“Gizonok ditugun pribilegioak galtzen ikasi behar dugu”

“Gizonok ditugun pribilegioak galtzen ikasi behar dugu”

Alaitz Armendariz

Lanbidez aktorea da Juanma Rodriguez (Ermua, 1973), eta, horrekin lotuta, clown izateko ikasketak egin ditu Londresen. Hain zuzen ere, clown-en baliabidea erabilita gizonezkoentzako desjabekuntza tailerrak ematen ditu hainbat herritan, Zipriztintzen taldeko kide gisa. 2008an sortu zuten Zipriztintzen, Ermuan, Emakumeen Etxearen ekimenez. Berdintasunaren alde lan egin nahi duten gizonek osatzen dute taldea. Bertako kide da Rodriguez harrezkeroztik, eta, azkenaldian, desjabekuntzarako clown tailerrak ematen ditu han-hemen. Bihar, esaterako, Berrizen egingo du tailerra.

Nola sortu zen gizonentzako desjabekuntza tailer bat clown bidez egiteko ideia?

Lagun feminista batzuek galdetu zidaten ea zergatik ez nuen clown ikastaro bat antolatzen, gizonei zuzendua, jolasen bidez berdintasunaren inguruan hausnar zezaten. Berdintasuna lantzeko helburuarekin, baina modu lasaiago batean, gaia lantzeko modu errazago batean. Eta hala sortu zen. Gero, desjabetze izena jarri genion, jabekuntza eskolei keinu bat egiteko. Emakumeek jabetu egin behar badute, gizonek desjabetu egin behar dugu, bestela ez dago-eta orekarik.

Nola lantzen da horrelako gai bat clown-en ikuspuntutik?

Clown-ena aitzakia bat da azaltzeko zein rol jokatu beharko luketen gizonek berdintasunaren arloan gauzak aldatzeko. Clown-ek beren buruaz barre egiten dute; okertu egiten dira, eta ez da ezer gertatzen, horixe da gakoa. Asmoa da garrantzitsuena.

Zein adinetako gizonak joan ohi dira tailer horietara?

Hasieran gizon helduengan pentsatu genuen, gaian interesa dutenengan. Bestela, konplikatua da; pribilegio bakar bat ere utzi nahi ez duen pertsona batekin oso zaila da ezer egitea. Azken finean, hori da kontua: desjabekuntza ikastaro bat da, gizonok ditugun pribilegioak galtzen ikasi behar dugulako. Garrantzitsuena zerbait aldatu nahi izatearen ezinegona edukitzea da; bestela…

Mutil gazteekin ere egin dituzu tailerrak institutuetan.

Gazteekin zailxeagoa da. Institutuetan, pare bat orduz klasea eman beharrean, tailerra egiten dute. Eta ikasleen artean denetarik dago; batzuek lan egiteko gogoa dute, beste batzuek ez, eta denetarik entzuten dut. Kalean entzuten dutena esaten dute, eta zaila da, batzuetan. Baina Beldur Barik egitasmoan, adibidez, gazteak beste jarrera batekin datoz. Itzela izan zen esperientzia hori. Oso oroitzapen onak ditut.

Zer egiten duzue tailerrean, zehazki?

Jolasak egiten ditugu. Eta dibertigarriena da egiten dugun jolas bakoitzean guk nahi dugun gaira ekar ditzakegula parte hartzaileak; adibidez, berdintasunera. Planteatzen dugu garrantzitsua dela irabaztea, baina batzuetan edozer egiten dugula irabazteko.

Zergatik batu ohi dira gizonak egitasmora?

Oro har, gizonak ingurune feminista batetik etortzen dira, lagunek edo bikotekideak animatuta. Baten bat noizbait etorri izan da clown kontua dela eta; hori ere ongi dago. Clown kontua, azkenean, aitzakia bat da; babesteko ezkutu baten modukoa da, eta horrek beste jarrera bat edukitzea ahalbidetzen du.

Zenbat ordukoa da tailerra?

Nerabeentzat, bi ordukoak izaten dira. Bi egunetan ere egin daiteke, bakoitzean bi ordu eginda. Helduentzat, zortzi ordukoa da egokiena. Berrizen zortzi ordukoa egingo dut. Aurrekoan, Gasteizen hamabi orduko ikastaro bat eman nuen, bi egunetan. Asko iruditu zitzaidan hasieran, baina oso ongi joan zen, talde ederra izan zen. Labur geratu zitzaigun. Tailerrak eginez noan heinean, gero eta gusturago sentitzen naiz.

Zerk ematen dizu atentzioa tailerrak egiten dituzunean?

Jarrera aldaketa dago ikastaroaren hasieraren eta amaieraren artean. Nahiz ezkor samar etorri, jarrera aldatzen dute gizon askok, eta horrek ikaragarri pozten nau.

Parte hartzen duten gizonek zer hausnarketa egitea nahi duzue?

Nozioa eduki behar dute espazio publiko bat okupatzen dugula, konturatzen ez garen modu batean. Gizonok dugun pribilegio handia da hori, espazio publikoa gurea dela, eta, orduan, konturatzen direnean, “hara, oso desberdina da gauean kalean gizona edo emakumea izatea” diote. Aurrerapen handia da hori.

Euren buruak zalantzan jartzen dituzte parte hartzaileek?

Helduen artean, adibidez, onena da jolas bakoitzaren ondoren hausnarketa asko egiten dituztela. Gazteekin, berriz, hori ez da hainbeste gertatzen. Ahal duguna egiten dugu. Zipriztintzen taldean nahi duguna da kanpora begirako lana egitea, kalean ikus dadila berdintasunean gizonezkoek ere badugula zeregina. Emakume feministen aldeko ekintza politiko publikoak egin behar ditugu.

Antzerkiak ere egiten dituzue, ezta?

Machomaris antzezlana azaroaren 25ean emango dugu Abanto-Zierbenan. Inposatutako zaintza partekatua, gizonen pribilegioak, mikromatxismoak, hizkuntzaren erabilera sexista, indarkeria sexista… gai asko lantzen ditugu bertan. Gizon taldeen autokritika ere egiten dugu. Eta hori guztia, umorea erabiliz. Hasieran konplikatua izan zen, gai arazotsuak baitira, baina emaitza bikaina izan da.