Hamaika ekitaldi, hogei urte ospatzeko

Hamaika ekitaldi, hogei urte ospatzeko

Alaitz Armendariz

Dagoeneko hogei urte igaro dira 1997an Bilboko Guggenheim museoa ireki zutenetik, eta hori ospatzeko bat egin dute museoak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k. Hiru erakundeek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, 2017ko urrira bitarte hainbat ekitaldi eta jarduera antolatzeko. Aldundiak eta BBK-k ekarpen ekonomikoa egingo dute horretarako: lehenengoak 200.000 euro bideratuko ditu Guggenheim museora, eta bigarrenak 100.000 euroko ekarpena egingo du. Lurraldeari Irekitzea, Toparte eta Eginberri izango dira 2017an egingo diren egitasmoak.

Lurraldeari Irekitzea ekintzaren bidez, Bilboko museoko erakusketak Bizkaiko gainerako herrietako biztanleengana heltzea lortu nahi dute. Horretarako, Guggenheim museora joateko garraioa eta sarrerak doan eskainiko dizkiete herritarrei. Horrez gain, artea eta zientzia jorratuko dituen ekitaldi aitzindari eta parte hartzaile bat ere egingo dute, eta musika eta museoaren arkitektura bateratuko ditu, zientzia eta teknologia baliatuta. Museoaren 20. urteurrena ospatzeko berariaz diseinatutako ikuskizun bat ere eskainiko dute. Bi emanaldi horietarako datak zehazteke daude oraindik.

Beste alde batetik, Toparte programa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kultura eragile eta erakundeentzako lankidetza proiektu bat izango da. Horren bitartez, Guggenheim museoak zenbait gune doan erabiltzeko aukera emango du kanpoko jarduerak antolatzeko. Hiru izango dira Toparteren xedeak: inguruko kultura eragileak bateratzea, garatzen diren proposamenen aberastasuna transmititzea eta ikusleei askotariko programa bat eskaintzea. Programa horrek hainbat diziplina bilduko ditu: musika, zinema, bideoa, dantza, antzerkia, gastronomia…

Besteak beste, Toparteri esker, Guggenheim museoak Berlingo Orkestra Filarmonikoaren bost kontzertu emango ditu, zuzenean, ekainera arte. Museoko auditoriumean egingo dira kontzertuak; lehenengoa martxoaren 11n izango da, Elgar eta Txaikovskiren obrekin, eta gainerakoak martxoaren 23an, apirilaren 29an, maiatzaren 6an eta ekainaren 17an izango dira. Apirilaren 8an, berriz, Bilboko Orkestra Sinfonikoak Dvoraken kontzertua joko du museoko atarian. Doako ekintza izango da, baina joan nahi duten guztiek aurretiaz eskuratu beharko dute sarrera.

Hemengo sortzaileen lanak

Horrez gain, Toparteri esker, martxoaren 25ean Musikeneko ikasleek osatutako Sinfoniettak Pierre Boulez, Felix Ibarrondo, Arnold Schoenberg, Igor Stravinski eta beste zenbait konpositoreren obrak interpretatuko ditu, Arturo Tamayoren gidaritzapean. Auditoriumean izango da kontzertua, eta sarrerak lau euro balioko du.

Euskal kulturgintza sustatzen duen Loraldia jaialdiaren bi emanaldi ere Guggenheim museoan izango dira, Toparteri esker. Musikak, dantzak, bertsogintzak eta literaturak bat egingo dute bertan. Lehen emanaldia martxoaren 12an izango da: Dantzaz konpainiak Txoriak dantza emanaldia egingo du, 12:30ean. Sarrera doakoa izango da museorako sarrera erosiz gero. Apirilaren 2an, berriz, Geroa izeneko emanaldian izango dira zenbait idazle, bertsolari eta musikari ezagun. Hamar euro balioko du sarrerak.

Eginberri programa, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako artista eta sortzaile gazteentzako deialdi ireki batean oinarritu da. Parte hartzaileek arte plastikoetako edozein diziplina jorratzeko aukera izan dute euren proposamenetan, eta epaimahai batek hautatu dituen piezak apirilaren 10etik martxoaren 7ra izango dira ikusgai Guggenheim museoan. Xare Alvarez, Maria Benito, Patrik Grijalvo, Izaro Ieregi, Zaloa Ipiña eta Carlos Martinez artista gazteak izan dira aukeratutako sortzaileak.