Larrialdia

Nerea Ibarzabal

Zurea ez den gremio batean lan egiten duen jendearekin bizitzea beti da interesgarria. Horrela ikasten da badirela beste hizpide batzuk, beste arazo batzuk —zureak baino inportanteagoak, edo ez—, beste forma bat hartzen duten injustiziak eta, zugana iritsi ez diren arren, biralak bihurtu diren beste albiste edo gertakari batzuk, lanbide horretako zirkulua aztoratu dutenak.

Nire pisukide medikuari esker jakin dut, esaterako, bere lankideek zer partekatu duten bolo-bolo joan den astean. Vocento taldeko egunkariren batean argitaratutako testu bat da, Zuzendariari gutunak atalean; paziente batek ospitale bateko larrialdi zerbitzuetan bizi izandako esperientzia kontatzen du.

Goizeko bostetan joan zen ospitalera emakumea, belauneko operazio baten zain dagoela-eta lo hartzeko arazoak dituelako. Lo galerak dakartzan arazoak ezagututa, dio berak, guardiako psikiatra edo neurologoa ikusi nahi zuen. Hala ere, horren ordez “ikasle itxurako bi neskatila gaztek” artatu zuten, “oso despitatuak ziruditenak, guardiako mediku batek izan beharko lukeenetik urruti”. Kasu egin eta berriro itxarongelara bideratu omen zuten emakumea, “ondoko gelan Guardia Zibilak ekarritako mozkor bat ia mimoz tratatzen zuten bitartean”.

Itxaronaldi luze baten ostean, hurrengo txandako beste mediku batek lotarako medikamentuak eman omen zizkion, eta etxera joan zen azkenean. Hainbat galdera egiten ditu emakumeak bere idatzian, besteak beste, ea “bi ezjakinen” eskutan utz daitekeen horrelako ardura, edo ea nola alde egin daitekeen txandatik kontsulta bat amaitu gabe.

Ez gara inor besteei gorputzarekin eta emozioekin zer egin esateko, ezta ere ospitalera noiz joan eta noiz ez agintzeko, hori argi dago, bakoitzak bere larrialdia bizi du eta hori iruditzen zaio momentuko garrantzitsuena. Baina zer pentsatua eman dit andre horrenak, eta baita pisukideak kontatutako beste zenbait anekdotak ere. Asko dio gizarte honetaz gainerakoen larrialdiak gutxiesteak eta 24 orduko guardiak egiten ari diren langile gazteak iraintzeak, norbere arazoa momentuan, orain, atoan konpondu ez dutelako. Letra larria —barka erredundantzia— non jartzen den da kontua: nire LARRIALDIA edo NIRE larrialdia.

Larrialdietan berdin dio nor iritsi den lehenengo, ez da arrandegi bat. Egia da itxaronaldiek ez luketela hain luzeak izan behar, baina batzuetan balio dute ulertzeko zenbait kontu biharamuneko kontsultan trata daitezkeela.

Emakume horren paradoxak irritxo bat atera dit, lo egiteko arazoa konpontzekotan gau osoa esna pasatu zuelako ospitalean, eta seguru biharamunean ere lokartu ezinik egongo zela, amorruaren amorruz, zuzendariari gutunean zer eta nola idatzi pentsatzen.