Abandoko geltoki gainean mila bat etxe eraikitzeko asmoa du udalak

Abandoko geltoki gainean mila bat etxe eraikitzeko asmoa du udalak

Alaitz Armendariz

Abandoko Indalecio Prieto tren geltoki historikoak erabateko aldaketa jasango du hurrengo urteetan. Onartu berri duten hitzarmen baten arabera, oraingo geltokia desagerrarazi, eta lur azpian bi solairu izango dituen geltoki berria egingo dute. Proiektua abiatzeko akordioa sinatu zuten aurreko astean Espainiako Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak; ez dute behin betiko datarik ezarri, baina, lehen aurreikuspenen arabera, lan horien ondorioz, AHTa 2023an helduko da Bilbora. Obra osoa 2027an bukatuko litzateke; izan ere, geltokiaren gaineko eremuan mila etxebizitza inguru egitea da asmoa, berdegune bat ere izango duen 90.000 metro koadroko inguru batean. Zenbait komunikabidek adierazi dute guztira 300-400 milioi euroko inbertsioa beharrezkoa izango dela. Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Sustapen Ministerioaren artean ordaintzekoa litzateke hori. Europatik diru laguntzak lortzea ere posiblea da, halere.

Lanen lehen fasea ez da bi urte barru arte hasiko. Fase horretan, Bailen kalearen eta oraingo Abandoko geltokiaren artean egongo den geltokia egiteko indusketa lanak hasiko dira. Hiru solairu izango ditu geltoki berriak. AHTarentzako tunela behe-beheko solairuan egongo da: hogei metroko sakoneran egingo da, eta zortzi nasa izango ditu. Horren gainean, ohiko trenentzako nasak egongo dira, lur azpiko lehen solairuan: Renferentzat bost nasa izango dira, eta, FEVErentzat, hiru. Lehen fase horretan Abusu eta Abando arteko 2,1 kilometroko tunela egingo da, abiadura handiko trenak trenbide bikoitzean hel daitezen. Hala, aurreikusten da AHTa 2023an helduko dela Bilbora. 20.000 metro koadro geratuko dira libre eraikitzeko eta geltoki gainean aparkalekua sortzeko.

Bigarren fasean, oraingo geltokiaren funtzionamendua apur bat aldatuko da, aldirietako bi nasa kendu beharko baitituzte. FEVEren lineak geltokiaren -1 solairura aldatuko dituzte; horretarako, tunel faltsu bat jarriko dute orain Ametzola dagoenaren eta geltoki berriaren artean. 2023 bukaeran amaituko litzateke bigarren fase hori, FEVEren nasak martxan jartzearekin batera.

2024an hirugarren fasea bukatuko litzateke: Urduñatik heltzen den Renfe linea mugituko dute orduan. Ordea, Muskiz eta Santurtzitik datozen trenak laugarren fasean helduko lirateke behin betiko nasetara. Horrela, lur azpiko lanak 2026. urtearen amaieran bukatzea aurreikusten da. Hori egitearekin batera, bidaiari guztientzako eraikina eraikiko dute lur azalean; garraioak bateratzea sustatu nahi dute horrela. Gainera, geltoki berriaren ondoko lau solairuko aparkalekuko lanak egiten hasiko dira. Azkeneko fasea Cantalojasko lubakia estaltzea izango da; 2027an bukatzea aurreikusten dute.

Oraingo Indalecio Prieto geltokitik gordeko den bakarra eraikinaren egitura izango da, haren balio historikoarengatik. Ondoan, hainbat etxebizitza eraikin egingo dituzte, lokal komertzialak, ekipamendu publikoak eta berdegune zabal bat. Proiektua egiteko ordaindu beharreko diru kopurua, 300-400 milioi euro bitartekoa, hiru erakunderen artean ordainduko dute: Espainiako Sustapen Ministerioa, Eusko Jaurlaritza eta Bilboko Udala.

Ez dute oraindik zehaztu zein izango den behin betiko zifra, baina horri etxebizitza berrien gainbalioak kendu beharko litzaizkioke. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea tentuz mintzatu da ordaindu beharreko kopuruaz, eta nabarmendu du pausoak “bata bestearen atzetik” eman behar direla: “Ez dakigu zein izango den finantzaketa, baina gu prest gaude dirua jartzeko. Beharrezkoa izango da aurrekontuetatik dirua jartzea, eta baita hirigintza ikuspuntutik aprobetxamenduak lortzea ere”.

Europako laguntzak

Azaldu duenez, geltoki gainean 90.000 metro koadroko gune bat irabaziko dute hiriarentzat, etxebizitzentzako eta hiritarrentzako ekipamenduekin. Bilboko alkateak Europatik lor daitezkeen laguntzak ere aipatu ditu. “Bilboren kasuan, proiektu hau gizarte proiektua da, eta horrek esan nahi du Europako Inbertsio Bankutik finantzaketa zati bat lor dezakegula”. Aburtok nabarmendu du hiriarentzat oso proiektu “garrantzitsua” dela, eta hiru ikuspuntu aipatu ditu: gizartearena, ekonomiarena eta hirigintzarena.

Alkateak iragarri du “oraingoz” lizitazio bat egin dutela, azterketa baten bidez jakiteko nola geratuko den behin betiko egitasmoa. Etxebizitza kopuruaren inguruan galdetuta, Aburtok adierazi du zifra “erabakitzeke” dagoela: “Guk hainbat aukera landu ditugu udalean, baina lizitazioa martxan jartzeko bakarrik”. 800-1.000 etxebizitza izan daitezkeela onartu du; hala eta guztiz ere, “gehiago edo gutxiago” izan litezkeela ere ohartarazi du.