Erresistentziaren ikurra

Erresistentziaren ikurra

A. Larrabe Arnaiz

Igandean 80 urte beteko dira Euzko Itsas Gudarosteak flota faxistarekin topo egin zuela eta Matxitxakoko bataila gertatu zela. Adorez eutsi zion ‘Nabarra’ ontziak frankisten erasoari, eta mito bihurtu da bataila.

David eta Goliathen arteko borrokaldiarekin alderatu da 1937ko martxoaren 5ean Matxitxakon gertatutako borrokaldia. Historiografiak mito bihurtu du Euzko Itsas Gudarosteak faxisten flotaren erasoaldiei aurre egiteko izan zuen ausardia. Txikiak handiari aurre nola egin zion azaltzeko erabili da Matxitxakoko bataila, edo baliabide gutxirekin euskal marinelek erasoari nola eutsi zioten behintzat. Igandean 80 urte beteko dira Bermeoko uretan jazotako gertakarietatik, eta hainbat ekitaldi egingo dituzte ordukoak gogora ekarri eta borrokan hildakoak omentzeko. 1977an Itsas Gudarien Eguna antolatu zuen erbesteko Jaurlaritzak estreinakoz, eta ordutik urtero ospatzen dute Bermeon, martxoko lehen igandean.

Busturialdeko herritarrak lotura estua dute 36ko gerrako itsas armadarekin, itsas gudarostean aritu ziren borrokalarien arteko gehienak bertakoak baitziren. 1936ko urrian sortu zen Euzko Itsas Gudarostea, militarrak Errepublikaren aurka altxatu eta hilabete gutxira. Bi lan nagusi zituen: itsas merkataritza babestea eta portuen sarrerak oztopatzen zituzten faxistek jarritako minak garbitzea. Gerora, lurreko ekintzei laguntza ere eman zien flotak. Joakin Egia Unzueta itsas ordezkariordea eta Bilboko Portuko komandantea izendatu zuten itsas gudarosteko arduradun. Gerra ontzirik ez zegoen, eta ondorioz, Bilboko itsasadarrean geldi ziren itsasontziak guduontzi bihurtzea izan zen Egiak hartu zuen lehen neurria. 50 arrantza ontzi inguru margotu zituen grisez, izena edo zenbakia idatzi, eta ikurrina eta bandera errepublikanoa ere jarri zitzaien txopean. Portugaleten izan zuten basea.

Boluntario zibilek osatu zuten itsasoko gudarostea. Guztira, 3.000 herritarrek eman zuten izena 1936ko azaroaren 10ean Itsasoko Boluntariotza sortzeko Jaurlaritzak argitaratu zuen dekretuaren ondoren. 900 aukeratu zituen itsas gudarosteko arduradunak. Bizkaitarrak ziren borrokalarien erdiak baino gehiago eta bermeotarrak ziren Euzko Itsas Gudarosteko gudarien %10. Matxitxakoko batailan parte hartu zuen Bou Bizkaia ontziko kideen %25 ere Busturialdekoak ziren, eta, horregatik, eskualdeko herritarren oroimen kolektiboan iltzatuta daude Matxitxakoko gertakariak.

Adorearen erakuslea

Handien eta txikien aurkako borroka izan zen martxoaren bosgarren egunekoa. Bezperan, Baionatik Bilbo aldera abiatu ziren Gipuzkoa, Nabarra, Bizkaia eta Donostia gerraontziak. Han zeuden Galdames merkataritza ontziari babesa emateko ardura zuten Euzko Itsas Gudarosteko lau ontziak. Makineria, bidaiariak eta Eusko Jaurlaritzaren aginduz jaulkitako nikelezko 500 tona txanpon zituen Galdames-ek, eta gordeta zeramana Bizkaiko hiriburura irits zedin ziurtatu beharra zuen itsas gudarosteak. Gauez abiatu zen Galdames Baionatik, argirik gabe eta irratia itzalia zuela, flota faxistaren begietara ikusezin bihurtzeko. Baina euskal ontzien aurkakoa izan zen neurria. Gerraontziek elkarren arteko harremana galdu zuten, eta, eguna argitzearekin batera, merkantzia ontzia bilatzen hasi ziren lau bouak berehala. Bou Gipuzkoa-k Matxitxako parean egin zuen topo Canarias gerraontzi frankistarekin. 13:30ean hasi ziren tiroka eta ihes egitea lortu zuen Gipuzkoa-k. Bost gudari hil ziren eta beste asko zauritu.

Bataila ez zen hor bukatu, ordea. Nabarra eta Donostia gerraontziekin egin zuen topo ontzi frankistak gutxira. Galdames babesten ari ziren bi-biak. Faxisten aurka jo zuen Nabarra-k berehala, merkataritza ontziak ihes egin zezan denbora irabazi nahian. Bi ontzien arteko borroka erraza izango zela zirudien. Izan ere, Euzko Itsas Gudarosteko itsasontziak ez ziren borrokarako ontziak, gerrarako prestatutako arrantzontziak baizik. Aurreikuspen guztiak hautsiz, ordubetez eutsi zion Nabarra-k erasoari, harik eta frankistek ontzia hondoratzea lortu zuten arte. Euskal ontzian ziren 49 itsasgizonetatik 30 hil ziren borrokan. Bizirik atera ziren hemeretzi kideak Donostian espetxeratu zituzten, eta fusilatu behar zituzten arren, Canarias ontziko kapitain frankistak haien indultua lortu zuen, borrokan erakutsitako adoreagatik. Hortik, borrokaren mito izaera.

Nabarra garaitu ondoren Galdames-ekin egin zuen topo ontzi faxistak. Eraso egin eta merkataritza ontziko emakume bat eta hiru ume hil ziren. Babesgabetasuna ikusita amore eman zuen Galdames-ek berehala, bandera zuria atera eta motorrak geratuz. Pasaiara eraman zuten merkataritza ontzia, eta zigorrak jaso zituzten bidaiariek. Fusilatu ere egin zituzten batzuk; tartean, Manuel Carrasco Jaurlaritzan Kataluniako Generalitateko ordezkari zena. “Visca Catalunya lliure” aldarrikatzen hil zuten Carrasco.