Martxoaren 7an estreinatuko dute ‘Ez dok hiru’ antzezlana

Martxoaren 7an estreinatuko dute ‘Ez dok hiru’ antzezlana

A. Larrabe Arnaiz

Antzezlanaren estreinaldia Korrika Kulturalaren egitarauan egingo dute Mikel Martinez eta Patxo Telleria Tartean Teatroa konpainiako kideek. Martxoaren 7 eta 8an aurkeztuko dute Ez dok hiru! lana, Bilboko Arriaga antzokian. 20. Korrikak iraun bitarte, hainbat herritan egingo dute saioa: Bizkaian, Durangon eta Igorren izango dira. Itzuli artistikoaren abiapuntua izango da Korrika, hortaz. Euskal Herriko kantagintzaren berrikuste ironiko, absurdo eta dibertigarrian oinarritu dute antzezlana. Aktore bikotearekin batera, hiru musikari eta aktore ere izango dira oholtzan, antzerkiari zuzeneko musika jartzeko.

Tokian tokiko ekitaldiak Korrika Kulturalaren egitasmoan txertatu dituzte hainbat herritan. Santurtzin, adibidez, irakurzale kluba dute gaur AEK-ko euskaltegian. Xabier Etxaniz idazlearen Waterloon galdutakoak liburuaren solasaldia baliatuko dute, besteak beste, 20. Korrika girotzeko. Berdin Bizkaiko hamaika txokotan ere: arropa salmentarako postuak, antzezlanak, hitzaldiak eta tailerrak bildu dituzte herri eta eskualdeetako egitarauetan. Atzo bertan, moda desfilea egin zuten Bilboko Biba kultur gunean.

Bertso zirkuitua Bizkaian

Tokian tokiko ekitaldiez gain, nazio mailako eskaintzak ere barreiatuko dira Bizkaiko herrietan. BertsoKorrika da horren adibide. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin elkarlanean dihardu AEK-k Korrikaren 18. ediziotik hona, Bertso Korrika egitasmoaren barnean. Helburu bikoitzarekin antolatzen dituzte ekitaldiak: euskaltegietako ikasleak bertso eskolara gerturatzeko eta zaletzeko, batetik; eta lasterketa aurreko egunak girotzeko, bestetik. Tokian tokiko bertso eskolek parte hartzen dute ekimenetan, eta herriko bertsolari gazteei kantatzeko aukera eskaintzen zaie.

Datozen asteetan, hamalau saio egingo dira Bizkaian: Algortan, Arrigorriagan, Barakaldon, Derion, Durangon, Itzubaltzetan, Galdakaon, Gernika-Lumon, Markinan, Mungian, Trapagan, Zallan eta Bilboko Deustua eta Santutxu auzoetan. Bertso zirkuituaren bidez harremanetan jarri nahi dituzte euskaltegietako ikasle eta irakasleak, bertsolari, bertsozale eta euskara elkarteak.

BertsoKorrikaz gain, bertsogintzarekin eta antzerkiarekin lotutako bestelako ekitaldiak ere antolatu ditu Korrika Kulturalak: Erradikalak gara ikuskizuna, tartean. Beatriz Egizabal antzerkilariak eta Ane Labaka bertsolariak sortu dute lana, eta Lemoan egingo dute saioa, martxoaren 10ean. Lanku Kultur Zerbitzuak enpresak estreinakoz eskainitako bertso edukien sormenerako beka irabazi zuen ikuskizunak, eta 20. Korrikako ekitaldiak aprobetxatuko dituzte lanaren hedapena egiteko.

Kepa Junkera eta Sorginak taldeko musikariek prestatutako Maletak ikuskizunarekin abiatu zen Korrika Kulturala, otsailaren 9an, Gasteizen. Eta Bizkaian ere emanaldiak egingo dituzte datorren hilean. Gernikan izango dira martxoaren 11n, eta Derion 31n. Joan den urtean Kepa Junkerak argitaratu zuen izen bereko diskoan oinarritutako ikuskizuna da Maletak. Euskal doinu tradizionalak Iberiar penintsulakoekin tartekatzen dituzte emanaldian, era berezi batean.

Jarraipenerako aplikazioa

Herri eta eskualdeetako agenda osoa eta eguneratua sakelakoetarako prestatu duten Korrika aplikazioan dago ikusgai, Android eta iOS formatuetan. Ekitaldi kulturalez gain, Korrikaren ibilbideari buruzko informazioa ere badago bertan. Eta lehiaketa bat ere bai: Korrikak irauten duen egunetan galdera bat egingo zaie, eguneko, erabiltzaileei. Denak asmatzen dituztenen artean sariak zozketatuko dituzte gero.