure eguneroko lana ere asko erraztuko luke”.