Arrainak

Nerea Ibarzabal

Jarduera terapeutiko berri bat aurkitu dut: arrainei ura aldatzea. Bi egunetik behineko lasaitasun momentu bilakatu da. Arrainontzi klasiko batean dauzkagu, forma esferikodunean, bata laranja eta bestea zuria. Eskuan harrapatu eta beste bol batean sartzen ditut astiro, harri txiki arrosak uretan pasatzen ditut, eta arrainontzia garbitzen dut, sortzen duten muki berdexka hori desagertu arte. Ur berri freskoa jarri, eta berriro itzultzen ditut jatorrizko ontzira.

Geldi-geldi geratzen dira une horretan, gorputza tenperatura berrira egokitzen bezala, eta harrituta begiratzen dute ingurura —edo hala iruditzen zait niri, baina ahoa beti zabalik duten bekainik gabeko izakiekin nork jakin—. Ez dakit aldaketak pozten dituen, baina momentu horretan beraiei begira geratzen naiz, gauza garbiek ematen duten plazer arraro hori sentitzen.

Gustatzen zait arrainak edukitzea, norbaiten bizitza gure esku dagoela pentsatzeak baduelako puntutxo bat; ardura da, baina gozagarria ere bada norbaitentzako beharrezkoa zarela pentsatzea, bera zuretzako hain beharrezkoa izan gabe. Horrela esanda psikopata samarra dirudit, baina ulertzen da, ezta? Zuri bera gustatu ez arren, gustuko zaituen pertsona horri gustatzen jarraitzea nahi duzun bezala, gutxi gorabehera.

Pozik zainduko ditut etxeko arrainak, egunero emango diet jaten eta ura aldatuko diet, eta beharbada egunean zehar pentsamenduren bat ere eskainiko diet, baina ez dut negarrik egingo hiltzen direnean —nire erruagatik izan ez bada, noski—.

Ez da oso harreman sanoa beraiekin daukadana, baliteke emakume moduan besteak zaintzeak bete behar nauela esan didatelako egitea hain pozik, berez beraiek inoiz ez baitidate bueltan maitasunik edo eskerrik adieraziko. Egongelarako dekorazio objektu bat eta ura aldatzearen momentu lasaigarria besterik ez dizkidate emango, egia esan; maitatu gabe, zaintza hutsak dakarren plazera.

Eta beldurtu egin naiz apur bat. Zaintzeak plazera ematen didalako ez, baizik eta beste denak zaintzera ez iristeak larritzen nauelako sarritan. Lagunak, senideak, bikotea, etxeko beste animaliak.

Zuek ere sentitu al duzue erruduntasun hori, Gabonetako ama, izeba, amona hori barruak zulatzen, ez duzulako denak gustura egoterik lortu? Pentsatu gabe denak zaindu ezin izan dituzunetan ere, ez dela inor hil. Beraien urei erreparatzen diedan beste erreparatu nahiko nioke nireari batzuetan, ikusteko ze kolore duen, ze usain duen nire ontziak, jakiteko noiz den aldatzeko ordua.